euskaraespañol

Kontsulta da Aldezlearekin harremanetan jartzeko unibertsitate kideek gehien erabili duten tresna 2018an

Erakundearen txostenak kolektibo guztietatik planteatutako 102 kontsulta, 33 kexa eta 3 bitartekaritza eskaera jasotzen ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/20

Irudia

Gaur Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Unibertsitateko Klaustroak Bizkaia Aretoko Mitxelena Auditorioan egin duen bileran, Iñigo Urrutia Libarona aldezleak 2018. urteari dagokion zerbitzuaren urteko txostena aurkeztu du. Aldezle erakundeak unibertsitateko kide guztien eskubideak eta askatasunak babesteko erantzukizuna du, UPV/EHUko organo eta zerbitzuen jardueren aurrean. Halaber, kide horien arteko auzietan bitartekaritza egiteko instantzia bat ere bada.

“UPV/EHU osatzen dugun pertsonen kolektibo handiaren eskubideen bermeaz kezkatzea eta arlo horretan etengabe hobetzea oinarrizko faktoreak dira, gure unibertsitate publikoaren garapenerako. Pertsona guztien eskubideak bereizkeriarik gabe bermatzeak hobekuntzak ekartzen ditu administrazio prozeduretan eta praktiketan, irakaskuntzaren kalitatean eta zerbitzuen funtzionamenduan, eta horrela unibertsitate gero eta lagunkoiago eta errespetagarriago batera hurbilduko gara. Azken batean, eskubideen bermea hobetzea unibertsitateko zerbitzu publikoa bultzatzeko modu on bat da” nabarmendu du Aldezleak bere hitzaldian.

Jarduerak honako kategoria hauetan bereizten dira: “kontsultak”, “kexak eta erreklamazioak” eta “bitartekaritza-kontziliazio prozesuak”. 2018. urtean, 135 pertsonak jo dute zerbitzura, eta 138 aztergai proposatu dituzte guztira. Kopuru horiek joan den urtekoak baino txikiagoak badira ere, erakunde horren urteko batez bestekoaren barruan daude. Orotara, Aldezlearen zerbitzua 2011n martxan jarri zenetik, 843 pertsona igaro dira bertatik (batzuk hainbat urtez joan dira), eta 956 kasu planteatu dira.

Defentsoriara joandako 135 pertsonen artetik, 70 emakumeak ziren eta 65, gizonak, unibertsitatean gizonek eta emakumeek duten presentziaren oso antzekoa den sexuaren araberako banaketa bat. Kolektiboka, ikasleek 57 aztergai planteatu zituzten, irakasle-ikertzaileek 48, AZPko langileek 15, eta unibertsitatekoak ez diren pertsonek 18. Azken kategoria hori bere horretan uzten da, UPV/EHUk gizarteari eskaintzen dion zerbitzu publikoa hobetzeko lagungarria dela uste delako.

Ikasleen kolektiboak planteatutako aztergaien kopuruak behera egin du, eta horrela egonkortasunera itzuli gara, aurreko urteetan planteatutako kasuekiko erlazioan. Aztergaien izaerari erreparatuz gero, 2018an, 102 kontsulta, 33 kexa eta 3 bitartekaritza eskaera jaso ditugu. Horren harira, aztergai mota guztiak murriztu direla ikus daiteke, eta kontsulta, berriz, balio handiko sistema bihurtu da, aurkeztutako kasu asko eta asko bideratzeko.

Gaiari dagokionez, ikasleek ebaluazioari, matrikulari, prezio publikoei, gradu amaierako lanei eta haien tutoretzari buruzko gaiak kontsultatzen dituzte, gehienbat. Irakasle-ikertzaileen artean, irakaslanaren banaketa, ordezkapen poltsak eta plazak, eta lankideen arteko gatazkak izan dira gai nagusiak. Errepikatzen diren gaiak dira guztiak, eta aurten ere hauteman ditugu. AZPko langileen artean, berriz, hierarkian gorago daudenen portaerak, lan baldintzak eta lekualdaketen lehiaketak nabarmendu dira gehien.

Ondorioa

Iñigo Urrutiak bere txostenean nabarmendu duenez, kontsultak garrantzi handia hartzen ari dira bulegoko lanean, eta kolektibo guztietatik iristen dira. Aldezleak eskerrak eman ditu, gainera, kexak bideratzeko jo duten pertsonek eta organoek emandako erantzunagatik, gehienetan konponbide positiboak lortu baitituzte.

“Ikuspegi orokor batetik, hainbat unibertsitate kolektibotan, bereziki irakasle-ikertzaileengan eta agian AZPko langileengan ere, hauteman dudan sentsazioa aipatu nahi dut. Badago nolabaiteko nahigabea, unibertsitatearekin lotura ez duten azken urteetako murrizketa ekonomikoetatik eta gastuei eusteko beharretik datorrena, eta eragin nabarmena izaten ari da unibertsitate karreran eta promozioan”, adierazi du Aldezleak.

“Badakigu”, gaineratu du, “jarduera bakoitzaren atzean pertsonak daudela. Pertsona horiek helarazten dizkiguten arazoek, kezkek edo gatazkek unibertsitatean betetzen duten zereginaren garapen normalean eragiten dute nolabait, eta horrek unibertsitate bizitza normaltasunez egitea zailtzen edo eragozten die. Ikuspegi horretatik, gure nahia izan da –eta aurrerantzean ere izango da– gure zerbitzura datozen pertsonei ahalik eta arreta onena eskaintzea eta iristen diren kasu guztiak konpontzen saiatzea”.