euskaraespañol

Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionaleko (CNRS) Kontseilu Zientifikoko kide izendatu dute José M. Asua irakaslea

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/18

Irudia
Jose M. Asua: Argazkia: UPV/EHU

CNRS Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionaleko Kontseilu Zientifikoko kide izendatu dute José M. Asua, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko irakaslea eta Basque Center for Macromolecular Design and Engineering bikaintasuneko ikerketa zentroko zuzendari zientifikoa (POLYMAT Fundazioa). “Harro nago munduan hain entzutetsua eta garrantzitsua den erakunde bateko batzorde zientifikoan parte hartzeaz”, esan du ikertzaileak.

José M. Asua Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoko katedraduna ez ezik, Basque Center for Macromolecular Design and Engineering (POLYMAT Fundazioa) bikaintasuneko ikerketa zentroko zuzendari zientifikoa ere bada. Erakunde horren helburua da polimeroak ikertzea, teknologiak garatzeko XXI. mendeko erronkei aurre egite aldera (energia, osasuna eta jasangarritasuna, kasu). Kimikan lizentziaduna da Bilboko Unibertsitatean, eta doktore, Zaragozako eta Liejako unibertsitateetan (Belgika). Urte sabatikoak eman zituen Lehigheko Unibertsitatean (AEB) Fulbright beka batekin, eta Waterlooko Unibertsitatean (Kanada), irakasle bisitari gisa. Halaber, irakasle bisitaria izan da Lovainako Unibertsitate Katolikoan (Belgika) eta Dortmundeko Unibertsitatean (Alemania).

Bere lana funtsezko ikerketan oinarritu du, inspirazio iturri harturik industrialki garrantzitsuak diren sistema multifasikoetan polimerizazioaren aplikazioa. Arreta berezia jartzen dio polimeroen dispertsio urtsuen produkzioari, hainbat aplikazioetarako, adibidez, estalduretarako, itsasgarrietarako, eraikuntzako materialetarako, ehunetarako eta hondakin-uren tratamendurako.

Asua irakaslea editore elkartua izan da Polymer Reaction Engineering lanean, eta argitalpen-batzordeetako kide, Chem. Eng. J., Macromol. Mater. Eng. eta Macromol. React. argitalpenetan. Zenbait sari lortu ditu, hain zuzen ere: Berrikuntza Teknologikoaren Rhone-Poulenc saria (1992), Ikerketaren Euskadi saria (2005), Sevillako Unibertsitatearen eta García-Cabrerizo Fundazioaren “Martínez Moreno irakaslea” Kimika Aplikatuko Asmakuntza eta Ikerketaren saria (2015) eta Kimikako Espainiako Errege Sozietateko Ikerketa Bikaintasunaren Saria (2017). Asua irakasleak ahalegin handia egin du Unibertsitateak industriekin dituen harremanak sendotzeko. 35 industria-proiektu baino gehiago gainbegiratu ditu, eta hainbat enpresatako aholkularia da Europan eta Estatu Batuetan. Polimeroen industriei ikerketa-zerbitzu integralak eskaintzen dizkien Material Polimerikoen Institutuko (POLYMAT) sortzailea da, eta hamabi urtez zuzendaria ere izan zen. “Industrial Liaison Program on Polymerization in Dispersed Media” egitasmoa jarri zuen abian, zeinak kide baititu munduko produktore nagusietako batzuk (Akzo Nobel, Allnex, Arkema, Asian Paints, BASF, DSM, Inovyn, Stahl, Synthomer, Tesa, Vinavil edota Wacker).