euskaraespañol

Irakasleen prestakuntzan parte hartzen duten eragile guztiek UPV/EHUn irakasle-lanbidearen etorkizunaz hausnartu dute

Hezkuntza Berrikuntzaren Nazioarteko Kongresuan EAEko Hezkuntza Fakultateen, Eusko Jaurlaritzaren eta Dekanoen Estatuko Biltzarraren arteko bilera egingo da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/06

Agintariak Hezkuntza Fakultateko eraikineko atondoan daude argazkirako
Ezkerretik eskuinera: Nagore Ipiña, Santiago Larrañaga, María Isabel Ariceta, Begoña Pedrosa, Eva Ferreira, Carmen Fernández, Asier Romero, Beñat Amenábar eta Igor Camino. | Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Gaur goizean, apirilaren 6an, Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Hezkuntza Fakultatean, Goi Mailako Hezkuntzan Berrikuntza Nazioarteko Kongresua hasi da, eta UPV/EHUren hiru Hezkuntza fakultateek (Bilboko Hezkuntza Fakultatea, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea eta Hezkuntza eta Kirol Fakultatea) antolatu dute.

Kongresuaren inaugurazioan, Eva Ferreira errektoreak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Asier Romero Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoak parte hartu dute. Eva Ferreira errektoreak Hezkuntza fakultateen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du: “Une erabakigarria da irakaskuntza-lanbidearen aldaketa kudeatzeko. Hezkuntzaren etorkizuna irakaskuntzan diharduten pertsonen mende dago, eta jarduera hori garatzeko erabiltzen den kultura akademikoaren eta profesionalaren mende ere badago. Dagoeneko baditugu ministerioak zer bidetatik ibili nahi duen argitzeko orientabide batzuk, baina beharrezkoa da bide hori zabala eta irekia izatea, eta fakultateek ekarpenak egiteko eta lurraldeen eta kulturen idiosinkrasiara egokitzeko aukera ematea. Eta azpimarratu nahi dut, gure kasuan, hezkuntza fakultateen eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetza estuek garai berri honetan duten garrantzia”.

Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak bere hitzaldian nabarmendu du garrantzitsua dela Hezkuntza Fakultateak eta Saila lerrokatuta eta koordinatuta egotea irakasleen prestakuntza eta hezkuntza-arloko ikerketa bultzatzeko: “Gure erronka XXI. mendeko irakasle-ikasketak eraikitzea/birdefinitzea da”, adierazi du. Hiru ideia nabarmendu ditu hori lortzeko: “Aurrean ditugun erronka berrietara egokitzen diren irakasleen profil berriak definitzea; hasierako prestakuntzan eta etengabeko prestakuntzan curriculumak eta metodologiak birpentsatzea; eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan eta Hezkuntza fakultateetan egin daitezkeen prestakuntza-, berrikuntza- eta ikerketa-programa bateratuak antolatzea”.

Halaber, Asier Romero dekanoak nabarmendu du ikastetxeekin lankidetzan aritzeko beharra: “Ezin dugu hezkuntza bat ulertu hezkuntza fakultateen eta ikastetxeen arteko lankidetzarik gabe. Eusko Legebiltzarrean bihar onartuko den Hezkuntza Lege berriak jada azpimarratzen du behar hori”, eta lankidetza hori egituratzeko tresna zehatzak eskatu zituen.

Kongresuaren irekiera bukatutakoan, honako hauek bildu dira: Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea; Carmen Fernández Hezkuntzako dekanoen Biltzarreko presidentea; Laura Vozmediano UPV/EHUko Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordea; UPV/EHUko Hezkuntzako hiru fakultateetako dekanoak (Asier Romero, Bilboko Hezkuntza Fakultatekoa; Igor Camino, Hezkuntza eta Kirol Fakultatekoa; eta Beñat Amenabar, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoa); eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako ikastegietako ordezkariak: María Isabel Ariceta, Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoa; Nagore Ipiña, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa; eta Santiago Larrañaga, ‘Begoñako Andra Mari’ Irakasleen Unibertsitate Eskolako zuzendaria.

Bilera horretan aztertu da Estatuko Hezkuntza Dekanoen Biltzarra egiten ari den lana, Hezkuntza Ministerioak aurkeztu duen irakaskuntza-lanbidea aldatzeko proposamen arauemaileari buruzko dokumentuaren inguruan. Dokumentu horrek 24 erreforma-proposamen biltzen ditu, bost arlo nagusiren ingurukoak: hasierako prestakuntza, etengabeko prestakuntza, irakaskuntzarako sarbidea, espezialitateak eta garapen profesionala.

Datorren apirilaren 8ra arte (ostirala) egingo da kongresua, eta unibertsitate publikoko hezkuntza-titulazioetan irakaskuntza-berrikuntzarako eredu berezi eta aitzindaria ezarri zeneko hamargarren urteurrenean kokatzen da. Eredu hori egitura modularrean eta IKD ereduaren garapenean oinarritzen da. UPV/EHUren berezko eredua da IKD; kooperatiboa, eleanitza eta inklusiboa, eta ikasleak bere ikaskuntzaren jabe izatea eta modu integralean, malguan eta gizartearen beharretara egokituta prestatzean oinarritzen da. Kongresuaren hiru egun horietan, tokiko eta nazioarteko adituek hezkuntza-berrikuntza hainbat ikuspegitatik aztertuko dute, eta arrakasta-ereduak aurkeztuko dituzte.