null

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Amonaren hipotesia: zergatik existitzen da menopausia?

Fisiologian katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/08/03

Juan Ignacio Pérez Iglesias. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Ikuspegi ebolutibotik begiratuta, menopausia anomalia bat dela pentsa liteke hasiera batean. Izatez, gainera, animalien artean oso ezohiko fenomenoa da. Espezie ia guztietan, emeak bizitza guztian dira ugaltzeko gai. Gure espeziea ugaltzeko gaitasuna gainbehera organiko orokorrarekin batera nabarmen galtzen duen ugaztunen talde oso txikiko kidea dela ere esan daiteke. Talde hori, izurde tropikalak, belugak, narbalak eta orkak osatzen dute, guztiak ere odontozeto zetazeoak. Espezie horietako emeak obulatzeari eta, beraz, ugaltzeari utzi ondoren, zenbait hamarkadaz bizi daitezke.

George C. Williams biologo estatubatuarrak 1957an egindako planteamenduaren arabera, baina, menopausia, berez, egokitzapen bat izango litzateke. Williamsen teoriaren arabera, ebolutiboki komenigarriagoa izango litzateke emeek euren ondorengoei laguntza eskaintzea seme-alabak izaten jarraitzea baino.

Zahartuz goazen heinean, nabarmen areagotzen da hiltzeko probabilitatea, eta, beraz, emakume batek ondorengoak jada adinean oso aurrera egin eta gero izanez gero, ez litzateke harritzekoa azken seme-alabak bizirik irauteko gai ez izatea behin ama hil ondoren. Horrenbestez, emakume horrek azken seme-alabak aurrera ateratzen egindako ahalegina alferrikakoa litzateke, bere geneak ez bailirateke ondorengo belaunaldietara iritsiko.

Bestalde, populazio batean ugaltzen ez diren banakoak egoteak ez du zentzurik, ikuspegi ebolutibotik. Banako horiek baliabideak kontsumitzen dituzte, beste banako batzuek euren ondorengoen mesedetan balia zitzaketenak.

Arrazoi horiengatik, Williamsen arabera, emakume adintsuenek ekarpen eraginkorragoa egiten dute hurrengo belaunaldietarako gene transmisioan euren ahalegina jada taldeko kide diren ondorengoetara bideratuta. Alegia, euren bilobetara, eta ez adinean sartuta leudekeen seme-alabetara.

Williamsek egindako proposamena, “amonaren hipotesia” deitua, era enpirikoan dago frogatuta gure espeziean. Izan ere, bai gizatalde ehiztari-biltzaileetan bai industriaurreko gizarteetan frogatuta dago behin adinean aurrera egindakoan seme-alaba gehiago izaten ez dituzten amonek areagotu egiten dutela euren bilobek bizirik irauteko duten probabilitatea.

Bestela esanda, taldean badaude, euren geneek –bilobetara iritsi direnak– bizirik iraungo dute eurak hil ondoren ere. Darwinen moldean esanda, hobetu ezazu arrakasta ebolutiboa (fitness), bilobei emandako zainketen bidez.

Izan badira adinean aurrera egindakoan ugaltzen jarraituagatik biloben biziraupena hobetzen laguntzen duten espezieak ere; Asiako elefantea, adibidez –ziurrenik baita Afrikakoa ere–. Baina, gizakia kenduta, orain artean ez zen “amonaren hipotesia” babesten zuten froga eztabaidaezinak ageri zituen beste animaliarik. Orain artean.

Iaz, urte amaiera aldera, orkekin egindako azterlan bat argitaratu zen; amonek seme-alabak izateari uzteak euren biloben biziraupenean eragin positiboa duela ondorioztatu zuten. Emaitzek, efektu hori baieztatzeaz gain, beste zerbait ere erakusten dute: ondorengoak izaten jarraitzen duten amonek ez dute orka menopausikoen laguntza bera eskaintzen.

Menopausiaosteak gizakietan nahiz orketan luzaz irauten du, eta, espezialisten arabera, horrek bi espezieen bizialdia luzatzea ekar lezake. Urte gehigarri horietan biloben biziraupena handiagoa izanik, soberan konpentsatuta legoke ondorengoak izateari utzi izana, ikuspegi ebolutibotik.

The Conversation