Kutsatzaile batek enbrioien miokardioaren garapenean zer asaldu eragiten duen argitu dute

Bihotzeko sortzetiko malformazioak eta helduengan kardiomiopatiak eragiten dituzten PCBei buruzko ikerketa batean jardun du UPV/EHUk

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/13

Juan Arechaga, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko Zelula Amak, Garapena eta Minbizia Laborategiko katedraduna. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko Zelula Amak, Garapena eta Minbizia Laborategiak Paviako Unibertsitatearekin (Italia) elkarlanean egindako ikerketa batean, argitu dute ingurumen-kutsatzaile iraunkor batzuek, PCBek, zer mekanismori jarraituz aldatzen dituzten saguen zelula ama enbrionario pluripotenteetatik datozen kardiomiozitoen uzkurtzeko ahalmena. Ikusi dutenez, kaltzioaren dinamikan eragiten dute asaldua PCBek. Scientific Reports aldizkari ezagunean argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.

Bifenilo polikloratuak (PCBak) asko erabili izan ziren industria elektronikoan, pinturak, itsasgarriak, plastikoak eta abar sortzeko, 1979. urtean haiek erabiltzea debekatu zuten arte. Nolanahi ere, kimikoki oso egonkorrak direnez, oraindik orain ingurunean daude, oso zabalduta, gainera. “Konposatu horien eraginpean egoteak hainbat patologia eragin ditzake, hala nola kardiomiozitoen dinamikaren asalduak. Asaldu horiek esperimentazioko zenbait animalia-espezietan deskribatu dira, bai banako helduetan, bai jaioberrietan, lipidotan disolbagarriak direlako eta ama-esnearen bitartez heltzen zaizkielako, eta bai umekietan, PCBek karena zeharkatzen baitute”, azaldu du Juan Aréchaga UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko Zelula Amak, Garapena eta Minbizia Laborategiko katedradun eta ikerketaren egileetako batek.

Springer-Nature taldeko Scientific Reports aldizkarian argitaratu duten ikerketan, UPV/EHUko eta Paviako Unibertsitateko ikertzailez osatutako talde batek deskribatu du zer mekanismo zelular dagoen umekietan behatutako disfuntzioetako baten atzean, bihotzaren uzkurduran akatsak agertzearen atzean, hain zuzen. Horretarako, saguen zelula ama enbrionarioak izan zituzten langai, eta kardiomiozito bilakatzeko diferentziazioa eragin zieten, hau da, miokardioa eratuko duten zelula bilakatzeko diferentziazioa. “In vitro izan da ikerketa, eta zelula ama pluripotente horiek PCBen eraginpean jarri ditugu, miokardioaren fisiologian zer eragin espezifiko gertatzen diren ikertzeko”, dio Biologia Zelularreko katedradunak.

Eragindako diferentziazio zelularraren emaitza sintzitio taupakari bat izan zen, hau da, zelula bakarra balitz bezala aritzen den zelula-multzo trinko bat, eta garatzen ari den bihotz-ehunaren antzeko portaera izan zuen. Diferentziazioa eragindakoan, zenbait bifenilo polikloraturen nahaste baten eraginpean jarri zituzten zelulak, 24 orduz, ingurunean egon ohi diren kontzentrazioetan.

Asalduak zelula barneko kaltzioaren dinamikan

Substantzia toxikoen eraginpean jarri aurretik eta ondotik sintzitioen propietate dinamikoak eta uzkurtze-ezaugarriak neurtzean,  ikusi zuten, batetik, taupaden maiztasuna eta indarra, baita energia zinetikoa ere, txikiagoak zirela PCBen eraginez. Izan ere, zenbat eta handiagoa izan toxikoen kontzentrazioa, orduan eta gehiago txikitzen ziren ezaugarriok. Sakonago aztertzean, ohartu ziren zelula barneko kaltzio-ioiaren dinamikan gertatzen ziren desoreka batzuek eragiten zutela uzkurtze-propietateen asaldua. “Esperimentalki frogatu ahal izan dugu kaltzio-ioiaren zelula barneko oszilazio espontaneoak oztopatzen dituztela PCBek, eta oszilazio horiek ezinbestekoak dira kardiomiozitoen uzkurdura behar bezala gertatzeko”, zehaztu du Aréchagak.

Ikertzaileak nabarmendu duenez, “ingurumen-toxiko horien eragin-mekanismoak hobeto ulertzen laguntzen dute lortutako emaitzek, eta hori interesgarria da, bai oinarrizko fisiologiaren ikuspuntutik, bai ikuspuntu aplikatutik, ingurumen-kutsadurak osasunean eragin dezakeen kaltea egiaztatzeko”.

Informazio osagarria

UPV/EHUko eta Paviako Unibertsitateko ikertzaileek hartu dute parte ikerketan. UPV/EHUtik, zehazki, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko Zelula Amak, Garapena eta Minbizia Laborategiko katedradun Juan Aréchaga eta doktoretza-ikasle Amaia Izquierdo aritu dira, zeinak laster irakurriko baituen gaiari buruzko tesia. Paviako Unibertsitateko ikertzaileak, bestalde, honako sail eta laborategi hauetakoak dira: Biologia eta Bioteknologia Saileko Garapenaren Biologia Laborategia eta Fisiologia Orokorreko Laborategia; Osasun Teknologietarako Zentroa, eta Ingeniaritza Industriala eta Informazioaren Ingeniaritza Saila.

Erreferentzia bibliografikoa