Euskal Herriko pentsamenduaren hamabost mendetako historia aztertu du Joxe Azurmendik bere liburu berrian

Erdi Arotik XX. mende hasiera arteko euskal pentsamendua jasotzen du liburuak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/08

Joxe Azurmendi. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Euskal Herriko pentsamenduaren eta eskolen historia arakatzen urteak eman ditu Joxe Azurmendi pentsalariak (Zegama, 1941), han-hemen argitaratutakoa batzen eta aztertzen, eta lan eskerga horren emaitza da Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten duen UPV/EHUko Joxe Azurmendi Katedraren eta Jakinen elkarlanari esker argitaratu berri den Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Eskolaren eta gogoetaren lana gizaldiz gizaldi liburua.

Erdi Aroan hasi eta XX. mende hasiera arteko pentsalariak eta eskolak aztertu ditu Azurmendik. Liburu argigarria, Antonio Casado da Rocha UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Hedakuntza zuzendariaren hitzetan: “Badago ezagutzen ez den euskal pentsamendua, eta liburu honek hutsune garrantzitsu bat betetzen du”. Bat dator Lorea Agirre Jakineko zuendaria, “lehen aldiz, Euskal Herrian azken hamabost mendeetan izan diren pentsalarien bilduma egin du Azurmendik”.

Ur-jauzia bilduma berriaren lehen zenbakia da Azurmendiren argitalpena; bilduma ere Jakinen eta Katedraren elkarlanaren emaitza da, eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du. Jada salgai dago.

Euskal pentsamenduaren ‘entziklopedia’

«Azurmendik hamarkadatan zehar taxututako ikerlan aitzindaria dugu esku artean: euskal pentsamenduaren entziklopedia, azken buruan», azaldu du Xabier Eizagirre Jakineko erredakzio buruak eta liburuaren prestatzaileak. «Euskal ekoizpen intelektualaren historia sistematikoaren ernamuina aurkezten du Azurmendik; ehunka eta ehunka pentsalari eta idazle, jakitate esparru guztietan barna: filosofia, politika, zientzia, teknika, historia, zuzenbidea, artea, gizartea, kultura, hizkuntza, medikuntza, ekonomia, literatura, erlijioa… Eta ekoizpen horren garaian garaiko testuinguru historiko, sozial eta kulturala argitzen ere arreta berezia jarriz».

Hain zuzen ere, bost atal historiko nagusitan banatuta dator: Erdi Aroaren hastapenak, Erdi Aroa, Aro Modernoa, Ilustrazioa eta XIX. mendea; XX. mendearen sarreran kokatzen gaitu liburuaren azken atalak, sozialismoaren eta abertzaletasunaren hastapenean.

Liburu honek «gureaz hausnartzen jarraitzeko» abagunea eskaintzen digula azpimarratu du Iñaki Zabaleta Gorrotxategik, Pentsamendu Garaikidearen Joxe Azurmendi Katedra proiektuaren koordinatzaileak. «Nazioartekoari hainbeste begiratzen zaion honetan, ezin dugu ahaztu hemen, gurean bertan, nazioarte mailako pentsalari bat dugula [Joxe Azurmendi], zeinek ezin dion ‘etxeko’ izateari utzi –hori garbi du berak–; eta hamaika konparaketa eta hausnarketaren ondoren, bada, euskaldunak guztiz normalak garela erakusten digu, bestelakoen antzeko bertute eta bizio guztiekin». Horregatik, «funtsean, eta ez bakarrik hemen, argi eta garbi erakusten digu berak honakoa: ezinezkoa da ‘gurea’ izatea nahi dugun etorkizun bat irudikatzea –horrek suposatzen duen guztiarekin– orain artean ‘gurea’ zer izan den ezagutu gabe”. Horregatik da hain garrantzitsua Joxe Azurmendiren liburua zein obra, Zabaletaren ustez.

Ur-jauzia bildumaz

Lankidetza berri baten fruitua da liburua, UPV/EHUko Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakin Fundazioak koedizioan argitaratu baitute. Izan ere, elkarlan horren lehen urratsa 2019ko abenduan egin zen Joxe Azurmendiren pentsamenduari eskainitako kongresuarekin. Bigarren urratsa, berriz, euskal pentsamenduaren sustatzaile izan nahi duen Ur-jauzia bilduma berria da.

«Ur-jauzia Azurmendik berak pentsamenduaren zabalkundea eta eztabaidaren sozializazioa adierazteko erabiltzen duen metafora bat da», argitu du Lorea Agirrek. «Horregatik bildumaren izena. Hain zuzen, horixe da bai liburuaren eta bai katedraren eta Jakinen azken helburua: euskal pentsamendua ezagutzera ematea eta gaurko eta etorkizuneko pentsamendua, kultura eta iruditeria kolektiboa euskaraz eta euskaratik pentsatzen jarraitzeko baliabide berriak plazan jartzea».

Euskaraz egiten den pentsamenduarekin UPV/EHUk duen konpromisoaren isla ere bada bilduma eta katedra bera, Casadoren hitzetan. «Helburu nagusiak dira euskal pentsamendua garatzea, gaurko eta etorkizuneko ikertzaileak abiatzeko euskarazko tresnak sustatuz, eta Joxe Azurmendiren obra eta ekarpena landu eta transmisio bidean jartzea».

Ezinbestekoa dena, Iñaki Zabaletarentzat. «Altxor baten parekoa da Joxeren obra, bai, baina oraindik ez da behar bezala aztertu eta merezi bezainbeste ustiatu. Izan ere, kontua ez da hori behatzea eta erlikia gisa gurtzea –ezta horren egilea jainkotzea ere–, baizik eta hori dena lantzea eta guretzea». Izan ere, Joxe Azurmendiren obra oparoa bezain sakona da: 40 liburu eta 500 artikulu baino gehiago ditu argitaratuak. Eta bere jardunaren hastapenetik izan du Euskal Herriari baliagarri izango zaizkion ideien argibiderako eta zabalkunderako xedea. «Joxeren obra osoa Euskal Herriarekiko bere konpromisoaren emaitza da –bera aktibista bat da, euskal hizkuntzaren, kulturaren eta pentsamenduaren aktibista bat–, eta egiazko intelektual gisa gure herriak nora joan behar duen irudikatzen laguntzen digu».

Online solasaldia Azurmendiz eta kulturaz

COVID-19ak moldatu duen egungo egoerari buruz eta kulturan izan duen eraginaz hausnatzeko sareko hitzaldi zikloa antolatu du UPV/EHUk. Ziklo horren baitan kokatzen da asteazkenean, ekainaren 10ean, Lorea Agirre, Xabier Eizagirre, Antonio Casado eta Iñaki Zabaletak eskainiko duten solasaldia: “euskal pentsamenduaren iragana, oraina eta etorkizuna eztabaidatu nahi dugu Joxe Azurmendiren liburuaren haritik tiraka”.

Hitzordua 19:00etan izango da UPV/EHUren online plataforman. Hemen xehetasunak:

www.ehu.eus/eu/-/xxxlx-x-e-orkizuna-eta-kultu-ari-uruzko-elkri-ke-ak-kr1s1al-i-gara1an