Jupiterko Orban Gorri Handiko fenomeno meteorologikoen barietate aberatsa eman dute jakitera

UPV/EHUko katedradun Agustín Sánchez Lavegak zuzentzen du NASAren Juno misio espazialak lortutako irudiekin egin den azterlana

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/19

2010ean Jupiterren gertatutako inpaktu batek eragin zuen flash distiratsua. Kreditua: Anthony Wesley

UPV/EHUko Fisikako katedradun den eta 2016ko Ikerkuntzako Euskadi Saria lortu duen Agustín Sánchez Lavegak zuzendutako nazioarteko ikertzaile talde baten ikerketa lan batek agerian utzi du Orbanaren barruko fenomeno atmosferikoak askotarikoak direla. Fenomeno horiek Orbanaren kanpoaldean orduko 450 km inguruko abiaduran dabiltzan haize bortitzek eragiten dituzte.

Lana Astronomical Journal aldizkariak argitaratu du, eta Amerikako Astronomia Elkarteak nabarmendutako albisteetan txertatzeko hautatu du. Jupiterko Orban Gorri Handia urte asko dituen 20.000 km-ko zurrunbilo obalatu itzel bat da, eta eguzki sistemako fenomeno atmosferikorik ezagunena izango da seguruenik. Adierazitako azterlanaren arabera, amoniako lurrunaren kondentsazioak eragindako ekaitz kumuluak ditu mordokatuta, hau da, Lurrean haizeak mendien gailurrean jotzen duenean sortzen direnen antzeko grabitate uhin estuak. Erdialdean, ordea, baretasuna da nagusi, eta hodeiak kontrako noranzkoan mugitzen dira, orduko 25 km-ko abiaduran gehienez.

 “Fenomeno horiek Orbaneko hodei sabaia osatzen duen 50 km inguruko lodierako geruza mehe batean baino ez dira gertatzen, eta Orbana berak seguruenik ehunka kilometro batzuetan jarraitzen du sakoneran”, adierazi dute ikertzaileek, JunoCam kamerak Orban Gorri Handiaren ingurutik igarotzean hartutako irudietan oinarrituta. Fenomeno horren inguruko alderdi horiek eta beste batzuk izango dira Juno misioak datozen urteetan egingo dituen ikerketen jomugak.

Orban Gorri Handia duela 150 urte inguru aurkitu zuten. Teleskopiotik begiratuta, kolore gorrizta nabarmentzen da planetako gainerako hodei zuri, horizta eta okreen aldean. Fenomeno horri buruz azterlan asko eta asko egin badira ere, oraindik erronka handia da meteorologo planetarioentzat.

NASA erakundeak Jupiterko atmosfera sakona, barnealdea eta eremu magnetiko konplexua aztertzeko asmoz bidali zuen Juno misio espaziala 2016an sartu zen orbitan. Barruan daramatzan tresna zientifikoen artean, JunoCam izeneko kamera dago, eta planetako irudiak hartzea du helburu, zabalkunde lanetarako eta herritarrek zientzian parte har dezaten sustatzeko. Jupiterren ingurutik bidalitako lehen irudiek iradoki zutenez, kamerak zientzian erabiltzeko ahalmen handia dauka, atmosferaren 7 km inguruko xehetasunak erakutsi baitzituen (ordura arte, inoiz ez zen halako bereizmenik lortu).

Bolidoen inpaktuak Jupiterren

Halaber, Ricardo Huesok zuzendutako Zientzia Planetarioen Taldearen beste lan batean, mundu osoko astronomo afizionatuek azken urteetan Jupiterko atmosferan detektatutako bolidoen inpaktuei buruzko azterketa bat aurkeztu da. 2010etik 2017ra bitarte, 5-20 m-ko tamainako gorputzek eragindako segundo 1eko 5 argi flash hartu ziren. Kalkuluen arabera, tamaina horretako 10-65 inpaktu inguru gertatzen dira urtean Jupiterren, oso laburrak direnez gero detektatzea oso zaila bada ere. Nature aldizkariak lan horren berri eman zuen joan den urriaren 4an, Research Highlight atalean. Nature Research Highlight, erreferentziak:

 https://www.nature.com/articles/d41586-018-06851-x

R. Hueso, M. Delcroix, A. Sánchez-Lavega, S. Pedranghelu, G. Kernbauer, J. McKeon, A. Fleckstein, A. Wesley, J.M. Gómez-Forrellad, J.F. Rojas, and J. Juaristi, “Small impacts on the Giant planet Jupiter”, Astronomy and Astrophysics, 617, A68 (2018).

 

 

 

Erreferentzia bibliografikoa