euskaraespañol

Koldo Unceta Satrústegui katedradunak 2019ko Ekonomistak saria eskuratu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/30

Irudia
Koldo Unceta. Argazkia: UPV/EHU.

Ekonomia Aplikatua arloko UPV/EHUko Koldo Unceta Satrústegui katedradunak jaso du 2019ko Ekonomistak Saria, Garapenerako Lankidetza arloan egindako ikerketa, prestakuntza eta zabalkunde lanagatik, eta euskal gizarteari egindako ekarpenagatik. Garapenari buruzko UPV/EHUren ikerketa lanak bideratzen dituen Hegoa Institutuan lan egin du, sustatzaileetako bat eta bertako lehenengo zuzendaria izan baitzen, eta Garapen eta Lankidetza Politiken Azterketa eta Ebaluazioari buruzko Ikerketa Taldean ere aritu da.

Unceta honako gaietan da aditua: hazkundea eta garapena, nazioarteko ekonomia eta globalizazioa, pobrezia eta nazioarteko desberdintasun egoerak eta garapenerako nazioarteko lankidetza. Gai horien inguruan hirurogeita hamar lan baino gehiago argitaratu ditu eta ehunka kolaborazio egin ditu komunikabideetan.

2019ko Ekonomistak SARIA urriaren 3an emango da, 19:30ean, SILO aretoan, Bilboko Olabeaga auzoan kokatutako kafe fabrika zaharrean. Ekitaldi hori Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatua da, urtero legez. Aurreko edizioetako saritu batzuk Jesús María González, Carmen Gallastegui, José Ignacio Martínez Churiaque, Pedro Luis Uriarte eta Sara de la Rica izan dira.