euskaraespañol

Jonatan García Rabadán

Koronabirusaren garaiko lehen hauteskundeek agintean dagoen alderdia sostengatu dute Euskadin (eta Galizian)

Soziologia Saileko irakasle

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/13

Irudia
Jonatan Garcia. Argazkia: UPV/EHU

Covid-19aren pandemia deklaratu zenetik, EAEko eta Galiziako hauteskundeak izan dira Espainian egin diren lehenak. Osasun neurri zorrotzek guztiz baldintzatu dituzte hauteskundeak, kanpainan (mugatua eta baldintzatua) eta igandeko bozketa egunean kutsadura oro eragozteko helburuarekin. Horregatik, emaitzen ondorioek autonomia erkidegoko mugak gainditu dituzte, herritarrek (EAEkoak eta Galiziakoak, kasu honetan) lehenengoz adierazi ahal izan baitute krisi honen kudeaketari buruzko beren iritzia.

Fokua Euskadin jarrita, behin-behineko emaitzak (atzerriko botoak behin betiko zenbatu arte) nolabaiteko jarraitutasuna islatzen du aurreko legealdiarekin alderatuta, gobernagarritasunean eragin zuzena duten aldaketa esanguratsuak badira ere. (Ikus 1 irudia galerian)

Lehen indar politikoa EAJ da Euskal Autonomia Erkidego osoan eta lurralde historikoetan, botoen % 39,1 (2016an baino % 1,5 gehiago) eta Eusko Legebiltzarrean 31 aulki (% 3 gehiago) lortu baititu. Emaitza horiek ikusita, esan genezake zenbait militante ohik ustelkeria kasuengatik ezarritako zigorrek, Zaldibarreko zabortegiaren krisiak eta Ordizian izandako azken orduko agerraldiek ez dutela ondoriorik izan jeltzaleek euskal politikan duten indarrean.

Alderdi jeltzalearen ondoren, EH Bilduk (botoen % 27,8 eta 22 aulki) eta PSE-EEk (botoen % 13,6 eta 10 aulki) osatzen dute podiuma. Koalizio subiranistaren kasuan, emaitza horiek bigarren postuan jarri dute, 2016an baino indar handiagoarekin (+% 6,5 eta 4 aulki gehiago); izan ere, hura da boto absolutuetan gora egin duen bakarra (23.000 gehiago) –VOX alde batera utzita, sartzea lortu baitu–. Bitartean, euskal sozialismoak ez du Gobernu zentralean eta Eusko Jaurlaritzan duen presentziari errenta ateratzerik lortu, ez behintzat inkestetan aurreikusten zen moduan, aulki bakar bat gehiago lortu baitu.

Aurreko hirurekin batera, Elkarrekin-Podemosek (botoen % 8 eta 6 aulki), PP+C’s koalizioak (botoen % 6,8 eta 5 aulki) eta, ezusteko “erlatibo” gisa, VOX alderdiak ere (botoen % 2 eta aulki bat) ordezkaritza izango dute. Esan genezake lehenengo biak izan direla kaltetuenak, ganberan duten pisua gutxitzeaz gain, botoetan duten pisu kuantitatiboa ere murriztu baitute. 2020ko lehen hauteskunde autonomikoen deialdia baino zertxobait lehenago, bi alderdiek egiturazko zenbait aldaketa izan zituzten, eta baliteke aldaketa horiek ondorioak izana.

Azkenik, VOX Euskadiko legebiltzarkide batekin sartuko da Arabako lurraldean; horrela, lurraldearen salbuespen izaera berresten da, Unidad Alavesa (UA), UPyD eta halako alderdiei sarbidea eman dien barruti bakarra izan baita.

Hala ere, lehen emaitzen irakurketa orokorretik haratago, merezi du zenbait puntu kontuan hartzea.

Parte-hartzea

Edozein hauteskunde egunetan, parte-hartzearen datua da, edo kontrakoa, abstentzioa alegia, lehenengo kontuan hartzen den elementua. Oraingo honetan, maximo historikoetan kokatu da horren emaitza: % 50eko sinbolikotik gertu (% 47). Boto eskubidea baliatu dutenen ehunekoa are gehiago murriztu daiteke atzerriko botoak gehitzean.

Azken 20 urteetan, abstentzio tasaren etengabeko igoera zazpi puntu handitu da oraingoan, covid-19ak sortutako ziurgabetasunaren eta horrekin lotuta hartu diren neurrien ondorioz.

Hauteskunde osteko kasuan kasuko azterketak egiteko egon arren, lehen zantzuen arabera, adin handieneko pertsonek gutxiago parte hartu dute, eta horrek kalte egin die PP eta PSE-EE alderdiei, eta neurri txikiagoan, EAJri, horiek baitituzte batezbesteko adin handieneko boto emaileak. (Ikus 2. irudia galerian).

Lurraldeak, hirurak bat

Espainiako egitura autonomikoaren barruan, Euskadi desberdina da, nortasun desberdineko (zentzu askotan) hiru lurralde historikok osatzen baitute.

Tradizioz, EAJ zen indartsua Bizkaian, ezker abertzaleak Gipuzkoan lortzen zituen bere emaitzarik onenak, eta alderdi ez-abertzaleek Arabako barrutian izaten zuten sustrairik eta pisurik handiena.

Hauteskunde hauetan, berriz, beste eskema bat agertu zaigu. EAJ eta EH Bildu lehen eta bigarren indar gisa kokatu dira lurralde guztietan, euskal sozialismotik urrun, hirugarrena izan baita. Lehenengo bien arteko indar erlazioari dagokionez aldaketa txikiekin, bi aktore nazionalistek ordezkaritzaren bi heren baino gehiago lortu dituzte (15 Araban eta 19 Bizkaian eta Gipuzkoan).

Berriz ere Araba da salbuespena, eta ia araua ere bai, EAEko hauteskundeetan. Hauteskunde sistemak 25 diputatu ematen dizkio barruti bakoitzari, biztanleriaren pisua kontuan hartu gabe. Logika konfederal horrek aulkien banaketan eragiten du, eta, beraz, Arabako lurraldea espazio pribilegiatua da pisu txikiagoa duten edo probintziakoak diren taldeek (UA) aulki bat lortu ahal izateko. Ez dugu ahaztu behar hauteskunde muga –ordezkaritzaren banaketan sartzeko ezarritako muga– % 5etik % 3ra jaitsi zela. Horregatik guztiagatik, Arabako 4.700 botoek (% 3,8) –Euskal Autonomia Erkidego osoan 17.500 boto lortu ditu– Legebiltzarreko ateak ireki dizkiote VOXi, duela urte batzuk (2009-2016) UPyD alderdiari gertatu zitzaion bezala.

Blokeak: ideologikoa eta identitarioa

Hirugarrenik, Euskadin hauteskundeetako lehiaketa ardatz tradizionalak —identitarioa eta ideologikoa— izaten dira emaitzak aztertzeko orduan gehien erabiltzen diren bideetako bat.

Ardatz ideologikoari dagokionez, ezkerraren eta eskuinaren arteko konfrontazioa ezkerreko alderdien aldekoa izan da 2020ko hauteskundeetan. Bloke horretan hiru alderdi daude, eta 38 aulki lortu ditu guztira, gehiengo osoaren muga psikologikoa. Gainera, botoen % 48 baino gehiago jaso ditu ordezkaritza lortu dutenen artean.

Hauteskunde kanpainan zehar, Elkarrekin-Podemosek hiruko gobernua (EH Bildu, PSE-EE eta Podemos) eratzeko aukera jarri zuen mahai gainean jeltzaleen nagusitasunari aurre egiteko, baina gainerako eragileek atzera bota zuten proposamena. Zentzu zabalago batean, zentro-eskuinaren blokea, berriz, 37 diputaturekin eta botoen % 48rekin geratu da. Hala ere, bloke horrek EAJren erabateko nagusitasuna islatzen du (31 diputatu eta botoen % 39), PP-C’s eta VOX (6 diputatu eta botoen % 9) alderdien aldean.

Lurralde identitatetik eratorritako tentsio politikoak –euskal politikaren faktore baldintzatzaile argia–, ordea, ez du aurrekoaren ordain korrelatiboa. Indar nazionalistek (EAJ eta EH Bildu) 53 aulki eta igandean emandako botoen bi heren lortu dituzte. Horrenbestez, legegintzaldi honetan (2020-2024), Eusko Legebiltzarra jarrera nazionalistetara bideratuta egongo da nagusiki, eta XXI. mendeko legebiltzarrik abertzaleena bihurtu da.

Azkenik, zientzia politikoak NEPp indizea (alderdi parlamentarioen kopuru efektiboa) erabiltzen du parlamentuen benetako osaera zein den ulertzeko, horiek osatzen dituzten alderdi politikoen pisua haztatzen baitu.

NEPp indizea erabiltzean, luzetara, azken bi hamarkadetan 3,5-4 inguruko egonkortzea hautematen da. Hau da, EAEko Legebiltzarra tamaina handiko 3-4 alderdik osatzen dute. Datu horrek talka egiten du 1986-1998 urteetako datuekin. Garai hartan, NEPp 5etik gorakoa zen, “aniztasun polarizatuko” alderdien sistema baten proposamenarekin bat etorriz. (Ikus 3. irudia galerian).

Laburbilduz, eta alderdiek egindako adierazpen eta jarrera publikoen ondoren, etorkizuneko agertokiak bi aukera izango ditu, eta betiere lehen alderdiaren nahiaren arabera.

Horrela, EAJk berriz berretsi ahal izango du PSE-EErekin duen aliantza, eta elkarrekin batutako gehiengo osoak lasai gobernatzeko bidea emango die; bestalde, jeltzaleek bakarka gobernatzea aukeratu dezakete, beste alderdien babes puntualekin, eta hor sozialismoa izango litzateke alderdirik pribilegiatuena. Horregatik guztiagatik, «Madril» aldagaiak, hau da, gobernagarritasuna eta Pedro Sanchezen gobernuarekin egindako itunak, zeregin garrantzitsua izango du Euskadin, non EAJk bere jarrera hegemonikoa sendotu eta indartu duen lau hamarkadako gobernuaren ostean.