euskaraespañol

Haurdunaldiko kutsadura atmosferikoak jaioberrien hazkuntzan eragin dezake

Haurdunaldiko kutsadura atmosferikoaren eta jaioberriaren tiroxina-mailaren arteko erlazioa aztertu dute UPV/EHUn egindako ikerketa batean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/14

Irudia
Amaia Irizar Loibide, Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa saileko ikertzailea. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Ama haurdunaldian kutsadura atmosferikoaren eraginpean egotea jaioberriaren osasunean izan ditzakeen ondorio kaltegarriekin lotu izan da sarri. Hala ere, oso ikerketa gutxi daude gaiari buruz. UPV/EHUn egindako azterlan batek, haurdunaldiko aldirik sentikorrenak, kutsadura atmosferikoari dagokionez, haurdunaldiko hasierako eta bukaerako hilabeteak direla ondorioztatu berri du Environmental Research aldizkarian argitaratutako lan batean.

Azken urteotako ikerketen arabera, kutsadura atmosferikoak tiroidean eragiten du. Hormona tiroideoak funtsezkoak dira fetuaren hazkundea eta metabolismoa erregulatzeko, eta zeregin garrantzitsua dute garapen neurologikoan. Tiroxina (T4) zirkulatzen ari den tiroidearen hormona nagusia da, eta tiroidea estimulatzen duen hormona, berriz, TSH. Haur jaioberriei 48 ordutara orpoko proba egiten zaienean, odolaren tiroxina- eta TSH-mailak neurtzen dizkiete. Izan ere, hormona tiroideo horien balantzea egokia ez bada, gaixotasun larriak garatzeko arriskua areagotzen da. Horrenbestez, “lan honen helburua da haurdunaldiko kutsadura atmosferikoaren eta jaioberriaren tiroxina-mailaren arteko erlazioa zein den aztertzea”, dio Amaia Irizar Loibide, UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa saileko ikertzaileak.

Nitrogeno dioxidoa (NO2) eta 2,5 mikra baino diametro txikiagoko partikula finak (PM2,5) aire-kutsadurarekin zein ibilgailuen zirkulazioarekin zerikusia duten bi kutsatzaile nagusi dira. PM2,5 partikulak oso finak dira eta arnasbideetan erraz sartzen dira, esaterako. “Lan honetan, zehazki, haurdunaldian ama partikula fin horien eta nitrogeno dioxidoaren eraginpean egoteak zer eragin duen haur jaioberrien tiroxina-mailaren arteko erlazioan aztertu dugu. Astez aste egin dugu behaketa, fetuaren garapena astetik astera asko aldatzen baita. Horrenbestez, ahalik eta ikerketa zehatzena egiten saiatu gara, haurdunaldiko aste sentikorrenak zeintzuk diren ezagutzeko asmoz.”, gehitu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Horretarako, Gipuzkoako INMA (Haurtzaroa eta Ingurumena) proiektuko lagina aztertu dugu. Halaber, proiektuan jasotzen dituzten honako datuek ere erabili ditugu: atmosferako kutsatzaileak diren PM2,5 partikulei eta NO2-ari buruzko datuak, jaioberrien orpoetatik hartutako TSHari eta T4ari buruzko datuak…

Amaia Irizarren esanean, “lan honetan lortutako emaitzek argi eta garbi adierazi dute erlazionatuta daudela haurdunaldiko partikula finen esposizioa eta jaioberrien tiroxina-maila. Ez dugu, ordea, lotura argirik behatu nitrogeno dioxidoaren esposizioarekiko”. Horrenbestez, "gure emaitza horiek bat datoz aurrez egindako ikerketa gutxi horiekin. Lan honetan ikusi duguna da –nabarmendu du Irizarrek— haurdunaldiaren hasierako hilabeteetako esposizioak eragin zuzena daukala hormona tiroideoen balantzean. Izan ere, haur jaioberri horiek tiroxina-maila baxuagoa izan ohi dute. Aurrera joan ahala, lotura hori ez dela horrenbestekoa egiaztatu dugu, hau da, amaren esposizioak pixkanaka garrantzia galtzen duela. Haurdunaldiaren azken fasean, berriz, berriro ere lotura hori bistaratzen da, baina kontrako eragina azalduz.  Alegia, partikula fin horien kontzentrazioa zenbat eta handiagoa izan, hormona tiroideoen kontzentrazioa ere igo egiten dela ikusi dugu, balantze horretan kontrako eragina sortuz”. “Ez dago argi zer mekanismoa dagoen horren guztiaren atzean. Nolanahi ere, kutsadura atmosferikoari dagokionez haurdunaldiko aldirik sentikorrenak hasierako eta bukaerako hilabeteak direla ondorioztatu dugu”, azpimarratu du UPV/EHUko ikertzaileak.

“Partikula fin horiek haurdunaldiaren hasieran eta bukaeran eragin kontrajarriak eragiten dituzten mekanismoak aztertzea litzake hurrengo eginbeharra. Izan ere, partikula horiek karbonoz osatutako esfera txiki-txiki batzuk besterik ez dira, eta ez dago argi sortzen duten efektua ote den esferatxo horiek plazentatik umera igarotzen direlako, partikulan itsatsita dauden bestelako osagaiak behin gorputzean daudenean askatu egiten direlako…”, azaldu du. “Haurdunaldiko esposizioak hormona tiroideoetan ez ezik, beste eraginik ba ote duen ere ikertzen jarraitu beharko genuke, esaterako haurren garapen neuropsikologikoan, hazkuntzan, obesitatean…”, dio Amaia Irizarrek.

INMA – Haurtzaroa eta Ingurumena proiektua

INMA (Infancia y Medio Ambiente - Haurtzaroa eta Ingurumena) ikerketa-proiektu bat da, eta haren helburua da ingurumen kutsatzaileekiko esposizio goiztiarra eta horrek haurraren osasunean duen eragina aztertzea.

Erreferentzia bibliografikoa