euskaraespañol

Kimika Fakultatea, bikaintasuneko ikerketa

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/01/19

Irudia
Ikertzaile finkatuekin batera ikertzaile gazteak daude Kimika Fakultatean. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateak harro esan dezake bikaintasunezko ikerketa egiten duela. Estatuko eta nazioarteko sari ugariek ikertzaileen ibilbidea eta ikerlanen kalitatea bermatzen dute. Baina, grazia egoera honetara iristeko, ia mende erdiko lan gogorra egin behar izan du. Ekar dezagun gogora...

Fakultatea 1987. urtean eraiki zen, gaur egungo lekuan, baina, lehen kokapena Donostiako Altza auzoko San Juan XXIII.a Lanbide Heziketako Eskola izan zen. Marian Iriarte fakultateko egungo dekanoak azaldu duenez, “Gonzalo Martín Guzmán doktoreak gidatu zuen proiektua, eta hark eman zion hiriari polimeroei buruzko jakinduria. Urte batzuk geroago, makromolekulez gain, kimika orokorreko taldeak sustatu ziren udalerrian. Gipuzkoan goi mailako ikasketak bultzatu nahi zituzten pertsonak ere garrantzitsuak izan ziren. Besteak beste, Carlos Santamaría, Ignacio Mª Barriola, Manuel Agud Querol eta Yarza. Hasieran, fakultatea ez zen Euskal Herriko Unibertsitatearena –orduan ere ez zen Euskal Herriko Unibertsitatea–. Baina hazia hor zegoen, eta hazi horren oinordekoak gara gu”.

Urte hauetan, unibertsitatearen laguntzari esker, Kimika Fakultatean hainbat ikertalde garatu ahal izan dira, “betiere bultzatzaileak ahaztu gabe, buru adimendunak, langile trebeak eta horiek babestuko dituen egitura egonkor bat behar baitira ikerketa egin ahal izateko”, dekanoak argitu duenez. “Urte hauetan (ia 50 urte beteko ditugu) kimikari ugari prestatu ditugu gure etxean, eta, horiek prestatzeko, ikertaldeek lan handia egin dute. Bata eta bestea elkarrekin doaz; ikerketan egindako aurrerapenek ikasleak akuilatzeko balio dute, eta, aldi berean, irakaskuntzak kimikari gazteengandik hurbil mantentzen ditu ikertzaileak”.

Nazioartean aintzatetsitako zentroa

Hala, ikertzaile finkatuekin batera –besteak beste: Claudio Palomo, José Mª Asua, Fernando Cossio, Jesus Ugalde, Juan Colmenero, Pedro Miguel Etxenike, Eugene Zhukov eta Angel Rubio–, ikertzaile gazteak daude –esate baterako: David Mecerreyes, Haritz Sardon, Ana Beloqui eta Arkaitz Correa–. “Dekanoa naizen aldetik, erraza egiten zait fakultateaz harro hitz egitea. Asturiasko Printzea Sari bat dugu, Ikerketako 7 Euskadi Sari, Espainiako Kimikako Errege Elkarteak eta Espainiako Fisikako Errege Elkarteak emandako dominak eta sariak, DuPont sariak... Gainera, Shanghaiko Rankingaren 2021eko edizioan Kimikako 150 onenen artean dago Euskal Herriko Unibertsitatea. Ezin dugu ahaztu Kimika Fakultateko sail batean bi Nobel saridun ditugula irakasle laguntzaile gisa: Albert Fert, 2007ko Fisikako Nobel sariduna, eta George F. Smoot, 2006ko Fisikako Nobel sariduna”, Marian Iriartek azaldu duenez.

Era berean, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateak askotariko ikerketa ildoak ditu, eta horietan guztietan kimika berdearen, ekonomia zirkularraren eta jasangarritasunaren kontzeptuak barne hartzen dira. Zehazki, uretako dispertsioko sistema polimerikoen, polimero biodegradagarrien, matrize polimerikoko nanokonposatuen, aplikazio medikoetarako polimeroen eta ehunen ingeniaritzaren ikerketa nabarmentzen da. Bai eta kimika medikoaren eta farmazeutikoaren, kosmetikaren eta abarren arloan interesgarriak diren propietate biologikoak dituzten produktuetara bideratutako erreakzioen garapena eta ikerketa ere. Fakultate horretan egiten den beste ikerketa ildo bat fenomeno kimikoak azaltzeko edo iragartzeko kimika teorikoarena eta modelizazio konputazionala dira. Fisikaren esparruan nano eta mikromagnetismoa aztertzen dira, baita sistema nanoskopikoen propietateak ere.

“Kimika Fakultatearen poza (eta meritua) urte hauetan hainbeste aintzatespen jaso dituzten ikertzaile asko izatea bada ere, seguruenik pozgarriena ikertalde sendoak garatu izana da. Lan handia dago horren guztiaren atzean. Batzuek sariak jaso dituzte, eta beste askok isilean egin dute lana. Eta lan horren emaitza da ikertzaile ospetsu horien oinordeko gazte bikainak edukitzea. Urte hauetan egindako lan guztia ez da hor amaituko, garai bateko ikertzaile eta irakasleek sustatutako taldeek sariak jasotzen jarraitzen dute”, ondorioztatu du Marian Iriarte dekanoak. Horrela, 1975ean landatutako haziak, XXI. mendean, bere fruitua ematen jarraitzen du, nazioartean aintzatesten dituzten ikertzaileak trebatuz eta fakultate hau ikerketa bikaintasuneko zentro finkatu bihurtuz.