euskaraespañol

Giza eskubideak terrorismoaren, migrazio-mugimenduen eta beste erronka batzuen aurrean nola babestu eztabaidagai nazioarteko kongresu batek Bilbon

Eusko Jaurlaritzak eta EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrak antolatutako kongresua Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko aurten abian jarri den «Eskerrak giza eskubideei» erakunde arteko kanpainaren barruan kokatzen da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/08

Irudia

Azaleratu diren bazterkeria- eta bidegabekeria-mota berriei aurre egiteko eta nazioarteko terrorismoaren eta gerraren mehatxuari erantzuteko, erronka berriak planteatzen dituzte giza eskubideek, eta balio jakin batzuk kudeatzeari daude lotuta —hala nola aniztasuna eta elkartasuna bizikidetzan eta hezkuntzan—.Erronka horiek eztabaidagai egongo dira gaurtik ostiralera bitartean Bilbon, Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Kongresuan. Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrak antolatu dute, Erronka Berriak goiburuarekin.

Inaugurazio-ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandezek, EHUko errektore Nekane Balluerkak eta Manuel Lezertua arartekoak hartu dute parte.

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiaren hitzetan, giza eskubideen defentsa «eginkizun nagusia» izango da datozen urteetan; izan ere, haren ustez eta egungo une historikoan, giza duintasuna, giza eskubideak eta elkartasuna «zalantzan jarritako» edo, areago, «gaitzetsitako erreferentziak» dira eta izango dira bizikidetzaren goreneko printzipio gisa. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak «giza eskubideen eta elkartasunaren ardatza indartu» nahi du, eta, horretarako, beharrezkoak dira gogoeta partekatua eta batera jartzea.

Jonan Fernandezek eman dio hasiera Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Kongresuari, euskal erakundeek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko urtean zehar abian jarri duten «Eskerrak giza eskubideei» baterako kanpainaren barruan kokatzen denari. Biltzarra Bilboko Euskalduna jauregian izango da azaroaren 9ra, ostiralera, bitartean, eta Iñigo Urkullu lehendakariak emango dio amaiera.

Manuel Lezertua arartekoak hauxe adierazi du: «Giza eskubideen etika ezin da erlatibizatu. Eskubide horietako bakoitza errespetatu eta babestu egin behar da, berariaz eta banaka, defendatzea unean uneko egoeraren mende jarriko duten prestazioak edo kontraprestazioak baztertutz».

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Nekane Balluerkak, UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak antolatutako biltzar honen garrantzia azpimarratu ondoren, beharrezkotzat jo du giza eskubideei buruz gogoeta egitea, aurten 1948ko Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena betetzen denean: “Behin baino gehiagotan esan dudanez, erabat sinesten dut, eta beste pertsona asko nirekin bat etorriko direla uste dut, giza eskubideek nukleo etiko negoziaezina osatzen dutela, pertsona guztien duintasuna babesteko eremu aurrepolitikoa”.

Inaugurazioaren ostean, Virginia Bras-ek, Nazio Batuen Erakundeko Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Batzordeko lehendakariak, hartu du parte, mintzagai honekin: «Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideak: itxaropenak ala errealitateak?». Hitzaldian, «pertsonen, familien eta taldeen eskubideen aurrean ohikoa baino jarrera hobea duten testuinguru nazionalak eta elkartasuna, erantzunkidetasuna, elkarrekiko errespetua eta osagarritasuna oinarri dituzten nazioarteko lankidetza-eredu berriak» eskatu ditu.

Ondoren, Fabian Salviolik hartu du hitza. Egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak sustatzeko Nazio Batuetako errelatore berezia da, eta Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeko lehendakari ohia. Haren esanetan, «gizakien eskubideak babestea obligazio bat da —ez aukera bat— estatuentzat, eta, beraz, baita horren barruko botere guztientzat ere».

Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Kongresuak bihar jarraituko du, eta, besteak beste, Miguel Angel Canok, Granadako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko eta Kriminologiako irakasle titularrak, hartuko du parte. Terrorismo islamistaren nondik norakoak eta poliziak horri nola aurre egin behar dion azalduko ditu. Era berean, beste hauek ere arituko dira: Patricia Laurenzo, zigor-zuzenbidea aniztasunaren eta generoaren ikuspegitik azalduz; Gerd Oberleither, Giza Eskubideen eta Giza Segurtasunaren UNESCO Katedrako Nazioarteko Zuzenbideko katedraduna; eta Iris Goldner, Pertsonen Mugimendu Librearen eta Migrazioaren UNESCO Katedraren zuzendaria.