euskaraespañol

Biztanleriaren % 78ren ziurgabetasuna eta % 46ren ondoez psikologikoa handitu egin dira konfinamenduan

UPV/EHUk ikerketa proiektu bat zuzendu du COVID-19ak eta konfinamenduak Espainiako biztanleengan izan duen ondorio psikologikoak aztertzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/25

Irudia

Biztanleriaren % 78ren ziurgabetasuna eta % 46ren ondoez psikologikoa areagotu egin dira konfinamenduan, COVID-19ak eta konfinamenduak Espainiako biztanleengan izandako ondorio psikologikoak aztertu dituen ikerketa baten arabera. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) zuzendu duen ikerketa proiektu horretan Bartzelonako Unibertsitateko, Murtziako Unibertsitateko, Miguel Hernández Unibertsitateko, Granadako Unibertsitateko eta UNEDeko ikertzaile banak parte hartu du. Ikerketa proiektuak Unibertsitateen Ministerioaren laguntza izan du.

Etxeko konfinamendua gure herrialdean aspaldi luzean aurrekaririk izan ez duen egoera bat da, eta aurreikustekoa da eragin handia izatea herritarren ongizate fisikoan eta psikologikoan. Jarduera ekonomikoa gelditzeak, ikastetxeak ixteak eta herritarrak asteetan konfinatzeak ezohiko egoera bat ekarri du, estresa sortzen duten askotariko estimuluz betea. Pandemia egoerak eta konfinamenduak herritarren ongizate psikologikoaren gainean izan dituen balizko efektuei buruzko datu zehatzak behar ditugu, eta behar horri erantzuten dio ikerketa honek. Datuok erreferentziatzat erabiltzen dira zenbait gomendio proposatzeko; hartara, oro har herritarrek eta, zehazki, talde zaurgarriagoek izan ditzaketen arazo psikologikoei aurre egin ahal izateko.

Ikerketa taldea honako ikerlariek osatzen dute: Juana Gómez Benito, Bartzelonako Unibertsitateko Psikometriaren arloko irakasle katedradunak; José Pedro Espada, Miguel Hernández Unibertsitateko Nortasun, Ebaluazio eta Tratamendu Psikologikoaren arloko irakasle katedradunak; José Luis Padilla, Granadako Unibertsitateko Psikometriaren arloko irakasle katedradunak; Miguel Ángel Santed, UNEDeko Nortasun, Ebaluazio eta Tratamendu Psikologikoaren arloko irakasle titularrak; Arantxa Gorostiaga, UPV/EHUko Portaera Zientzien Metodologiaren arloko irakasle titularrak eta Nekane Balluerka, UPV/EHUko Portaera Zientzien Metodologiaren arloko irakasle katedradunak.

Ikerketak bi azterlan hartzen ditu barnean, eta metodologia kualitatiboa eta kuantitatiboa konbinatzen ditu. Autonomia-erkidego guztietako 18 eta 92 urte arteko 6.829 pertsonak parte hartu dute. Lehen azterlanean, sakoneko elkarrizketa egin zaie 40 pertsonari. Horrek aukera eman du konfinamenduak eragindako kalte psikologikoaren mailari buruzko informazioa lortzeko eta kezka eremuetan sakontzeko, elkarrizketatuen «ahots propiotik» abiatuta. Elkarrizketen narrazioen analisiari esker, intereseko arlo tematikoak identifikatu dira, eta horiek, gero, azterlan kuantitatiboan jorratu dira, galdetegien bidez. Bigarren azterlanean, online galdetegi bat erabili da (aurreko azterlanean oinarrituta diseinatuta). 6.789 parte-hartzaileko lagin bati egin zaio galdeketa, eta, horri esker, Espainiako biztanleriara orokortu daitezkeen ondorioak lortu dira pandemiak eta konfinamenduak maila emozional eta kongnitiboan nahiz jokabide mailan dituen efektu psikologikoei dagokienez.

Galdetutako pertsonen % 46k esan dute handitu egin zaiela ondoez psikologiko orokorra. Ehuneko hori handiagoa da COVID-19a pairatu dutenen, emakumeen eta gazteen artean.

Era berean, ikerketan parte hartu dutenen irrealtasun sentipenak ere areagotzen dira. Zehazki, gizonen % 38k eta emakumeen % 48k esan dute sentipen hori handitu zaiela, % 8 eta % 15 izanik, hurrenez hurren, “handitze handia” izan dutela esan dutenak.

Antsietate/beldur adierazleei dagokienez, hauek nabarmen dira. Batetik, ziurgabetasun handiagoa duten pertsonen ehunekoa (% 78); ehuneko hori handiagoa da COVID-19aren sintomatologia edo diagnostikoa izan dutenen eta lanpostua aldi baterako edo betiko galdu dutenen artean. Bestetik, gaixotasun larri bat (COVID-19a edo beste bat) pairatzeko kezka handiagoa; nabarmen areagotzen da hori 60 urtetik gorakoen artean (% 76). Eta, azkenik, maite ditugun pertsonak galtzeko beldur handiagoa; batik bat COVID-19a pairatu dutenen artean (% 83).

Gainera, nabarmentzekoa da biztanleen % 43k sentimendu depresiboak, ezkorrak edo etsipenekoak izan dituztela. Joera hori handiagoa da COVID-19aren sintomatologia edo diagnostikoa izan dutenen, konfinamendua bakarrik ematen ari direnen, emakumeen, lana galdu dutenen eta gazteenen artean.

Parte-hartzaileen % 44k adierazi dute orain ez direla lehen bezain baikorrak eta ez dutela lehen zuten konfiantza. Eta ehuneko hori handiagoa da lan egoerak txarrera egin dienen, COVID-19aren sintomatologia edo diagnostikoa izan dutenen eta emakumeen kasuan. Herritarren bizitasun eta energia sentimenduek txarrera egin dute; % 49k esan dute hala gertatu zaiela. Beste behin ere, efektu hori handiagoa da emakumeen, gazteen, COVID-19a pairatu dutenen, lan egoera txarrean daudenen eta pandemiak intzidentzia handiagoa izan duen tokietan bizi direnen kasuan.

Oro har, handitu egin dira suminkortasun eta haserre sentimenduak (% 47), eta umore aldaketak (% 45). Gehien handitu dira gazteenen, emakumeen eta COVID-19aren sintomatologia edo diagnostikoa izan dutenen kasuan.

Jokabide aldaketei dagokienez, hauek dira emaitza nabarmenenak: parte-hartzaileen % 40k baino gehiagok esan dute kaloria askoko elikagai gehiago kontsumitzen dutela, eta % 46k diote ariketa fisiko gutxiago egiten dutela. Adinak gora egin ahala, gutxitze hori nabarmenagoa da. Aipagarria da, halaber, sare sozialak gehiago erabiltzen dituzten pertsonen ehuneko handia (% 70), telebista ikusten denbora gehiago ematen dutenena (% 67) eta bideo-jokoak gehiago erabiltzen dituztenena, batik bat gazteen artean (ia % 64).

Ikerketaren emaitzak abiapuntu hartuta, zenbait gomendio orokor egin dira konfinamendu egoerarako eta arazo psikologikoak prebenitzeko, baita zaurgarritasun handiagoko taldeentzako eta osasun mentaleko eta lehen mailako arretako profesionalentzako gomendio espezifikoak ere.