euskaraespañol

‘Khuruf’ filmatu du Kepa Sojok

Bere zazpigarren film laburra egin du UPV/EHUko irakasle eta zine zuzendariak

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/15

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta zine zuzendari Kepa Sojok bere zazpigarren film laburra egin du Araban. 2017ko Gijoneko Nazioarteko Zinemaldian Movistar+ Saria lortu zuen proiektua da ‘Khuruf’, ehunetik gora proiekturen artean hautatua eta, zinemaldi horretako 2018ko edizioan estreinatuko dena; sariaren parte da estreinaldia. Gainera, filma Movistar+en emango da aurtengo azaroaren ondoren.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru-laguntza jaso duen pelikula honek jatorriz Magrebekoa den familia baten istorioa kontatzen digu; Gasteizen bizi da familia, eta misteriozko bidaia bati ekingo dio Frantziara. Thriller sozial moduan dago kontatua, nahiz eta komedia ukitua ere baduen.

‘Khuruf’-en berezitasuna hauxe da, dariyaz (Marokoko arabiera) eta gaztelaniaz grabatu da. Hizkuntzarekin egiantza lortzeko, jatorriz marokoarrak diren hiru interpretek parte hartu dute filmean: Abdelatif Hwidar, Farah Hamed eta Taha El Mahroug.

Abdelatif Hwidar antzezlea eta zuzendaria da. Duela gutxi ‘Fariña’ edo ‘La Zona’ telesailetan ikusi ahal izan dugu. Zuzendari lanean, film labur onenaren Goya saria irabazi zuen 2008an ‘Salvador’ filmagatik. Farah Hamed ere proposatu zuten aktoresa berri onenaren Goya sarira, Chus Gutiérrezen 2009ko ‘Retorno a Hansala’ pelikulan antzeztu zuen paperagatik. Bere aldetik, Taha El Mahroug protagonista izan zen ‘Baraka’ film laburrean, Goya sarien azken edizioan proposatuan.

Bestalde, film labur hau egiteko, lankidetzan aritu dira UPV/EHUko arabierako irakasle Leila Abu-Shams eta praktiketako ikasle Ikram Bouzalmat. Biek lagundu dute dariyazko testuen itzulpena egiten, eta baita filmaketaren aldian ere, hizkuntza horren erabilera egokia ziurtatzen.

Lan honetako gainerako antzezleak Gorka Aguinagalde eta Susana Soleto arabarrak dira, Laudioko zuzendariarekin aurreko filmetan ere lan egin izan dutenak.

Kepa Sojoren zazpigarren film laburra da. Zuzendariak 70 sari baino gehiago jaso izan ditu nazioarteko zinemaldietan, eta Goya sarirako proposatua izan zen 2015ean ‘Loco con ballesta’ filmagatik. Gainera, 2006an film luze bat egin zuen Sojok, ‘El síndrome de Svensson’, eta telesail bat 2000n, ‘Platos sucios’, ETBrako.

‘Khuruf’-en postprodukzioan murgilduta, bere bigarren film luzea prestatzen ari da Sojo, eta udazken honetarako dago aurreikusita. Komedia kostunbrista bat da, eta gutxika joango gara xehetasun gehiago ezagutzen.