euskaraespañol

Bullyinga jasaten duten gazteen diskriminazioa are handiagoa da ez-heterosexualak badira

UPV/EHUko ikerketa batek agerian uzten du lan handia dagoela egiteko hezkuntzan heteroaraua gainditzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/08

Irudia
Enara Larrain Mariño. Argazkia: UPV/EHU

Ikastetxeetan LGTB izaerari ikusgarritasuna ematea ezinbesteko jotzen dute UPV/EHUko Psikologia Fakultatean egindako ikerketa batean, kolektibo horren diskriminazioa gainditzeko. EAEko nerabeen artean bullying LGTBfobikoaren prebalentzia aztertu dute. Ondorioztatu dutenez, ez-normatiboa den orientazio edo identitate sexuala izateagatik, maiztasun handiagoarekin pairatzen dituzte nerabeek erasoak fisikoki, ahoz zein birtualki.

EAEko nerabeen artean bullyingak eta cyberbullyingak, eta, bereziki, bullying LGTBfobikoak, duten prebalentzia aztertu dute UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua Saileko ikerketa batean. “Aurretik egindako hainbat ikerketatan ondorioztatu izan da LGTB kolektiboko pertsonek sintoma psikopatologiko gehiago dituztela, baina ez dute sakontzen horren atzean zer eragile dagoen. Nik konparatu nahi izan nuen eskola-jazarpenaren biktima diren nerabeen artean desberdintasunik ote zegoen orientazio edo identitate sexualari lotuta”, dio Enara Larrain Mariño psikologian doktore eta ikerketaren egileak.

Ikerketarako, bi orduan erantzuteko galdetegi-sorta bat prestatu zuen, eta 13-17 urteko 1.748 nerabek erantzun zuten. Bete behar izan zituzten galdetegien artean zeuden eskola-jazarpenari (aurrez aurrekoa zein elektronikoa) buruzko galdera-sortak, bullying zein cyberbullying LGTBfobikoari buruzkoak, aniztasun sexualaren aurreko jarrerei buruzkoak, nortasun-ezaugarriei eta osasun mentalari buruzkoak.

Ikertzaileak gogoratu du lagina biltzeko izan zituen zailtasunak, eta ikastetxe askotatik jasotako ezezko erantzuna nabarmendu du, egiteko zenbat lan dagoen adierazten baitu: “Bullyingak eztabaida handia sortzen du, eta eskola askok ateak ixten dituzte horren aurrean. Gainera, orduak eta metodologiak oso zurrunak dira ikastetxeetan, eta ez dute tarterik izaten kanpoko tailer edo bestelakoentzat”.

Hezkuntzan aldaketak egitea eskatzen duen arazoa

Ikerketaren emaitzek “kezkatzekoak dira eta agerian uzten dute lan handia dagoela egiteko hezkuntzan —dio Larrainek—. Gure ikerketan, bullying eta cyberbullying orokorrari buruzko datuak ere jaso genituen, eta nahiz eta gero analisi sakonik ez egin datu haiekin, gure gaitik kanpo zeudelako, haietan ikusi genuen emaitzak bat datozela beste ikerketa batzuetakoekin: gazteen % 11 da bullyingaren biktima, eta ehuneko handiagoa mutilak dira, orokorrean, baina cyberbullyingaren kasuan, berriz, gora egiten ari da  neska biktimen ehunekoa”.

Bullying LGTBfobikoari eta aniztasun sexualari buruzko galdetegietan jasotako emaitzak ere “gaiaren larritasuna azaleratu zuten. Gazteen % 60k adierazi zuen inoiz edo behin jasan duela edo jasaten duela nolabaiteko eskola-jazarpena, eta jazarpen larria, bullyingtzat jotzen dugun hori, % 13k pairatzen dute. Kasu horretan ere maiztasun handiagoarekin mutilek sufritzen dituzte eraso LGTBfobikoak”, zehaztu du psikologian doktoreak.

LGTB kolektiboko kide askok jasaten duten jazarpen horrek haien nortasunean eta egoera psikologikoan duen eragina aztertu zutenean, eta eskola-jazarpena jasaten duten ikaskide heterosexualenarekin alderatzean, ”desberdintasun esanguratsuak ikusi genituen. Biktima ez-heterosexualek sintoma psikopatologiko gehiago edo larriagoak zituzten, hala nola obsesio-konpultsioa, depresioa edo etsaitasuna”, aipatu du Larrainek. Nortasunaren ezaugarrietan ere hauteman zituzten desberdintasunak, eta ikusi zuten, esate baterako, ez-heterosexualek “enpatia-maila altuagoak” dituztela, baina, aldi berean, “maila baxuagoak ulermen eta erregulazio emozionalean eta zoriontasunean”.

Egoera horren aurrean, ikastetxeetan egiteko dagoen lan handia azpimarratu nahi izan du ikertzaileak: “LGTB pertsonek sostengu handiena familietan dute, eta diskriminazio gehien, berriz, gizartean eta ikastetxean jasaten dute. Hutsegitea nabaritu dugu sexualitatea askatasunez adierazten duten pertsonen aurrean tolerantzia eta errespetua adieraztea helburutzat duen hezkuntza-sisteman. Beste neurri batzuen artean, iruditzen zait, batetik, eskolek ateak ireki beharko lizkieketela horrelako gai garrantzitsuak ebaluatu eta lantzeari; bestetik, bullyingaren kontrako programetan ekintza zehatzak txertatu beharko lirateke orientazio eta identitate sexuala jorratzeko, eta, azkenik, ikusgarritasuna eman beharko litzaioke LGTB izaerari. Txikitatik homosexualak direla sentitzen duten umeentzat, adibidez, oso lagungarria litzateke erreferente bat izatea, jasotzen dituzten mezuak, testuliburuak eta ikus-entzunezkoak heteroarauetik ateratzea. Horrelako mezuak jasotzen ditugu eta nahi gabe barneratzen ditugu, txiki-txikitatik, eta gero, umeek desberdina dena epaitzeko erabiltzen dute. Askotan modu inkontzientean egiten dute, gainera. Hori aldatu beharra dago.”

Informazio osagarria

Enara Larrain Mariñok (Donostia, 1992) Erizaintza gradua du, baina betidanik psikologiarako izan duen interesak masterra Psikologian egitera eraman zuen. Masterrean irakasle izan zuen Maite Garaigordobil Landazabal Psikologian katedraduna doktoretza-tesiko zuzendari izan zen gerora. Hain zuzen, tesiaren barruan egin du ikerketa Enara Larrainek. Bullying LGTB-fobikoa Euskal Herriko nerabeetan: prebalentzia, aldagai psikologikoekiko lotura eta eragina osasun mentalean izan da tesiaren izenburua.