euskaraespañol

Iñaki Zabaleta Gorrotxategi,UPV/EHU-ko Filosofia Saileko irakaslea

«Hizkuntzarekin batera garatzen du bere izaera bai gizakiak bai nazioak»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/12

Iñaki Zabaleta
Iñaki Zabaleta. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

UPV/EHUko Filosofia Saileko irakaslea da Iñaki Zabaleta Gorrotxategi. Koloniako Unibertsitatean doktoratu zen, 1998an, Wilhelm von Humboldt-ek euskal nazioari eta hizkuntzari buruz egindako saiakerak eta ikerketak oinarri dituen filosofiako tesia defendatuz, alemanez. Orain, tesi horren euskarazko egokitzapena argitaratu du, baina lan akademiko hutsetik harago, euskal nazioa egun zer den edo zeri dei dakiokeen galderei ere erantzun nahian.

Gasteizen aurkeztu da Iñaki Zabaleta Gorrotxategiren azkeneko liburua, ‘Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria’. Bertan, modu sistematikoan aurkezten ditu Humboldt-ek XIX. mendearen hasieran  hogei urtez egin zituen euskal ikerketak, eta haren pentsamendu orokorrarekin erlazionatzen ditu.

Nor izan zen Humboldt? Zergatik etorri zen Euskal Herrira, eta zergatik aukeratu zuen euskara eta Euskal Herria ikerketa-gai gisa?

Pentsalari, antropologo, filosofo edo humanista izan zen. Haren kezka nagusia da aztertzea gizakia zer den eta zer garapen izan dezakeen. Alde horretatik, kritiko begiratzen die garaiko planteamendu ilustratu erradikalei, eta beharrezkoa ikusten du gizakia bere historikotasunean, bere errealitate konkretu eta anitzean aztertzea.

Baina gizakiak ez dira irla isolatuak, aitzitik, horiek talde batekiko erreferentzian bizi eta garatzen dira. Eta hor kokatzen da herri edo nazio ezberdinekiko Humboldtek izan zuen arretaren arrazoia. Hala, eta gizabanakoen kasuan bezalaxe, beharrezkoa ikusten du nazio horiek zuzenean ezagutzea eta elkarren artean konparatzea. Sinetsita dago horrela bakarrik dela posible benetako antropologia humanizatzaile bat garatzea. Eta horregatik, besteak beste, interesatzen zaizkio euskaldunak.

Zerk egiten du Humboldten lana garrantzitsu?

Gizakiaren irudi ireki bat planteatzen du, garapen-prozesu batean aurrera egin dezakeen norbaiten gisara aurkezten du, eta ez itxita edo bukatuta dagoen zerbaiten gisara. Prozesu hori, gainera, indibiduala bezain kolektiboa ikusten du.

Gizakiaren izaeran, bestela, funtsezko eragina aitortzen dio hizkuntzari, bereziki Euskal Herrian egon eta gero. Humboldten ustez, gizakia hizkuntzari esker da gizaki, hizkuntzarekin batera garatzen du bere nortasuna. Hizkuntza, ordea, hizkuntzetan bakarrik da erreala, betiere hizkuntzak egiaz beren alde sozial, historiko eta kultural guztiarekin batera ulertuta. Hizkuntzarekin batera garatzen du bere izaera bai gizakiak bai nazioak.

Gainera, inportantea da ikustea zer unetan pentsatzen duen Humboldtek kontu horiez guztiez: Frantziako Iraultza ondoren. Garai hartatik aurrera, gero eta gehiago identifikatzen dira nazioak eta estatuak; nazio kontzeptua politizatu egiten da eta haren oinarri kulturala ezkutatu edo egiten da. Eta Humboldtek, testuinguru horretan, gogora ekartzen du nazioa aurretiko zerbait dela: gero datorren politikak ezin du erabaki nazioa zer den eta zer ez. Horregatik aitortzen dio nazioari nolabaiteko izaera naturala. Euskaldunei buruz egindako ikerketa, beraz, gizadiaren historia natural baten barruan kokatzen du.

Euskal Herrian egindako ikerketak zer ekarpen egin zion bere ikuskerari?

Bi aipatuko nituzke. Lehenengoa hizkuntzaren ingurukoa da: Euskal Herrira etorrita, herri-hizkuntza gisa aurkitzen du euskara, batez ere herritarren ahoan bizirik dirauena, eta horrek pista ematen dio ulertzeko hizkuntzaren oinarrizko funtzioa ez dela literarioa, akademikoa edo zientifikoa, baizik eta antropologikoa. Hizkuntzari esker da gizakia gizaki, idatzia izan edo ez. Hori da, nolabait, Euskal Herrian ikusten eta orokorrean ulertzen duena. Hortik abiatuta, orientazio berri bat ematen dio bere antropologiari: orientazio linguistiko bat. Ordutik aurrera, hizkuntza ikertuz aztertu nahi izango du gizakia.

Bigarren ekarpena politikaren arloan kokatzen da: Humboldt politikari ere izan zen, eta, besteak beste, berari esker sortu zen Berlingo Unibertsitatea eta bideratu zen Prusian hezkuntza-erreforma sakon bat. Azken finean, garrantzi handieneko funtzio humanizatzaile bat aitortzen dio politikari: haren zeregina da baldintzak jartzea, herritarrek beren izaera askatasunez garatu ahal izateko. Horregatik guztiagatik, beraz, ez da harritzekoa Euskal Herrira etorrita bertako politikan arreta jarri izana. Eta, hemen, arraroa iruditu zitzaion zerbait ikusten du: autogestioa edo herritarren parte-hartze zuzena, adibidez, udalerri bakoitzak bere ordezkariak bidaltzea Batzar Nagusietara.

Egia da berari kontatzen diotena kontatzen duela Humboldtek, neurri batean behintzat; baina ukaezina da, halaber, eskarmentu handiko pertsona dela: ederki ezagutzen du Berlingo egoera, Parisen bizi da garai hartan, Madrilen egon berria da eta, haiekin alderatuta, politika egiteko ezohiko modu bat aurkitzen du Euskal Herrian. Zehazki, ilustrazio herrikoi batez hitz egiten du, aldi berean despotismotik urrun dagoena eta iraultzaren beharrik ez duena.

Zergatik aukeratu zenuen zuk Humboldt ikerketa-gai gisa?

Neurri handi batean, kezka pertsonal batetik abiatuta, eta baita konpromiso sozial batetik ere: egunkariak irakurri, irratia entzun, telebista ikusi, mila alditan agertzen da nazioaren gaia auzi polemiko gisa (gaur egun, Kataluniakoari begiratu besterik ez dago). Eta horrek bakarrik erakusten du zer garrantzitsua den nazio kontzeptuaz hausnartzea eta beraren historiari erreparatzea.

Hala, eta hemendik abiatuta, aztertu nahi nuen nola uler dezakegun modu normal batean nazio deitzen dugun hori. Eta batekin eta bestearekin hitz eginez, eta batez ere Joxe Azurmendiri esker, Euskal Herrira etorri zen eta nazioaren eta hizkuntzaren arteko elkarreraginaz gogoeta orokor interesgarriak egin zituen Humboldten berri izan nuen.

Inoiz galdetu didate Humboldt nazionalista ote zen. Ez dakit hala zen edo ez, baina naziozalea bazen.

Hain zuzen ere, Humboldtek berak nazioari buruzko gogoeta egin zuen, eta XIX. mendearen hasieran esandakoek ez dute gaurkotasunik galdu.

Ez, eta ezin dute galdu, berak esandakoa oinarrizko zerbait baita. Humboldtek hizkuntzarekin batera ikusten du nazioa; nazioa, berarentzat, hizkuntza-komunitatea da. Hori ez da berria, betikoa da eta ezin da zaharkitua gelditu. Historiari erreparatzen diogu, egiaz, gure burua hobeto ulertu nahi dugulako.

Azken finean, Humboldtek galdetzen duena hauxe da: zerk egiten du talde bat talde, zein da talde horren kideen arteko itsasgarria, zerk lotzen du jendea identitate baten inguruan? Eta hainbat alderdi aztertu eta gero (Euskal Herrian, adibidez, fisionomia, herri-kultura eta politika hartzen ditu kontuan), ondorio batera iristen da: horiek guztiek baino gehiago lotzen ditu hizkuntzak elkarren artean taldekideak.

Horren haritik esaten du, halaber, hizkuntza desagertuz gero nazioa ere galdu egiten dela. Eta, egia esan, Euskal Herriarekiko nahiko pesimista zen: galbidean ikusten zuen, neurri handi batean, politikariek egin ohi duten nazioen kudeaketa ez dagoelako antropologikoki oinarrituta eta humanistikoki orientatuta. Frantziako Iraultzak zapuztu zituen, jada, iparraldekoen ohitura zaharrak, eta Madrilgo gobernuari zentralismorako gogoa ikusi zion.

Humboldtek euskarari buruz alemanez ikertu eta idatzi zuen; zuk euskarari buruz alemanez idatzitakoari buruzko tesia alemanez egin zenuen, eta, azkenean, zirkulua itxiz, horri buruzko euskarazko bertsio bat sortu duzu.

Bai. Tesiaren hasierako helburua zen Humboldten antropologia filosofikoa ulertzea, eta horren baitan euskal kontuak zer eragin izan zuen zehaztea. Orain, berriz, aztergaia bera izanda ere, alderantzizko ikuspuntu bat nagusitzen da; kasu honetan helburua gehiago da Humboldten laguntzarekin euskal auzia hobeto ulertzea.

Adibide bat. Euskal Herrian egon izanak begiak ireki zizkion Humboldti hizkuntzaren berezko dimentsio antropologikoa ulertzerakoan: hizkuntza dela-eta garrantzitsuagoa da jarduera emaitza baino, eta horrela bideratu zituen ondorengo ikerketa linguistikoak. Bada, gaur egun ere hortxe topatzen dugu euskararen normalizazioaren arazo handiena: zailena eta garrantzitsuena ez da hiztegiak edo gramatikak osatzea, baizik eta, batez ere, hizkuntza horren erabilera gure bizitzan txertatzea.

Bestalde, zor bat kitatzeko modua ere izan da liburua; izan ere, askoz gehiago izan da Humboldtek euskaldunen inguruan ikasi zuena euskaldunek Humboldtengandik ikasi duguna baino. Sarritan aipatzen da euskaldunen laguna izan zela, baina gehienetan hor geratzen gara. Egin izan dira, bai, euskal gramatikarekin edo euskoiberismoarekin loturiko bere testuen inguruko ikerketa puntualak eta baita haren bidaia-kontakizunen gaztelaniazko hainbat itzulpen ere. Baina orain arte ez da Humboldten euskal obraren azterketa orokor bat egin.

Liburuan ez da erraz antzematen non dagoen bien arteko muga: non bukatzen da Humboldt eta non hasten da Zabaleta. Arrastoa utzi dizu?

Jakina! Nik neuk hasieran planteatzen nituen galderek, nolabait, erantzuna aurkitu dute harengan. Uste dut Humboldtek asmatu zuela euskaldunak bere identitatean ulertzen.

Nazioaz termino normal eta ulerkorretan hitz egiten erakutsi dit Humboldtek, bai orokorrean bai euskal kasuan, esentzialismoetatik urrun eta lotsatu gabe. Bat egiten dut Humboldtek horren inguruan esaten duenarekin.

Eztabaida sakonak izango zenituzkeen haren ondoan izango bazina.

Bai, seguru baietz. Gustatuko litzaidake jakitea zer pentsatuko zukeen gaurko eta etorkizuneko Euskal Herriaz.