euskaraespañol

Kimikoki birziklagarria den polimero biodegradagarri bat elikagaiak ontziratzeko

Plastikoen hondakinen arazoari aurre egiteko elikagaien ontziratzerako ezaugarri egokiak dituzten polimero biodegradagarriak proposatu ditu UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/28

Irudia
Ainara Sangroniz. Argazkia: UPV/EHU

Elikagaiak behar bezala ontziratuta egotea ezinbestekoa da elikagaien kalitatea eta segurtasuna bermatzeko. Aldi berean, plastikozko ontziak ez dira ongi ikusiak hondakin ugari sortzen delako ondoren. Horren harira, UPV/EHUko ikerketa batek, lehenengo aldiz, kimikoki birziklagarria den polimero biodegradagarri bat sintetizatu du elikagaien ontziratzean erabiltzeko.

Gaur egun polimeroak oso arruntak dira gure bizitzan. Izan ere, plastiko izenaz ezagutzen ditugu gehienak eta arlo ezberdinetan erabiltzen dira, hala nola, automobilgintzan, medikuntzan, eraikuntzan… Beste sektore garrantzitsu bat elikagaien ontziratzea da. Ontziratzean gehien erabiltzen diren materialak poli(etilenoa) eta poli(etilen tereftalatoa) dira, propietate fisiko paregabeak baitituzte eta merkeak baitira. Hala ere, erabili eta gero zakarretara bota eta urte asko iraun dezakete degradatu aurretik, eta, ingurumenean metatu egiten dira arazoak sortuz.

“Arazo hori konpontzeko aukera bat polimero biodegradagarriak erabiltzea da. Polimero biodegradagarriak karbono dioxidoa, ura, metanoa, konposatu ezorganikoak edota biomasa emanez degradatzen dira. Horrenbestez, ez da hondakinik sortzen”, adierazi du Ainara Sangroniz Agudo UPV/EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia saileko ikertzaileak.

“Polimero biodegradagarriek orokorrean hesi-ezaugarri kaxkarrak dituzte —dio Sangronizek—. Izan ere, gasak eta lurrunak ingurunetik edukiontzira, eta alderantziz, igarotzen dira elikagaiak hondatzeraino; halaber, malgutasun baxua dute, alegia, hauskorrak dira”. Beraz, “elikagaien ontziratzean erabilgarriak izan daitezen eraldatu egin behar dira. Propietate fisiko horiek guztiak hobetzeko hainbat estrategia daude: beste polimero batekin nahastea, bestelako gehigarriak eranstea edo biodegradagarriak eta kimikoki birziklagarriak diren polimero berriak sintetizatzea”, gehitu du.

“Lehenik poli (butilen adipato-ko-tereftalato)  polimero biodegradagarria eta hesi-ezaugarri onak dituen fenoxi erretxinarekin nahastu ditugu. Nahaste berriak hesi-izaera eta propietate mekaniko paregabeak azaltzen dituela ikusi dugu. Gainera, nahasteak bestelako polimero biodegradagarri batzuen antzeko degradazio-abiadura edo abiadura handiagoa du”, azaldu du Ainara Sangronizek.

Bestalde, “polimero biodegradagarrien artean poli (azido laktikoa) da oparoenetakoa. Kontua da oso zurruna dela eta hesi-ezaugarri kaxkarrak dituela. Horrenbestez, zenbait nanopartikula gehitu dizkiogu hesi-ezaugarriak hobetzeko. Izan ere, nanopartikulek lurrun eta gasen iragazpena eragozten dute”, adierazi du Sangronizek.

Azkenik, “biodegradagarriak ez ezik, kimikoki birziklagarriak diren polimeroak sintetizatu ditugu. Polimeroak molekula txikien elkarketaz (monomeroz) osatutako kate luzeak dira, eta, hain zuzen ere, polimero horien kasuan, polimeroa erabili ostean monomeroa berriro erabil daiteke materiala berriz sintetitzatzeko. Hala, ez da hondakinik sortzen eta prozesua nahi bestetan errepikatu daiteke", dio UPV/EHUko ikertzaileak. “Lan honetan ezaugarri osagarriak dituzten bi polimero (poli (gamma-butirolaktona) eta poli (trans-hexahidroftalida)) konbinatu dira kopolimero berri bat sortzeko. Kopolimero hori kimikoki birzikla daiteke eta jatorrizko monomeroak lortzen dira”, gehitu du.

Ikertzaileak nabarmendu duenez, "lan honetan sintetizatu ditugun kimikoki birziklagarriak diren kopolimeroek hesi-ezaugarri eta malgutasun bikainak dituzte; gaur egun merkatuan erabiltzen diren materialen oso antzekoak dira, eta horrenbestez, litekeena da etorkizunean horiek ordezkatzea. Horretarako, ezinbestekoa da prozesua merketzea, gaur egun, oraindik ere oso garestiak baita”.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Ainara Sangroniz Agudo (Elgeta, 1991) doktore-tesiaren barnean egin da. Doktore-tesiaren izenburua Towards sustainable polymer packaging materials: from biodegradable to chemically recyclable polymers/ Ontzigintzarako material polimeriko jasangarrien garapena: polimero biodegradagarriak eta kimikoki birziklagarriak da,  eta Agustin Etxeberria Lizarraga eta Marian Iriarte Ormazabal Polimeroen Zientzia eta Teknologia saileko irakasleek zuzendu dute. AEBko Koloradoko Unibertsitatearekin elkarlanean egin du ikerketa.