Joxe Azurmendi: Euskal pentsamenduaren ur-jauzia

Euskal filosofo honen pentsamendua ezagutzeko eta ezagutzera emateko Kongresua antolatu dute UPV/EHUk eta JAKINek

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/24

Joxe Azurmendi. Argazkia: Ikor Kotx

"Sinesten dudalako ur-jauzi sisteman", hala esan zuen behin Joxe Azurmendik bere saiakeren zergatiaz galdetuta. «Nire ideiak norbaitek irakurtzen ditu, eta bere ideiak martxan jartzen dira. Horrek ez du beste saiakera bat idatziko, baizik nobela bat idatziko du. Orduan, ideia hauek ur-jauzi modura iritsi egiten dira iritsi behar duten tokira. Hau da nire esperantza behintzat.»

Esperantza horrekin Joxe Azurmendik idatziak ditu 40 liburu eta 500 artikulu inguru, azken mende erdiko Euskal Herriaren eta mundu aldakorraren lekukotza direnak. Bere obrak gizaberearen, kulturaren, nazioaren, pentsamendu sozialaren, filosofiaren historiaren, poesiaren, erlijioaren... esparruak bustitzen ditu eta erreferentzia dira euskarazko pentsamenduan.

Pentsamendu askea, basatia ere zenbaitetan, zorrotza eta eruditoa, zabala eta ulerkorra. Euskaraz egin du filosofia Joxe Azurmendik eta, darabilen euskara landuaz, euskarari ireki dizkio filosofia jasoaren bideak.

Ur-jauziaren emaria biderka dadin, UPV/EHUren eta JAKINen elkarlanetik, 'JOXE AZURMENDI. EUSKAL PENTSAMENDUAREN UR-JAUZIA' kongresua sortu da abenduaren 11tik 13ra, Donostiako San Telmo Museoan egingo dena.

Joxe Azurmendiren ekarpenak euskal pentsamenduan izan duen eragina jasotzea eta lantzea helburu du Kongresuak. Azurmendiren pentsamenduak euskal kulturan izan duen eraginaren aitortza eta filosofo gisa euskal pentsalari, idazle, irakasle eta ikasleen artean duen erreferentzia eta ezagutza handitzea dira Kongresuaren beste xede batzuk. Horregatik, publikoari guztiz irekia izango da eta nahi duen oro bertaratu ahal izango da  hitzaldiak entzutera. Kongresu honen anbizioa da Joxe Azurmendiren pentsamenduaren irismen zabalari eustea, bai gai aldetik bai eraginaren aldetik ere. Orain arte 30 hizlari gonbidatuk konfirmatu dute euren partehartzea; Lorea Agirre, Miren Azkarate, Agnes Cugno, Victor Gomez-Pin, Joseba Zulaika, hurrenez hurren.

Ekarpenak, irailaren 30a aurretik

Kongresu honek esparru horietako arituak, adituak eta hasiberriak gonbidatu nahi ditu Azurmendik ekarritako urek martxan jarri dizkieten ideiak mahai-inguruan partekatzera. Izan literatur idazle, akademiko edo irakurle interesatu, izan obra goitik behera ezagun dutenak zein oraintxe hurbildutakoak, ekarpen mota guztiek tokia izatea da kongresuaren antolatzaileen asmoa. Horregatik, euskal pentsalari, idazle, ikerlari zein ikasle gonbidatuak daude euren ekarpen proposamenak egitera, datorren irailaren 30a baino lehen.

Kongresuaren informazio guztia

Bidalitako proposamenak honako gidalerro orokor hauetako baten inguruan kokatzea eskatzen da:

LERROA: Hizkuntzaren eta kulturaren filosofia
LERROA: Gizaberea
LERROA: Naziogintza eta estatugintza
LERROA: Gogoeta etikoak
LERROA: Pentsamendu soziala eta kooperatibismoa
LERROA: Euskal pentsamenduaren erreferenteak, historia eta transmisioa