Arkitektura Eskolak hogei bat jarduera antolatu ditu MUGAK EAEko Nazioarteko Bienalean

Ikasleek parte hartze aktiboa izango dute bisita gidatuak eginez erakusketa nagusietan eta beraien erakusketak ere sortuz, guztientzat pentsatuak

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/08

De la Hoz Fontán proiektua. Argazkia: P. Pegenaute

Euskal Herriko Unibertsitatea protagonista nagusietako bat izango da MUGAK EAEko Arkitekturaren Nazioarteko Bienalean. Aste honetan hasi, datozen bi hiletan zehar luzatu eta abenduaren 12an itxiko da. Ehun bat jarduera izango ditu EAEko hiru hiriburuetan, horietatik hogei batean UPV/EHUren Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa protagonista izango duelarik.

Bienalak eutsi egiten dio elkarretaratze gune anitza izateko helburuari, solasari eta hausnarketari bide eman eta irtenbideak aurkitzeko, gizarte etiko, justu eta orekatuagoa moldatzeko muga berriak definitzeko asmoz. Beste bienal batzuetatik bereizten duten ezaugarrietako bat da, hain zuzen, arkitekturaren etorkizuneko profesionalek bertako egunerokotasunean hartzen duten garrantzia.

UPV/EHUren Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko ikasle eta irakasleak izango dira bienalaren arima eta gorputz, jende guztiarentzat prestatutako jarduerez gain, jarduera guztietan izango dutelako zeregina: bisita gidatuak egingo dituzte Bienaleko erakusketa nagusian, 'Sistemen diseinua: Ulm eskola eta Braun konpainia', (eskola ezagun alemanak egungo diseinuan izan duen eragina ardatz du erakusketa horrek, Apple bezalako konpainia handietan kasu); Tokioko 10 m2tako kapsula etxebizitzaren erreplika bat bisitatuko dute, Kontxan kokatuko dena; erakusketak sortuko dituzte, eta Toledo, Coruña, El Vallés, Sevilla, Bordele, Montpellier (Frantzia), Karlsruhe (Alemania) eta Wroclaw-ko (Polonia) eskoletako ikasleen anfitrioi izango dira.

Arkitekturako 600 ikasle

Izan ere, guztira, etorkizuneko arkitekturaren 600 profesional hurbilduko dira Donostiako alde zaharrera MUGAK bienaleko eskolen astean zehar, urriaren 21ean hasita. Bienala bitartean, gazteek proposamenak egingo dituzte, ikusgai jarriko direnak behatokiaren bastioian eta Donostiako beste toki esanguratsuetan. Nazioartean izan handia duten figurak etorriko dira, edozeini irekitako hitzaldietan parte hartzera: Rafael Moneo edo Alvaro Siza bezalako pritzkerrekin hasi eta Tatiana Bilbao eta Sandra Barclay latinoamerikarrekin edo Emiliano Lopez zein Addenda Architects gazte emergenteekin amaitzeko. Era berean, dokumentalak, tailerrak eta kontzertuak ere egongo dira.

UPV/EHUren Arkitekturako Goi Eskola Teknikoaren jardueren artean, nabarmentzekoa da ikasleek Donostiako Kursaala eraiki baino lehen izan ziren proiektuei buruz sortuko duten erakusketa, 'Solar K' izenburupean. Rafael Moneok orain 20 urte eraiki zuen eraikin ikonikoan ikusi ahal izango da erakusketa. Unibertsitate ikastegiaren ataria De la Hoz Fontanen proiektuekin jantziko da, AS BUILT erakusketarekin, estudio horren ibilbidearen birpasa eginez. Lasaitasuneranzko ibilbideak, tenplu budisten azterketa oinarri, Weiqiao Wang eta Yuab Studiok egindako erakusketak osatuko du eskolaren erakusketen eskaintza. Bertan ikusi ahal izango dira ikasleen master amaierako proiektuak eta garapenerako lankidetza proiektuak ere. Guztira, UPV/EHUk zazpi erakusketa ezberdin sustatuko ditu bienalean zehar.

UPV/EHUren Gipuzkoako Campusak mota askotako hizlariak hartuko ditu, esaterako, Izaskun Chinchilla arkitekto madrildarra, ekologia eta garaikotasuna bilbatzen dituena; Fuensanta Nieto, Nieto Sobejano Arquitectos kabinetekoa, Donostiako San Telmo museoaren zabaltzearen egile eta Bilboko Arte Ederren Museorako lehiaketako finalista. Bizkaiko hiriburuan, hain zuzen, UPV/EHUren Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak jardunaldi bat antolatuko du,Bilboko Guggenheim museoaren Toparte ekimenaren barruan, non uztartuko diren New Yorkeko Guggenheim museoa, aurten 60 urteurrena ospatzen ari dena, eta Le Corbusier-ek Tokion eraikitako Mendebaldeko Arteen museo nazionala, urte berean amaitutakoa.