euskaraespañol

Diziplinen arteko lankidetzarekin errazago konpon daitezke arazoak (are COVID-19a ere)

Ana Arribillaga, Igone Aróstegui, Joana Jaureguizar, Nagore Guerra eta Naiara Berasategui, Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleak, eta Alaitz Aizpurua, Psikologia Fakultateko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/30

Irudia
Alaitz Aizpurua, Igone Aróstegui, Ana Arribillaga, Naiara Berasategui, Nagore Guerra eta Joana Jaureguizar. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Gezur eta albiste faltsuen garai honetan, ideien falta sumatzen dugu. «Ideia onen» oinarrian, ezagutza, hausnarketa, arrazoiketa eta kontraarrazoiketa daude. Beraz, oso garrantzitsua da ezagutza kooperatibo eta partekatua. Diziplinartekoa izateak esan nahi du kasuan kasuko ikerlana edo jarduketa diziplina baten baino gehiagoren arteko lankidetzarekin gauzatzen dela.

Hainbat diziplina lankidetzan arituta, jazoerak ikuspegi anitz eta desberdinetatik azter daitezke. Era horretan aztertzen diren jazoerekin, errealitatearen irudi osoago bat eskuratzen da. COVID-19ari aurre egitea ez da edozein birusi aurre egitea, haren egitura ulertzen ahalegintzea baizik, nola sortu eta garatzen den, zein portaera duen pertsona bakoitzean, haren immunitate mailaren, aurretiazko patologien eta abarren arabera.

Halaber, jarduteko plan sozialak eta ekonomikoak egin behar dira, eta banakoentzako planak ere bai. Hau da, ez da aski mikrobiologoak, hainbat espezialitatetako medikuak eta epidemiologoak lankidetzan aritzea. Elkarlanera batu behar dira soziologoak, psikologoak, abokatuak eta politikariak, birusari eta bere ondorioei aurre egiteko.

 

Birusa dinamikoa eta aldakorra da

Errealitatea ez da irudi finko bat, dinamikoa eta aldakorra baizik, eta birusak ere ezaugarri horiexek ditu. Guztiz ulertzeko, kontuan hartu behar da birusari eragiten dioten eta birusak eragiten dien alderdi guztiak eta horien arteko elkarreragina. Birusa behatu, ulertu eta tratatu behar da, etengabe elkarri eragiten dioten elementu dinamikoen batura dela kontuan hartuta.

Diziplinarteko lankidetza ezinbestekoa da, jakina, baina errealitatearen gaineko ikuspegiak partekatzea ez da garrantzi txikiagokoa. Guztiak gara desberdinak, eta zeinek bere ikuspuntua du errealitateaz. Mikrobiologiako bi espezialistak, adibidez, ikasketa horri dagozkion ikaskuntzak eta gaitasunak egin eta eskuratuta ere, ez dute errealitatea modu berean ikusten.

 

Alborapena ekiditea

Behatzaile orok, nahi gabe, errealitatea zatikatzen du, eta zatietako batean jartzen du arreta. Aurreiritzia edo alborapen kognitiboa esaten zaio horri, eta motibazio emozional edo moralekin lotuta dago gehienetan.

Pandemiaren intentsitateak, gainera –eta zer esanik ez, beldurrak–, bizkor esku hartzera behartzen gaitu, eta horren ondorioz, gure arreta gure sinesmenak berresten dituenera zuzentzeko joera are gehiago indartzen denez, kontrakoa dioenari ez diogu jaramonik egiten. Horrenbestez, inoiz baino garrantzitsuagoa da ikuspegiak partekatzea, distortsioak, epai okerrak edo ikuspegi interesatuak mugatzeko.

 

Herrialdeez eta mugez gaindi

Birusaren hedapenak agerian jarri du zenbaterainokoa den elkarren arteko mendekotasuna, administrazio erakundeak, herrialdeak eta mugak direnak direla. Besteak eta geure burua modu interdependentean behatzera behartu gaitu, inoiz baino modu interkonektatuagoan gainera. Beste errealitate batzuetako espezialistek egiten dutena nola eta zergatik egiten duten behatzera behartu gaitu. Horien ezagutza kontuan hartzera, gure ezagutza azaltzera, eta emaitzak partekatzera bultzatzen gaitu. Horrela jokatu izan ez bagenu, erantzuna erabat desberdina zatekeen, eta, beharbada, geldoagoa. Beraz, profesionalen artean, eta herritar «arrunten» artean ere bai, interdependentzia ezin garrantzitsuagoa dela berretsi da.

Gehiegizko espezializazioak, hots, ikasgai jakinetan –batzuetan, zatituegiak daudenetan– hezteak, aitzitik, aipatutako ikuspegi kooperatibo eta partekatua zailtzen du. Hezkuntzak, lehen etapetan salbu, ikaskuntza akademizistan egiten du azpimarra; horregatik, ikasgaian ardaztuta dago zeharo, eta horrenbestez, testuingurutik aterata maiz.

 

Arazoetan oinarritutako irakaskuntza

Hori gainditzeko, Kanadako McMaster Unibertsitateko Medikuntza Fakultateak 1960ko hamarkadan jada Arazoetan Oinarritutako Irakaskuntza metodologia diseinatu zuen. Curriculuma bizitza errealeko hainbat egoeratan oinarrituta antolatu zen, hainbat ezagutza arlorekin lotuta, betiere diziplinarteko lan kooperatibo eta partekaturako gaitasunak garatzeko.

Helburu hori bera duen «Kasuen azterketa» metodologiarekin, 2017az geroztik, UPV/EHUko sei irakaslek Gizarte Hezkuntza, Psikologia eta Lehen Hezkuntzako graduetan kasu erreal bera lantzeko esperientzia egin dugu.

Ikasle baten portaera, familia egoera, ikasgelaren, jangelaren, patioaren eta ikastetxearen antolaketa eta abar deskribatzen dira kasu erreal horretan. Eskolatzearen berezitasunak gainerako aldagaiak kontuan hartuta aztertzeak, hala, arazoari diziplinartekotasun handiagoko ikuspegi batekin aurre egitea ahalbidetzen du.

 

Lau diziplina desberdin

Landu beharreko diziplinak lau direnez, koordinazio handia eta bilera asko behar izan dira sekuentziak eta jarduketa planak diseinatzeko, ordutegiak, ikasleak, irakasleak, ikasgaiak eta gaitasunak kontuan hartuta.

Kasuaren azterketan, aipatutako ikaslearen egoera landu genuen; maiz, profesional asko aritu behar dira elkarlanean, haur batekin, ikasle talde batekin, familia batekin, erakunde batekin eta abarrekin, garatuko den esku hartzearen planaren gainean ados jartzeko.

Zehazki, egileek diziplina arteko taldeak sortu zituzten, irakaslegaiekin, gizarte hezitzaileekin eta psikologoekin, kasu bera ikuspegi sistemiko batetik aztertzeko, eta esku hartzea batera diseinatzeko.

Guztira, UPV/EHUko campus eta gradu desberdinetako 370 ikaslek eta 6 irakaslek hartu zuten parte esperientzian. Prozesuak hainbat fase izan zituen: aurretiazko fasea, irakasleek eta ikasleek, Bronfenbrenner-en teoria ekologikoari buruzko irakurgai batzuetan oinarrituta, lankidetzari eta diziplinartekotasunari aurretiaz zituzten ideiak alderatzeko, kasua 15 astez aztertuta diziplinarteko taldetan; eta geroagoko fasea, non, esku hartzeko proposamen zehatzez gain, ikaskuntza prozesu propioari buruzko galdetegi bat ere bete baitzuten eraginpeko pertsonek. Proposamenak eta galdetegiaren erantzunak aztertuta, ikusi zen lankidetzaz eta diziplina artekotasunaz lehendik zituzten iritziak nabarmen hobetu zirela.

 

«Kasuen azterketa» metodologia

«Kasuen azterketa» metodologiak, berez, egoeren konplexutasuna kontuan hartzera behartzen gaitu, eta horren seinale da gradu desberdinetako ikasleak kontuan hartu izana.

Gainera, ikasleak campus desberdinetakoak direnez, elkarlanean aritzeko, antolakuntza erakundeez gaindi aritzea beharrezkoa da, eta ikuspegi independente, kolaboratibo eta diziplinarteko hori lantzea, pandemiak eragin duen mundu mailako krisiak horixe behar du eta.

Irakasleek oztopo berak gainditu behar izan dituzte ikasleei ideiak eta ikuspegiak alderatzen, agerikoa zirudiena zalantzan jartzen, zatitzea gainditzen eta ezagutza partekatzen lagundu ahal izateko.

Horrek guztiak antolaketa lan handia eskatzen du, bilera asko eta ados jartzeko ahalegin handia, eta gogorra izan da, baina interesgarria, harremaneko bi aldeen aburuz. Gainera, lortu diren ikaskuntza emaitzak kontuan hartuta, egin den ahaleginak merezi izan du.

Diziplinarteko lana, beraz, hain da garrantzitsua, non beharrezkoa baita praktikan jartzea prestakuntza akademikoari ekiten zaion unetik beretik. Horrela bakarrik izango gara gai, diziplina bakar batean sortu diren, baina konponbidea baten baino gehiagoren ezagutzari esker emango zaien arazoei aurre egiteko.

The Conversation