euskaraespañol

José Antonio Lozano irakaslea, Basque Center for Applied Mathematics – BCAMeko zuzendari zientifiko berria

Ikerbasquek kudeatutako nazioarteko deialdi batean aukeratu dute ikerlaria hurrengo 5 urteetan zentroa zuzendu dezan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/15

Irudia
Jose Antonio Lozano. Argazkia: BCAM

BCAMeko Batzorde Zientifikoak eta Ikerbasquek, Zientziarako Euskal Fundazioak, osatutako ebaluazio batzorde batek Jose Antonio Lozano UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakaslea Basque Center for Applied Mathematics zentroko zuzendari zientifiko izendatu du. Nazioarteko proiekzio handia izan du Ikebasquek kudeatutako deialdiak. Izan ere, Europa, Asia eta Amerikako hautagaitzak jaso ditu.  

Jose Antonio Lozanok 1991an lortu zuen Matematikan lizentziatura, eta Informatikan lizentziatura urte bat beranduago, biak Euskal Herriko Unibertsitatean. 1998an, doktorego ikasketak bukatu zituenean, irakasle titular bihurtu zen unibertsitate berean. 2009an Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Saileko katedradun bilakatu zen, 2004tik sail horreko Intelligent Systems Group ikerketa taldeko burua zelarik. Horrez gain, 2014tik BCAMen Machine Learning ikerketa lerroko zuzendaria da.

Bere ikerketaren ardatza adimen artifiziala izan da hasieratik, datuen analisia eta optimizazio konbinatoria batez ere. Eguneroko bizitzan sortzen diren arazoei erantzuna eman diezaioketen metodo eta algoritmoak garatzea da bere helburu nagusia. Bere ibilbide luzean, guztira 10.500 aipamen baino gehiago jaso dituzten ehunka artikulu argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan, 18 doktorego-tesi zuzendu ditu eta bi liburu idatzi ditu. Gainera, nazioartean lortu duen izenari esker, adimen artifizialari buruzko aldizkari garrantzitsuenen editore izendatu dute eta gai horren inguruan antolatzen diren biltzar nagusien antolatzaile. Azkenik, kontratuak zinatu ditu erakunde publiko zein pribatuekin matematika aplikatuen bitartez bizitza errealean sortutako problemak ebazteko.

Zuzendari zientifiko gisa, Lozano irakaslea BCAMen epe ertaineko eta epe luzeko estrategiaren eta ikerketa programaren arduraduna izango da, nazioartean Matematika Aplikatuen arloan zentroak duen erreferentziazko kokapena sendotuz. Kargu berrian hastean, Luis Vega Gonzalez irakasleari, zentroaren aurreko zuzendariari, eskertu dio Lozanok egindako lan “ezinhobea” eta hurrengo 5 urteetan bere motibazio nagusia “BCAM gehiago haztea eta hobetzen jarraitzea” izango dela adierazi du.

BCAM - Matematika Aplikatuen Euskal Zentroari buruz

Basque Center for Applied Mathematicshttp://www.bcamath.org 2008an Eusko Jaurlaritzaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Ikerbasqueren eskutitk sortu zen nazioarteko ikerketa zentroa da, Matematika Aplikatuan inguruan aritzen dena. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Innobasquen laguntza du baita ere. 25 herritartasunetako 90 kidek osatzen dute zentroa, datu zientzietatik modelatu matematikora doazen arloetan lan egiten dutenak. Mundu mailan euren arloan honenak diren ikerketa erakundeei Ikerketarako Estatu Agentziak ematen dien “Severo Ochoa” bereizgarria bi aldiz lortu du BCAMek.