euskaraespañol

Kannabinoideek eragin terapeutikoak edo kaltegarriak dituzte, aktibatzen duten zelula-eskualdearen arabera

Edgar Soria-Gómez UPV/EHUko Ikerbasque ikertzailearen lana, 1 motako errezeptore kannabinoideekin (CB<sub>1</sub>) lotutako mekanismo molekularrak ulertzeko bidean aurrera.

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/09

Kannabinoideak
Nagore Puente, Edgar Soria-Gómez, Itziar Bonilla Del Río eta Pedro Grandes. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Mundu osoan gero eta gehiago erabiltzen dira konposatu kannabinoideak aisian eta terapia gisa. Hala ere, albo-ondorio garrantzitsuak dituztenez, besteak beste, narriadura kognitiboa eta disfuntzio motorrak, eztabaida handia dago bai aisian kontsumitzeko segurtasunari dagokionez bai droga horien medikuntzako ustiapenari dagokionez -adibidez, ingurune klinikoetan minarekiko sentikortasuna kontrolatzea-.

Kannabinoideek eragindako ondorio terapeutiko eta kaltegarrien mekanismoak ulertzea, beraz, funtsezkoa da konposatu horiek segurtasun handiagoz erabiltzeko. Hala, jakina da cannabis sativa (marihuana) landarearen konposatu psikoaktibo nagusia delta-9 tetrahidrokannabinola edo THCa dela, eta garunean 1 motako errezeptore kannabinoideak aktibatuz jarduten duela batez ere. Jakina da, halaber, CB1 errezeptorearen aktibazio farmakologikoak esperimentazio-animalien kontrol motorrari eragiten diola, eta, gizakietan, kalamua kontsumitzearekin lotutako zirkulazio-istripuen eragile nagusia efektu kataleptikoak direla.

Hala ere, alde batetik, CB1 errezeptorea oso banatuta dago garun osoan eta askotariko zelula-konpartimentutan, eta, bestetik, ez dira oso ezagunak atzean dituen prozesu molekular eta zelular espezifikoak. Bi eremu horiek argitzera dator ikerketa hau.

Izan ere, agerian geratu da kannabinoideek eragindako CB1 errezeptoreen aktibazioa mitokondrian gertatzen bada efektu kataleptikoak gertatzen direla; aldiz, mintz plasmatikoko CB1 errezeptoreak estimulatzen badira, minarekiko sentikortasuna murrizten da. Eta bi kasuetan, prozesua gertatzen da nukleo ildaskatuak eta substantzia beltzak osatutako garun-zirkuituko (zirkuitu estriatonigraleko) bide molekular espezifikoak erregulatuz.

Beraz, emaitza horiek kannabinoideen ekintza eragiten duten mekanismo zelular berriak azaldu dituzte, baina, aldi berean, esparru kontzeptual berri bat jarri dute neurozientzien mahai gainean. “Antzina uste zen nortasun-ezaugarriak garezurraren formaren araberakoak zirela; gero ezarri zen garun-egiturak beren funtzio espezifikoez arduratzen zirela; eta, berriki, fokua jarri da neurona-zirkuituek portaeraren arduradun gisa nola jarduten duten ikertzen. Ikerketa honetan, urrats bat egin dugu aurrera, erakutsi baitugu proteina batek (kasu honetan, CB1 errezeptoreak) portaera desberdinak modulatzen dituela garun-zirkuitu beraren barneko (zirkuitu estriatonigraleko) zeluletako toki batean edo bestean (mitokondrian vs mintz plasmatikoan). Hau da, portaeraren kontrolaren espezifikotasun subzelular bat aurkitu dugu”, erantsi du ikertzaileak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen, Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroaren, Bordeleko Unibertsitatearen eta Kanadako erakunde batzuen arteko lankidetza sendoari esker egin da ikerketa hau, zenbait urtez. Soria-Gómez Euskal Herriko Unibertsitateko Neurozientziak Saileko katedradun Pedro Grandesen lantaldean ari da lanean gaur egun, baina doktoratu osteko garaian abiarazi zuen ikerlan hau Bordeleko Unibertsitateko Giovanni Marsicano doktorearen laborategian. UPV/EHUren aldetik, Soria-Gómez eta Grandesez gain, ikerketan parte hartu dute Farmakologia Saileko Luis F. Calladok eta Carolina Muguruzak eta Neurozientziak Saileko Itziar Bonilla del Ríok eta Nagore Puentek.

 

 

Erreferentzia bibliografikoa

  • Edgar Soria-Gomez; Antonio C. Pagano Zottola; Yamuna Mariani; Tifany Desprez; Massimo Barresi; Itziar Bonilla-del Río; Carolina Muguruza; Morgane Le Bon-Jego; Francisca Julio-Kalajzić; Robyn Flynn; Geoffrey Terral; Ignacio Fernández-Moncada; Laurie M. Robin; José F. Oliveira da Cruz; Simone Corinti; Yasmine Ould Amer; Julia Goncalves; Marjorie Varilh; Astrid Cannich; Bastien Redon; Zhe Zhao; Thierry Lesté-Lasserre; Peggy Vincent; Tarson Tolentino-Cortes;Arnau Busquets-García; Nagore Puente; Jaideep S. Bains; Etienne Hebert-Chatelain; Gabriel Barreda-Gómez; Francis Chaouloff; Alexander W. Lohman; Luis F.Callado; Pedro Grandes; Jerome Baufreton; Giovanni Marsicano; Luigi Bellocchio
  • Subcellular specificity of cannabinoid effects in striatonigral circuits
  • Neuron
  • DOI: 10.1016/j.neuron.2021.03.007