Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitatea, sasoi betean

UPV/EHUren proiektu batek informazio adierazgarria emango die mendiko erreskatatzaileei, euren egoera fisikoa zein jarduera hobetzeko

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/05

(Beste leiho bat zabalduko du)

Mendiko erreskatatzaile profesionalak kolektibo ahaztua dira kirol zientzietan. Orain, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak egiten ari diren ikerlan batean, kolektibo hori eliteko kirolari gisa aztertu da hainbat jarduera parametrori erreparatuta, bere egoera fisikoaren eta erreskatearen efizientzia fisiologiko eta biomekanikoa hobetzearren.

Zenbatespenen arabera, estatu espainiarrean 104.500 mendi istripu gertatzen dira urtean. Istripu horietako batzuetan mendiko erreskate taldeak mobilizatu behar dira; azkar erantzun badezakete, ezbeharrak arinago konpon daitezke; izan ere, askotan, istripua izan duen pertsona bizirik ateratzea istripuaren eta erreskatearen artean igaro den denboraren mende dago. Horrenbestez, erreskate taldeen jarduera optimizatzeak aukera emango luke egoeroi erantzun hobea emateko.

Erreskate guztiak desberdinak dira, eta berezitasunak nolakoak diren, halakoa da erreskatatzailearen errendimendua. Beraz, kontuan hartu behar dira orografia (altuera, malda...), meteorologia eta bizkar zorroaren masa. «Kontuan hartu behar da erreskatatzaile baten jardueraren helburua arriskuan dauden pertsonak onik erreskatatzea dela, eta horrek ez duela zerikusirik kirolari baten ohiko helburuekin. Gainera, erreskate batek 3.400 € baino balio dezakeela eta azken urteetan istripu tasak gora egin duela kontuan hartuta, zeharo zentzuzkoa da kolektibo horren errendimendua kirolaren zientzien ikuspegitik aztertzea», azaldu du Aitor Pinedo Jauregik (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduduna UPV/EHUn eta karrera amaierako sari berezia).

Pinedo Jauregi, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren doktorego programako ikaslea, «Análisis de la condición física de los rescatistas profesionales de montaña y del rendimiento durante rescates simulados en montaña» (Mendiko erreskatatzaile profesionalen egoera fisikoaren eta errendimenduaren azterketa, mendiko erreskate simulatuetan) ikerketa proiektua egiten ari da doktoreak ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programaren laguntzarekin (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila), eta Jesús Cámara Tobalina eta Gaizka Mejuto Hidalgo UPV/EHUko irakasleen zuzendaritzapean. Gainera, Ertzaintzaren mendiko ataleko Zaintza eta Erreskate Unitatea ere parte hartzen ari da. «UPV/EHUren eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arteko harremanaren garrantzia azpimarratu nahi nuke; ezinbestekoa izan da azterlana egin ahal izateko», nabarmendu du.

 

Azterketa aitzindaria

Errendimendua aztertzea funtsezkoa da kirolarientzat, errendimendua hobetuko badute. Hala, kontaezinak dira txirrindularitzan, atletismoan, futbolean eta beste kirol batzuetan egin diren azterketak, kirolariak beraiek nahiz jarduera aztertzeko. Alabaina, mendiko erreskatatzaile profesionalei eta horien jarduera esparruari buruzkoak oso gutxi dira, jarduera fisikoa lanaren alderdi funtsezko bat den arren.

Hiru helburu nagusi ditu ikerketak: mendiko erreskatatzaileen ezaugarri antropometriko eta fisiologikoak zehaztea; bizkar zorroaren masak eta lurzoruaren maldak erreskatatzaileen errendimenduan eta ibileraren biomekanikan duten eragina aztertzea; eta barne karga (parametro fisiologikoak) eta kanpokoa (parametro espazio-tenporal eta zinetikoak) kuantifikatzea erreskate simulakro batean.

Lehen helburua betetzeko, landa testen sorta bat prestatu da, Ertzaintzaren unitatearen basean bertan egingo dena. Bigarrenerako, protokolo bat sortu da, lasterka egiteko zintan oinez ibilita, bizkar zorroaren masaren eta maldaren eragina aztertzeko. Protokolo horrekin hamabost konbinazio probatu ahal izan dira, neurketa fisiologikoak (laktatoa, oxigeno kontsumoa, etab.) zein biomekanikoak (kadentzia, urratsaren luzera, etab.) eginda. Ikerketaren fase hori UPV/EHUren Hezkuntza eta Kirol Fakultateko errendimenduaren analisiaren laborategian egin da. Hirugarrenerako, erreskate desberdinak antolatu dituzte. Parte hartzen duten erreskatatzaileei neurketak egingo dizkiete jardueran zehar.

«Arriskuan dauden pertsonei lagundu behar diegu, dauden lekuan daudela»

Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko kide batek dioenez: «Guk urtero egiten ditugu probak, baina ikerketa honen ikuspegia oso garrantzitsua da, orain arte ezagutzen ez genuen alderdi bat bistaratzen digulako. Emaitzak entrenamenduak aldatu eta gure prestakuntza hobetzeko baliagarriak izan daitezke, bai eta zein muga ditugun jakiteko ere. Ez da ahaztu behar gure helburua arriskuan dauden pertsonei laguntzea dela, dauden lekuan daudela».

«Gaur-gaurkoz amaituta ditugu laborategiko datuak biltzeko lanak, eta horiek aztertzen ari gara –aurreratu du ikertzaileak–. Esan dezakegu azterketan parte hartu duten unitateko kideak forma fisiko onean daudela. Bizkar zorroaren masaren eta maldaren eraginari buruz, oraindik ezin dezakegu ondoriorik atera, azterketa fasean gaudenez. Azterketaren hurrengo argitalpenetan emango dugu jatera».

Uztarri berean doaz aplikazio praktikoa eta ikerketa proiektu honetan. Horrenbestez, mendiko erreskatatzaileei informazio adierazgarria ematea da funtsezko helburua, haien egoera fisikoaren eta erreskatearen beraren efizientzia fisiologikoa eta biomekanikoa hobetzeko. «Espero dugu ikerketaren emaitzen ondorioak baliagarriak izatea Zaintza eta Erreskate Unitatekoentzat eta mendizaleentzat, segurtasun handiagoz jardun daitezen», dio Aitor Pinedok.