euskaraespañol

ARTOA ETA GARIA HOBETZEKO NAZIOARTEKO ZENTROKO (CIMMYT) IKERTZAILE NAGUSIA

Iván Ortiz: «Ongarri kimikorik gabe ez legoke nahikoa proteina populazioaren % 48rentzat»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/07

Irudia
Iván Ortiz Monasterio. Argazkia: Nuria Dehesa. UPV/EHU.

Iván Ortiz-Monasterio nekazaritza-doktore eta -ingeniaria Artoa eta Garia Hobetzeko Nazioarteko Zentroko (CIMMYT, Mexiko) ikertzaile nagusia da, eta irakasle laguntzailea da Oklahomako Estatu Unibertsitatean. Aditua da gariaren intentsifikazio jasangarrian eta laborantzan, eta haren ikerketak landareen nutrizioa eta lurzoruaren emankortasuna ditu ardatz, produktibitatea, nutrizio-kalitatea eta errentagarritasuna handitzeko eta, aldi berean, ingurumen-inpaktua murrizteko helburuarekin.

Ortiz-Monasteriok argitalpen ugari lortu ditu nazioarteko zientzia-aldizkarietan; aipagarrienak Science, PNAS eta Nature dira, besteak beste. Hain zuzen ere, PNAS aldizkariak Cozzarelli saria emango dio Ortiz-Monasterioren artikulu bati —zeinetan UPV/EHUko Landare Fisiologiako katedradun Carmen González Muruak hartu baitu parte—, aldizkari entzutetsu horretan argitaratutako 3.500 artikuluen artean nabarmendu baitute. Ortiz-Monasterio UPV/EHUn izan da oraintsu, eta “Estrategias del CIMMYT para la Adaptación y Mitigación al Cambio Climático en la Agricultura” hitzaldia eman du (Nekazaritza klima-aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko CIMMYTen estrategiak).

Nazioarteko nekazaritzan aholkulari gisa duzun esperientzia zabalaren arabera, zein da laborantzen gaur egungo egoera munduan?

Gariarekin arazo bat dugu, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerraren ondorioz sortua; izan ere, gari- eta garagar-esportazioen heren bat inguru eta artoaren bosten bat han sortzen dira. Eta guztia batzen baduzu, munduko kalorien % 11 osatzen dute gutxi gorabehera. Oso garrantzitsua da. Ukrainaren aldetik, garia ereinda dago, baina ez dakigu uzta biltzerik edo ateratzerik izango duten. Errusiari dagokionez, ez dakigu merkaturatu ahal izango duten, haiekin negoziatzeko blokeo batzuk egon baitira. Hori guztia gariarekin gaur egun dagoen ziurgabetasunaren zati garrantzitsu bat da. Herrialde batzuetan (Libanon, adibidez) kontsumitzen duten gariaren % 80 Ukrainatik dator.  Ingurune hartatik esportatzen den gariaren oso mendekoak dira herrialde batzuk. Gainera, Txinan gertatu berri dena gehitu behar zaio horri: erabat ezohiko euriteak izan zituzten ereite-garaian; ondorioz, geroago erein behar izan zen gari-eremuaren zati handi bat, eta beren historiako gari-uztarik okerrena izango dela ari dira iragartzen. Orduan, bi egoera horiek batzen ditugunean, arazo larri bat ikusten da, gari-prezioen igoeran islatu dena dagoeneko. Otsailean, 310 dolar ordaintzen ziren tona bakoitzeko, eta, orain, 450etik gora, dagoeneko.

Ongarri nitrogenaturik gabe ezin da eskala handiko nekazaritzarik izan, baina ongarri horiek oso kutsagarriak dira. Arazo bat daukagu ongarri nitrogenatuen erabilerarekin?

2015erako egindako kalkulu baten arabera, munduko populazioaren % 48k ongarri nitrogenatuak behar ditu proteina lortu behar badu. Beraz, baldin eta gaur esango bagenu nitrogeno-iturri gisa ez dugula ongarri kimiko edo ez-organiko gehiago erabiliko, ez legoke proteina nahikoa populazioaren %48rentzat. Mendekotasuna handia da oso. Eta, gainera, biztanleriak hazten jarraituko du, eskaria handituz joango da. Behar dugun proteina ekoizteko, harekin bizitzen ikasi behar dugu, baina ingurumen-inpaktua minimizatu behar dugu. Beraz, ongarriak modu eraginkorragoan erabiltzen lagunduko diguten teknologiak garatu behar ditugu. Zerealetarako, horiek kontsumitzen baitute ongarri nitrogenatuaren zatirik handiena. Gariak, artoak eta arrozak mundu mailan erabiltzen den ongarri guztiaren erdia baino gehiago kontsumitzen dute, eta kalkulatzen da, gutxi gorabehera, zereal horien mundu mailako eraginkortasuna ere % 33-35 ingurukoa dela. Bai, oso eraginkortasun txikia da. Eta, oro har, zerealetan, ongarritzearen kostua da ekoizpen-kostu nagusia.

«Mundu osoan esportatzen diren kalorien % 11 ekoizten dute Ukrainak eta Errusiak»

Horrenbestez, aukera berriak irekitzen dira, zeinetan, eraginkortasuna handituz gero, ekoizpen-kostuak nabarmen murritz baititzakegu, errentagarritasuna handitu eta ingurumen-inpaktua minimizatu. Hortxe dago nitrogenoa modu eraginkorragoan erabiltzeko aukera ematen diguten teknologiak garatzeko pizgarri garrantzitsua. Adibidez, UPV/EHUko Carmen González doktorearekin kolaborazioan lantzen ari garen BNI teknologiak (nitrifikazioaren inhibizio biologikoa).

PNAS aldizkariak saritutako artikuluan proposatu duzue nitrifikazioa biologikoki inhibitzeko gaitasunaz (BNI) hornitzea garia, transgenikoak ez diren ohiko teknologien bidez, hala ongarrien kontsumoa murrizteko, ekoizpena hobetzeko eta, hartara, berotegi-efektuko gasen emisioak eta ur kontinentalen kutsadura murrizteko. Ongarri-mota horien arazoa konpontzeko irtenbide ideala aurkitu duzue?

Arazoa hain da handia, ezen erabili beharreko tresnetako bat baino ez baita. Tresnarik egokiena ere eskualdeen ekoizpen-baldintzen araberakoa izango da. Baina, egia esan, nitrogeno-galera murrizten laguntzeko tresna garrantzitsuetako bat bada. Laborantzen maneiuari dagokionez, normalean, ongarri gutxiago erabiltzeko lau estrategiatan jartzen dugu arreta. Lehenik, dosi optimoa zein den identifikatu behar da. Bigarrenik, saiatu behar da laboreen ongarrien eskaria eskaintzarekin bat etortzea. Horrela, galera murrizten dugu. Eta, hain zuzen ere, BNI teknologia hori bigarren estrategia horretan sartzen da: nola lortu lurzoruaren eskaintzak eta laborantza-eskariak hobeto bat egin dezaten. Baina hirugarren bat ere badago, zer ongarri-forma erabiltzen dugun. Eta laugarrena, aplikatzeko modua edo tokia da.

BNI bidez hobetutako gariaren erabilera orokor batek tokiko barietateak murriztea ekar lezake?

Ez nahitaez; izan ere, hemen ereiten diren barietateek, adibidez, hobekuntza genetikoko hamarkadak dituzte, barietateak lurzoruaren eta klimaren baldintzetara egokitu dituztenak eta zuek behar duzuen kalitatea ematen dietenak. Urte asko behar izan dira dauden lekura iristeko. Ez litzateke aukera ona izango hemengo barietateak BNIa duten baina gainerako guztia ez duten barietateekin ordezkatzea. Eta, orduan, badago aukera BNIaren ezaugarri hori gaur egun erabiltzen ari zareten barietateetara transferitzeko. Beraz, ez litzateke baztertu beharko, hobetu baizik, ez besterik.

Badago estrategia idealik nekazaritza klima-aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko?

Garabidean dauden herrialdeetako nekazari txikiekin lan egiten dugu CIMMYTen, eta uste dugu nekazaritzan klima-aldaketara egokitzeko estrategia nagusia kontserbazio-nekazaritza deritzoguna erabiltzea dela. Kontserbazio-nekazaritzan lurzoruaren mugimendua minimizatzen da, labore-hondakinak gainazalean uzten dira, eta laboreak txandakatzen. Eta ikusi dugu horrek lagundu egiten duela, laborea euri-urez bakarrik elikatzen denean. Urte lehorretan, teknologia hori erabiltzen duten nekazariek askoz hezetasun handiagoa dute lurzoruan, eta ohiko laborantza erabiltzen dutenek baino errendimendu handiagoak lortzen dituzte. Bestalde, urte oso euritsuetan, lurzorua higaduragatik galtzea ere eragozten du ekoizpen-sistema horrek, hondakinez osatutako babes-geruza bat baitu. Orduan, teknologia hori ari gara Asiako, Afrikako eta Latinoamerikako ekoizle txikiei transferitzen, klima-aldaketaren baldintzetara hobeto egokitu daitezen; izan ere, horrek errendimendu altuagoak ez ezik, denboran zehar errendimendu egonkorragoak ere ematen ditu, klima-aldaketak gertatu arren.

«Zerealetan, ongarritzearen kostua da ekoizpen-kostu nagusia»

Klima-aldaketa arintzeari dagokionez, nitrogenoa modu eraginkorragoan erabiltzea dugu ardatz, nekazaritzako ongarritzea baita oxido nitrosoaren iturri nagusietako bat (berotegi-efektua eragiten duten hiru gasetako bat). Eta hortxe eragin dezakegu modu zuzenagoan, oxido nitrosoaren emisioak murrizteko. Oxido nitroso gehiago isurtzearekin lotuta dagoen ezaugarrietako bat da ongarritze-dosia optimoaren gainetik aplikatzea. Behar baino gehiago aplikatzen hasten garenean hasten dira handitzen emisio horiek, ez modu linealean, modu esponentzialean baizik. Horregatik, bada, ezaugarri garrantzitsuenetako bat da dosi optimoak identifikatzea, baina baita BNIa erabiltzea ere. Nitrogenoa amoniako-forman daukagunean, ezin da oxido nitroso gisa galdu; nitrifikatzean edo desnitrifikatzean galtzen da. Gainera, hori argi eta garbi frogatu da nitrifikazio-inhibitzaile sintetikoekin: ikusi da oxido nitrosoaren emisioak % 50 edo % 80 murrizten direla. Bestela esanda, nitrogenoa modu eraginkorragoan erabiltzea da, gure ustez, nekazaritzak klima-aldaketan izan dezakeen eragina arintzeko estrategia nagusia.

Zure ikuspegitik, zer ekarriko digu etorkizunak?

Bueno, gauza askotan bezala, etorkizuna gure esku dago. Ingurumen-aditu askok diote hamarkada hau daukagula berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak nabarmen murrizteko. Hamarkada honi pasatzen utziz gero, atzera egitea oso zaila izango den mailetara iritsiko gara. Beraz, alde batetik, helburu horiek lortzea gure esku egongo da, antolatzeko dugun ahalmenaren mende; bestetik, zientzia daukagu, eta hori da, hain zuzen ere, egiten saiatzen ari garena: berritzaileagoak izaten saiatzen ari gara, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak minimizatzeko helburu horiek berriz lortzen lagunduko diguten ideia berriak baliatuz.

Orain aurrean ditugun arazoak hain dira konplexuak, ezen oso garrantzitsua baita hainbat erakunderen eta ikertzaileren artean lankidetzan aritu ahal izatea, elkarren osagarri eta eraginkorrago izateko. Nire ustez, oso elementu garrantzitsua izango da hori aurrean ditugun arazoak konpondu ahal izateko. Lankidetza hobeak eta gehiago.