euskaraespañol

Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak bigarrenez deitu dute Gradu Amaierako Lanentzako saria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/16

Irudia

2020ko urriaren 16ra arte izango da Gradu Amaierako Lanentzako (GRAL) sarira aurkezteko aukera. Euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko ikerketa bultzatu nahi du deialdiak; honenbestez, antzerkigintza, kantagintza, bertsolaritza, kontalaritza, bikoizketa edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat ikertzen duten lanak hartuko dira aintzat.

Lanek 2018-2019 edota 2019-2020 ikasturtean defendatutakoak, aurkeztutakoak, behar dute izan. Ikerlan saridunak 500 euro eskuratuko ditu, eta azaroaren 26an izango da sari banaketa, Mintzolak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak ahozkotasunaren inguruan egin diren eta egiten ari diren ikerketak ezagutzeko antolatu ohi duen saioan.

Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak bigarrenez deitu dugu sari hau. Bi erakundeok, elkarlanean, hainbat ikerketa sustatzen dituzte, besteak beste, ikerketa kontratuen eta proiektu sarien deialdien bidez.

Iaz Idoia Ilundain Iribarrenek eskuratu zuen saria, Ahoz gorako irakurketa eta kontaketa haur hezkuntzan: ahotsaren eta entzumenaren bitartez sozializatzeko esperientzia lanarekin.

Informazio osoa