euskaraespañol

Manuel milizianoaren historia

UPV/EHUk San Pedro mendian egin dituen indusketa arkeologikoek Gerra Zibileko material ugari aurkitu dute

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/30

Irudia
Manuel Mogrovejo milizianoaren identifikazio txapa, San Pedro mendian aurkitua. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko talde batek Beratzako -Urduña eta Amurrioko udalerrien artean- San Pedro mendian egin dituen indusketek Gerra Zibileko aztarna berriak utzi dituzte agerian. Horien artean, Mauthausen-Gusen kontzentrazio esparrutik bizirik irten zen Manuel Mogrovejo zenaren identifikazio txapa.

Aurtengo San Pedro mendiko lan arkeologikoak urriaren 15ean hasi ziren. Beren zuzendaria Josu Santamarina Otaola Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea izan da. Indusketek errepublikanoen konplexu gotortu baten barruko lubaki tarte ezberdinetako dokumentazio topografikoan eta arkeologikoan jarri dute beren arreta. Konplexuak zenbait metrailadore habia, tiro zulo, babesleku eta arrokan induskatutako 40 m-ko galeria bat hartzen ditu barne. Indusketa lanetan zehar txapa obalatu bat aurkitu zuen taldeak, lubaki tarteetako batean. Txapak ondoko inskripzioa darama: “MILICIANO MANUEL MOGROBEJO”. Hizkiak metalean ebakita daude eta muturretan zulo bana dago, identifikazioa eramateko soka edo uhal bat lotzeko erabiliak ziurrenik.

Mota horretako txapak oso arruntak izan ziren Euzko Gudarostean. Amerikako Gerra Zibiletik aurrera (1861-1865), gatazka armatuak geroz eta hilgarriagoak eta masiboagoak bilakatu ziren, teknologia eta giza baliabideen erabilerari dagokionez. Gerraren gogortzearen prozesu historiko handi horren barruan, Euskadin bizitako Gerra Zibila erabateko gerraren adibide argia izan zen, suntsitzeko gaitasuna ordura arte ezezaguna zen maila bateraino iritsi baitzen. “Hegazkin italiarrek eta germaniarrek Durangon eta Gernikan egin zituzten bonbardaketak gogora ditzagun, esaterako. Zentzu horretan, berebiziko garrantzia zuen hildako edo zauritutako gudariak identifikatu ahal izatea. Eta, honela, identifikazio plaken sistema bat ezarri zen gerran zehar eta gudari guztiek aipatu plakak derrigorrez eraman behar zituzten, lepotik zintzilik edo eskumuturrean", azaldu du Josu Santamarinak. Azken urteotan, Aranzadi Zientzia Elkarteak plaka horiek dokumentuetan sistematizatzeko lan bat gauzatu du, beren funtzionamendua azalduz.

Nolanahi ere, San Pedron aurkitutako txapa etxean egindakoa dirudi eta Manuel Mogrovejo Arnaiz milizianoaren identifikazioa darama. Artxibo historikotan eginiko lan dokumentalari esker, UPV/EHUko taldeak informazio eta datu gehiago eskuratu ditu bere historiari buruz.

 

Miliziano gaztea

1918ko urriaren 6an jaiotako Zornotzako gazte hau Leandro Carro batailoi komunistako milizianoa zen 1936ko abuzturako, gerra hasieran, 17 urte zituela bakarrik. Jose Luis anaia batailoi horretako gudaria zen ere. Leandro Carro batailoia Bizkaia osoko militante ezkertiarrez osatua zegoen nagusiki eta Nerbioi Garaia inguruan zegoen 1936ko abuztutik. Urduñaren kontra eginiko eraso bati erantzuteko zegoen bertan. 2016ko abenduko hasieran ere Leandro Carro batailoia guduan sartu zen. Orduan, Legutio hartzeko xedearekin errepublikanoek egin zuten erasoaren barruan, frankistek San Pedro eta Txibiarte mendietan zituzten posizioak erasotu zituzten euskal batailoi ezberdinek. Egun batzuk borrokan eman ondoren, Euzko Gudarosteak posizio horiek konkistatu zituen.

Hurrengo hiletan, kuartela Urduñako Aduana eraikinean zuen Leandro Carro batailoiak Araba batailoi jeltzalearekin txandakatu zuen San Pedro mendiaren defentsa, 8-10 egunetik behin. Euskal fronteko sektore hura lasai xamar mantendu zen 1937ko maiatzera arte, noizbehinkako tiro trukatze gutxi batzurekin. Gudari komunistek eta jeltzaleek gotortutako gune berriak eraiki zituzten mendian eta, horretarako, kareharria induskatu behar izan zuten lubakiak eta tiro lekuak kokatzeko.

1937ko maiatza hasieran Leandro Carro batailoia Mungia ingurura bidalia izan zen V. Brigadako beste batailoi batzurekin batera. Une hartan puri-purian ziren borroka latzetan beren babesa eskaintzea zen helburua. Izan ere, udaberri hartan eraso bortitza bota baitzuen Molak Bizkaiaren kontra: dozenaka herri eta hiri suntsitu zituzten bonbardaketak (Durango, Eibar, Gernika, Zornotza, Bilbo, etab.) bezalako jazoera traumatikoak eta Sollube mendikoa bezalako guduak gertatu ziren bere eraso horren barruan. “Orain arte jakin izan dugunez, Manuel Mogrovejo milizianoa bizirik irten zen gertakari horietatik guztietatik, 1937ko uztailean bere sinadura batailoi horretako kideen zerrendan ikus baitaiteke. Bizkaia, ordurako, Francoren mendean zegoen eta Euzko Gudarostea Santanderrerantz zihoan ihesi", adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak.

Iparreko Frontea erori ondoren, Manuel Mogrovejo mugaz beste aldera pasa zen eta 1939ko apirilaren 5ean, Espainiako Gerra ofizialki bukatu eta lau egun beranduago, Gürseko kontzentrazio esparruan sartu zuten. Bertan, errefuxiatu gisa bizi izan zen barrakoi batean. Handik gutxira, 1939ko abenduan, Frantziako Legioko kide zen Mogrovejo eta errefuxiatu eta erbesteratu errepublikanoak artatu eta laguntzeko ardura zuen euskal agintari Julio Jauregiri idatzi zion, bere egoera ekonomiko larria arintzeko babes eske. Eskutitza Euskadiko Artxibo Nagusian aurkitu zen eta Frantziako Mediterraneoan dagoen La Valbonne herrian idatzi zen.

 

Mogrovejo, beraietako bat

Manuel Mogrovejoren bizitza karabilkatsuak, ordea, okerrera egin zuen beste behin, armada germaniarrak Frantzia 1940. urtean hartu zuenean atxilo hartu eta III. Reichak izan zuen gerra gatibuentzako esparrurik handienetako batean sartu baitzuten: Stammlager XVII-B Krems-Gneixendorf delakoan (egungo Austria).

Handik gutxira, deportatu gisa eta Espainiako beste gatibu errepublikano asko bezala, zorigaitzez oso ezagun den Mauthausen-Gusen kontzentrazio esparrura bidali zuten (Austrian ere). 10.000 gatibu inguru igaro ziren esparru hartatik, errepublikanoak horietako asko. Estreinatu berri den ‘El fotógrafo de Mauthausen’ (Mar Targarona, 2018) izeneko filmean ikus daitekeen bezalaxe, gatibuek urdin kolorezko marrak zeramatzan uniformea janzten zuten eta Spanier hitzaren “S” hizkia barruan zuen hiruki urdin batez (aberrigabeen ikurra) identifikatuta zeuden. 2.500 gatibu baino ez ziren bizirik irten nazien Mauthauseneko tormentutik. Baina Estatu Batuetako gudariek 26 urteko Amorebietako bizilagun eta militante komunista hau 1945eko maiatzaren 5ean askatu zuten.

Ikerketa historiko hau abian dago oraindik. Urritasun horien guztien ostean, Manuel Mogrovejoren bizitzari buruz aurkitu dugun azken arrastoak Bartzelonan kokatzen du 1959. urtean. Orduan, eta Estatuko Aldizkari Ofizialaren (BOE) ale baten arabera, Francoren Justizia Zibilak bere izena aipatu zuen: hiri hartan bizi eta maisu artisaua zela adierazi ondoren, 1942. urtean egin omen zuen “eginkizunen usurpazioa eta iruzur saiakera” delitua leporatu zioten baina, dakigun bezala, erabat ezinezkoa da hori 1942n Espainiatik kanpo baitzegoen, Mauthausenen gatibu hain zuzen ere. Azken erreferentzia historiko hori Diktaduraren agintariek Manuelen aurka aplika nahi ei zituzten errepresalien adierazle izan daiteke, apika.

UPV/EHUko ikerketa taldea Manuel Mogrovejoren bi ilobarekin jarri da harremanetan. Argentinan bizi dira biak eta Euskal Prospekzio Taldearen laguntzari esker aurkitu ditu taldeak. Manuelen senitarteko gehiago aurkitzeko esfortzua martxan dago oraindik.

 

Kanpaina honen beste aurkikuntza batzuk

San Pedro mendian egindako hirugarren indusketa arkeologikoek ezohiko aurkikuntza gehiago ekarri ditu. Izan ere, Araba eta Bizkaiaren arteko mugan dagoen euskal inguru honek hobekien kontserbatua egon daitekeen Gerra Zibileko paisaia arkeologikoa gordetzen baitu.

Nabarmendu beharra dago metrailadore habia batera daraman lubaki tarte baten indusketan “San Pedroko Guduko” (1937ko maiatzaren amaiera) material ugari aurkitu dela. Aipatu gudua Bizkaiaren kontrako frankisten kanpainaren azken borroketako bat izan zen eta Kondor Legioko bonbaketari germaniarrek, gerra gurdi italiarrek eta Nafarroako III. Brigadako infanteria porrokatuak jaurtitako eraso itzela suposatu zuen. Euzko Gudarosteko indar errepublikanoek, inguruan bi aste zeramatzan XIII. Euzko Brigadak hain zuzen ere, ezer gutxi egin ahal izan zuen eraso itzel horren aurrean. Erresistentzia oso laburra izan zen guduaren lehen egunean, 1937ko maiatzaren 26an, eta errepublikanoen ihesa etsi-etsia eta izugarria izan zen seguru asko.

Gudu horri loturiko osagai asko aurkitu ditu talde arkeologikoak: kalibre eta jatorri (Txekoslovakia, Frantzia, Polonia, Estatu Batuak, Errusia, Alemania, etab.) ezberdineko dozenaka bala zorro, kartutxera eta tenkatuetako belarriak, goilare eta sardeskak, beirazko botilak, alkandora botoiak, idatzitako paperak (identifikatu gabe) eta antzeko eguneroko objektuak. Eta, bitxiena dena, jaurti gabeko Hotchkiss metrailadorerako munizio (7 mm-ko kalibrea) kutxa oso bat aurkitu du ere. “100 kartutxo oso baino gehiagoz ari gara. Litekeena da munizio hori San Pedro mendiaren defentsan habia horretatik erabilia izateko prest egotea baina frankisten aurrerapenak erabilera hori eragoztea azkenean. Erabili gabeko munizio kutxa oso baten aurkikuntzak ez du ia parekotasunik Gerra Zibilaren arkeologian”, azpimarratu du Santamarinak.

Orain, aurkitutako materialekin egin beharreko lanak UPV/EHUko laborategietan izango du bere jarraipena eta, hemendik gutxira, San Pedro mendian egindako aurkikuntzen inguruko berri gehiago izango ditugu. Inguru horren garrantzia gora doa, pixkanaka-pixkanaka, memoriaren eragin gune gisa, bai eta partekatutako ezaguera gune gisa ere Giza Eskubideei dagokienez.