euskaraespañol

Josu Rekalde Esther Ferrer artistaren sorkuntza lanari buruzko dokumentala amaitzen ari da

Arte Ederretako irakaslearen proiektuak BBVAren Multiverso beka jaso du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/22

Irudia
Esther Ferrer Josu Rekalde eta filmeko beste arduradunak Azpeitiko trenaren museoan.

Albiste hau dokumentatzen duten bi argazkien artean 41 urteko aldea dago, eta biek dute protagonista bera. Lehen argazkia 1978koa da, Bolonian (Italia) ateratakoa. Esther Ferrer artistak “Denbora hariak” izeneko ekintza artistikoa egin zuen hiru egunez tren bagoi batean.  Ekimena “John Cagen trena. Galdutako isiltasunaren bila” ekintzaren parte zen. Ekintza kolektibo hori John Cage artistak zuzendu zuen, eta Zaj taldeko Ferrerren kideek ere parte hartu zuten; hots, Juan Hidalgok eta Walter Marchettik. Bagoiko espazioak hariz josi zituzten, eta deborarekin eta horren irudikapenarekin erlazionatzen den ibilbide bat marraztu.

Bigarren argazkian Esther Ferrer Josu Rekalde, Bego Vicario, Raul Ibañez, Inés eta Ángelarekin dago beste tren batean, beste bagoi batean, baina hari berari tiraka, lau hamarkada geroago.

1978ko lanetik abiatuta, Josu Rekaldek, Bego Vicario, Raúl Ibañez, Patxi Azpillaga eta Marta Machorekin batera, lan hori birsortu du Esther Ferrerren sormenezko jarduera errepasatzen duen dokumental batean. Honako honetan, Azpeitiko Burdinbidearen Museoko trenetako bateko bagoi bat zeharkatzen dute hariek. “Museoak eta horren zuzendariak beso zabalik hartu gaituzte, eta Italiako 1978ko tren haren oso erreplika fidela aurkitu dugu”, Josu Rekalde errealizadore eta Arte Ederren Fakultateko irakasleak esan duenez.

Haren hitzetan, “proiektu honek zentzu handia du; izan ere, aspaldiko harremana dugu Esther Ferrerrekin, 1983an fakultatera lehen aldiz etorri zenetik. 2008an arte plastikoetako sari nazionala jaso baino lehen jada erreferentea zen guretzat.” Hori izan da dokumental hau egiteko motibazio nagusia: “bere irudiari gorazarre egin diogu, bere sormenezko ibilbidearen bidez”, Rekaldek azaldu duenez. 

Abiapuntu ona

Proiektu honek BBVAren Multiverso beka jaso du. Bideosorkuntzari laguntzeko programa bat da, eta bekadunek beren lanerako eta ondoriozko obrak hedatzeko laguntza jasotzen dute.

Rekalderentzat oso garrantzitsua da saria: “oso aintzatespen garrantzitsua da; lan asko aurkeztu dira eta 10 baino ez dituzte aukeratu; tartean, gurea. Beka, beraz, dokumental hau egiteko funtsezko abiapuntua izan da”.

Multiverso bekak ematen duen diru laguntzak grabatzeko askatasuna eman die eta ordu asko bildu dituzten arren oraindik Esther Ferreren etxean filmatzea falta zaie. Dokumentalean sartuko dutena aukeratzea “izango da ziurrenik proiektuaren gauzarik zailena” onartu du Rekaldek.