euskaraespañol

Jose Antonio Lozanok Estatistikan aplikatutako ekarpen onenaren saria jaso du

Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Sozietateak (SEIO) eta BBVA Fundazioak ematen dute saria, Estatistika eta Ikerketa Operatiboko ikertzaile onenen lana sustatzeko

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/01/26

Irudia
Saridunak eta antolatzaileak (Jose Antonio Lozano, irudiaren eskuinaldean, lehena) | Argazkia: BBVA

Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Sozietateak (SEIO) eta BBVA Fundazioak ematen dituzten sariak banatzeko ekitaldia egin da. Sarien helburua Estatistika eta Ikerketa Operatiboko ikertzaile onenen lana sustatzea da eta bi zientzia-eremu horien garrantzia gizarteari ezagutaraztea, gaur egun oraindik ere oso ezezagunak baitira.

UPV/EHUko Informatika Fakultateko Konputazio eta Adimen Artifizialaren Zientzietako katedradun eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroko zuzendari Jose Antonio Lozanok, BCAMeko Verónica Álvarez Castro eta Santiago Mazuelas Franco ikertzaileekin batera, Estatistikan aplikatutako ekarpen onenaren saria jaso zuen ‘Probabilistic Load Forecasting Based on Adaptative Online Learning’ (Karga-pronostiko probabilistikoa, online egokitze-ikaskuntzan oinarritua) artikuluagatik (Transactions on Power Systems, IEEE). Lan honek “elektrizitate-eskariaren aurreikuspenen zehaztasunean eta fidagarritasunean hobekuntza nabarmena adierazten du, eta hori gero eta garrantzitsuagoa da klima-aldaketaren eta energia-ekoizpenaren kostu gero eta handiagoaren ondorioz.”