Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Saria

Aizpea de Atxa, UPV/EHUko Arte Ederretako ikaslea eta artista nafarraren “InpostuRA” performance lana ere gailendu da Gazte Sariaren lehenengo edizioan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/09

Juan Ignacio Pérez. Argazkia: UPV/EHU

Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak aditzera eman dute gaur Donostian Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariaren 2019ko epaia, ohiko modalitatean zein gazteei zuzendutako aparteko deialdian.

Sariaren 25. edizio honetan Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eskuratu du. Hala ebatzi du sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko sei unibertsitateetako ordezkariek, eta Eusko Ikaskuntza eta LABORAL Kutxako ordezkariek. “Zorroztasun akademikotik eta zientzia arlo guztien ezagutza zabaletik abiatuta, euskal gizartean kultura zientifikoa sustatu du. Euskal unibertsitatea gizartera gerturatu du, ezagutza maila areagotuz eta begirada kritikoa garatuz”, azpimarratu du epaimahaiak.

“Euskal Herriko Unibertsitatearentzat, eta niretzat bereziki, oso pozgarria da egunero gure erakundeari bizitza ematen dioten pertsonen lana eta esfortzua aitortzea. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek biologo legez animalien fisiologiari egin dizkion ekarpenak; herri honetako unibertsitate publikoari errektore ohi legez egin dizkionak; eta zientziaren dibulgazioari eta zabalkuntzari egin dion ekarria, gure Kultura Zientifikoaren Katedraren zuzendari legez, oso handia da. Aizpea de Atxa ere zoriondu nahi dut, gure unibertsitateko ikaslea, Gazte Saria kategorian jaso duen aitortzagatik. Belaunaldi berrien sormenezko lana sustatzea da sari berri honen xedea, eta artista gazte honen proiektua, kalitate handia izateaz gain, berritzailea da eta gaurkotasun handiko gai bati heltzen dio”, azpimarratu du Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak.

Juan Ignacio Pérez-en ibilbide profesionala UPV/EHUri lotuta dago. 1985ean hasi zen ikertzaile eta irakasle fisiologiaren arloan, eta, 1999az geroztik, katedraduna da; halaber, 1998 eta 2009 bitartean hainbat kargu garrantzitsu izan ditu UPV/EHUn. 2004tik 2008ra, adibidez, errektorea izan zen.

Bere ekarpenetako bat izan da unibertsitatean euskararen erabilera sustatzea. Halaber, Jakiunde elkartearen Jakin-mina programaren koordinatzaile eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria izanik, ezagutzak ugaritzeko eta zabaltzeko bideratu zituen ekintzak. Berak egindako lanari esker, aipatutako katedrak Espainia mailan arlo horretan dagoen saririk garrantzitsuena eskuratu zuen 2014an, alegia, PRISMAS saria, dibulgazio zientifikoa aintzatesten duena.

Azkenik, komunikabideetan egindako lana aipatu behar da, hedapen zientifikoa sustatzeko espazioetan, bai eta baliabide digitaletan egindako ekarpena ere; izan ere, bere espezializazio-arloan sakondu du, eta ezagutzen dibulgazio sozial zientifikoa bultzatu.

Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria 1995ean Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak abian jarri zuten, alor horietan jardueran dauden pertsona ospetsuen bikaintasuna nabarmentzeko; bere obra osoaren bidez Euskal Herriko kultur garapenari modu eraginkorrean laguntzen dioten curriculum nabarmenenak saritzeko helburuz.  20.000 euroko ordainsariarekin lagunduta dago.

“Poztasun handia da une honetan sentitzen dudana, baina dimentsio interesgarriago bat dago aitorpen honetan: nik uste epaimahaiak ulertu duela kulturak, kulturaren garapenak, kultura zientifikoa barne hartzen duela; hots, giza jakintzaren alderdi erabakigarria dela, zeinaren zabalkundeak denbora asko hartu didan azken urteetan. Kultura zientifikoa giza kulturaren alderdi funtsezkoa da eta nik zuzentzen dudan katedra errealitate hori sustatzera bideratuta dago maila guztietan. Horren harira, UPV/EHUri eta Bizkaiko Aldundiari eskerrak eman nahi dizkiet bere garaian katedraren sorkuntzak suposatu zuen apustuagatik, Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari eman diguten babesagatik, eta, nola ez, lan honetan elkarlanean eskuzabalki  gurekin aritu diren zientzialari guztiei. Labur esanda, nire poztasuna eta esker ona adieraztea baino ez zait gelditzen”, azaldu du Juan Ignacio Pérez Iglesiasek.

Eusko Ikaskuntza-LABORAL KUTXA Gazte saria

Aizpea de Atxa, UPV/EHUko Arte Ederretako ikaslea eta artista nafarraren “InpostuRA” performance lana gailendu da Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxa Gazte Sariaren lehenengo edizioan. 35 urte baino gutxiagoko gazte banakoen edota taldeen jarduna bultzatzea xede duen sariak 6.000 eurotako ordainsaria banatzen dio proiektu irabazleari eta 2019-2020ko epealdian gauzatu beharra dago. “Publizitateak eta sare sozialek gidatzen duten gizartean sortzen digun irudia bihurtu da gure buruhausterik handiena. Honen inguruko hausnarketetan eta desegite-praktikan oinarritutako proiektua da InpostuRA”, azaltzen du De Atxak. Epaimahaiaren aburuz, proposamen irabazleak “geure buruari sarritan egiten diogun 'Nor naiz?' galderaren inguruko hausnarketa modu dinamiko, interaktibo eta berritzaile batean planteatzen du”.

Aizpea de Atxak 21 urte ditu eta Arte graduko 3. mailako ikaslea da. 2018an Nafarroako Arte Gazte Topaketetan 2. saria eskuratu zuen Gorputzak lanarekin, eta urtebete lehenago aukeratua izan zen horietan ere.

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS (Salamanca, 1960)

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisiologia Fakultateko Katedraduna, bertan, Zientzia Kulturako Katedra zuzentzen du.

1982an UPV/EHUren Zientzietan (Biologikoak) Lizentziaduna, 1986an doktoradutza lortu zuen. Bere ibilbidean uztartu egin ditu unibertsitate kudeaketa, kultur zientziaren sustapena eta zientzia-gizarte harremanen azterketa eta zientzia garapenaren inplikazioak gizartean. Ikerketa proiektu anitzetan parte hartu du, horietako zenbaitetan ikerlari nagusi gisa.

UPV/EHUko Euskara Errektoreorde 1997ko ekainetik 2000ko otsailera, Errektore izan zen 2004ko maiatzetik 2009ko urtarrilera.

Eusko Jaurlaritzako Euskara Aholku Kontseiluko kide (2000-2002) da eta Unibertsitate Koordinazioko Kontseiluko kide (20002-2004) izan zen.

Jakiundeko (Zientzia, Arte eta Letren Akademia) kide da, FECyT Zientzia eta Teknologia Kontseilukoa eta UPV/EHUko Udako Ikastaroetako Fundazioko Patronatukoa. DIPCeko kide eta naukas.com guneko kolaboratzaile ere bada.

35 artikulu egin ditu animalia biologia eta itsas biologia alorreko prestigio eta zabalkunde handiko zientzia aldizkarietan. Beste egile zenbaitekin batera, unibertsitate sistemen inguruko bi libururen eta animalien biologiari buruzko liburu baten egile da. Zientzia dibulgazioan aritzen da komunikabideetan (Internet, irratia eta telebista).