Sendoa Ballesteros Peña

Resusci Anne manikiaren istorio makabro eta erromantikoa

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle elkartua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/27

Sendoa Ballesteros Peña. Argazkia: UPVUEHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Inoiz lehen laguntzako ikastaro batean parte hartu duen edonor konturatuko zen bizkortze maniobrak irakasteko erabiltzen diren manikiak (ia) beti emakumezkoak direla. Gainera, beti dute aurpegi bera. Hori bai, gehienek ez dute jakingo izen bera ere badutela: Anne. Bada, ez da kasualitatea.

2020an 60 urte betetzen dira Resusci Anne manikia ofizialki aurkeztu zutenetik, bihotz-biriketako bizkortzearen teknika irakatsi eta entrenatzeko sortutako emakume baten gorputz enbor gisa aurkeztu ere. Bihotz masajea eta ahotik ahorako aireztapenak uztartzen dituen bihotz-biriketako bizkortzearen teknikak aldaketak izan baditu ere Peter Safar medikuak (James Elam kidearen laguntzarekin) 1958an sortu zuenetik, manikiaren irudia ez da batere aldatu ordutik gaur egunera bitartean.

Are, medikuntzaren arloan nazioartean ezagututako irudi bilakatu dela ere esan daiteke. Ildo horretan, kontuan izan behar da Resusci Anne manikiaren merkaturatzearekin simulazio klinikoan oinarritutako irakaskuntzako paradigma berri bat abiatu zela, ordura arte ezinbestean benetako pazientea baitzen beti abiapuntu (bai bizirik zegoenean bai gorpu gisa ere).

 

Sena ibaiko neska ezezaguna

Behin bihotz-biriketako bizkortzearen teknikaren hasierako deskripzioa argitaratu ostean, Peter Safar doktorea Asmund Laerdal Norvegiako jostailu fabrikatzailearekin harremanetan jarri zen, benetako eskalan zehaztasun handiko panpina bat diseinatzeko asmoz, hau da, sortutako bizkortze maniobra berritzaileak irakasteko eta praktikatzeko baliagarria izango zen panpina bat. Elkarlan horren fruitu gisa jaio zen Resusci Anne. Hala ere, agian zuzenagoa litzateke Sena ibaiko emakume ezezaguna berpiztu zutela esatea...

Izan ere, herritarren artean zabaldutako istorioaren arabera, 1880ko hamarkadaren azken aldera, Pariseko agintariek neska baten gorpua berreskuratu zuten Sena ibaitik. Gorpuaren itxura ikusita, hildakoak ez zituela 16 urte baino gehiago konturatu ziren berehala. Eta gorputzak inolako indarkeria zantzurik ez zuenez, amodio kontuak tarteko bere buruaz beste egin zuela ondorioztatu, eta gorpua udal gorputegira eraman zuten. Garaian ohikoa zen bezala, gorputegiko arduradunak neskaren aurpegiaren maskara bat egin, eta jendaurrean jarri zuten, norbaitek gorpua identifikatu ahal izango zuen esperantzarekin.

Neska ezezagunaren nortasuna inoiz ezagutu ez bazen ere, hildakoaren maskararen aurpegiera harmoniatsuak artista eta bohemioen arreta bereganatu zuen, eta hurrengo urteetan «Sena ibaiko neska ezezagunaren» aurpegiaren erreplika ugari egin ziren, Europako tailer eta etxe askotan dekorazio elementu gisa erabili zirenak. Bada, 1950eko hamarkadaren amaiera aldera Asmund Laerdalek Peter Safarrek enkargatutako manikia egin zuenean, panpinari aurpegia jartzeko bere aitona-amonen etxeko egongela apaintzen zuen maskara erabili zuen. Eta horrela berpiztu zen «Sena ibaiko neska ezezagunaren» irudia eta istorioa.

1960tik aurrera, gainera, Resusci Anne manikia masiboki erabiltzen hasi zen bihotz-biriketako geldialdiari aurre egiteko tratamendua irakasteko. Ordutik, mundu osoko milioika pertsonarentzat itxaropenaren eta biziaren ikono bilakatu da. Izan ere, manikiari esker askok ikasi dute biziak nola salbatu, eta, beste askok, ezagutzoi esker lortu dute heriotza goiztiar batetik ihes egitea.

Baliteke Sena ibaiko neska ezezagunaren istorioa horixe bera izatea, istorio hutsa, baina bereziki erakargarria da bere buruaz beste egin zuen neska gaztea (agian, maiteminak jota egin ere), paradoxikoki, historian «musu» gehien jaso dituen irudia bilakatu izana. Milioika lagunen ezpainek egin dute bat Resusci Anneren ezpainekin. Berari esker berpiztutako milioika bihotzen inguruan ez hitz egitearren, noski...