euskaraespañol

José Ignacio García Plazaola

Udaberri lore goiztiarra, berpizkundearen sekretua gordetzen duen Pirinioetako altxorra

Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Fisiologiako irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/25

Irudia
José Ignacio García Plazaola. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU
Artikulu hau, jatorriz, The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Greziako mitologiaren arabera, Orfeo (Apoloren eta Kalioperen semea) bere maitale Euridize heriotzatik salbatzen saiatu zen. Eta berak azpimundutik ihes egitea lortu bazuen ere, Euridize betiko desagertu zen. Zoritxarrez, Orfeo ere hil egin zen: menadeek hil eta txikitu zuten.

Mitologia klasikoaren eta tradizio berrienaren arteko nahasketa horren ondorioz, diotenez, Orfeoren odol tantetatik landare bat sortu zen, eta landare horrek bere esentziarik puruenaren oroitzapena gorde zuen hil ondoren bizitzara itzultzeko gaitasunean.

Landare hori, gaur egun, “Orfeoren lorea” bezala ezagutzen da (Haberlea rhodopensis), eta Gesneriaceae familian sartzen den Europako bost espezieetako bat da.

Espezie guztiak kontinentearen hegoaldean daude (Greziako, Ipar Mazedoniako[MT1]  eta Bulgariako mendietan), eta, mitologiak azaltzen duenez, itxuraz, hil ondoren berriz bizitzeko gaitasun harrigarria dute.

Landare mota horiei “berpizte landare” esaten zaie. Mundu osoan 300 berpizte landare inguru daude. Espezie gehienak tropikoan eta subtropikoan daude, Europako Gesneriazeak izan ezik.

Landare tropikal bat Pirinioetan galduta

Pirinioetan, bai ipar isurialdean, bai hego isurialdean, zorionez, berpizte landare bakan horietako bat daukagu: udaberri lore goiztiar enblematikoa (Ramonda myconi). Iberiar penintsulan, ezaugarri horiek dituen espezie bakarra da.

Ramonda generoaren izena Louis Ramond de Carbonnières botaniko eta esploratzaile frantsesari zor diogu. Egin zituen ekintza gogoangarri ugariren artean, nabarmendu behar da bera izan zela ofizialki Monte Perdido mendia igo zuen lehen pertsona.

Berpizte landare izateagatik daukaten berezitasunaz gain, R. myconi espezieak eta Europako gainerako Gesneriazeek ezaugarri oso berezi bat daukate: jatorri tropikaleko landareak dira, garai askoz epelago bateko erlikiak dira. Horregatik esaten zaie, teknikoki, “landare paleotropikal”.

Landareen morfologiari eta itxurari erreparatuz gero, berehala ikusiko dugu izaera tropikala, eta erraz erlazionatuko dugu etxe barruko landare apaingarri batekin; bioleta afrikar ezagunarekin, alegia (Saintpaulia generokoa).

Espezie tropikala denez, harrigarria da hain ondo egokitu izana Europako klimara, eta, batik bat, Pirinioetako ingurune gogorrera. Altitude ertaineko kareharrizko sakanetan egon ohi den arren, ia 2.500 metroko altueran ere aurkitu izan da, Ordesako Parke Nazionalaren inguruan.

Hosto urtetsu eta iraunkorrak dituenez, goi mendian hain ondo garatu izanak esan nahi du gai direla tenperatura oso baxuetan bizitzeko, eta hori ezaugarri oso deigarria da espezie paleotropikal baten kasuan.

Duela gutxi egiaztatu genuen bere hostoek zero azpiko tenperaturak jasaten dituztela, baita bere barnean izotza sortzea ere, eta, halere, ez dute kalte atzeraezinik sufritzen.

Berpizte landarea denez eta muturreko hotza nabarmen toleratzen duenez, bai tenperatura baxuei, bai lehortzeari arazorik gabe aurre egiteko gai den landare bakanetako bat da. Zein da, ba, bere sekretua?

Lehortzea, izoztea eta saialdian ez hiltzea

Seguru asko ez dago erantzun bakar bat. Hain justu kontrakoa; ezaugarri multzo bati esker da landarerik erresistenteena.

Intuizioaren kontrakoa dirudien arren, lehortzearen eta izoztearen ondorio biologikoak antzekoak dira funtsean. Horrek nolabait justifikatzen du lehorketara aurrez egokitzeko gaitasuna funtsezkoa izan dela Pirinioetan bizirik irauteko.

Funtsean, landareak, zeluletako lesioak ekiditeko, bere mintzak indartzen ditu, egiturazko eta oxidaziozko kalterik ez izateko. Baina babesa ez da maila zelularrera mugatu behar. Hostoak, deshidratatzen direnean, ongi zehaztutako eta ordenatutako patroi bat jarraituz tolestu behar dira, aterki bat ixtearen antzera.

Horrela, lozorroan eta itxurazko heriotzan, ehunak ezkutuan geratzen dira, eta ez dute kalte konponezinik sufritzen. Beira egoerara ere hel daitezke; egoera horretan, molekulen mugikortasuna oso txikia da. Hala, ehunak ezkutuan gera daitezke, denbora askoan ia kalterik metatu gabe.

Ura berriro eskuragarri dagoenean, prozesu osoa leheneratu, eta hostoek egun gutxiren ostean berreskuratzen dute euren itxurarik mardulena. Une hori, berpizten ari direnean, alegia, unerik delikatuena da. Metabolismoa aktibatzeko hain beharrezkoa den sekuentzian akatsik egonez gero, heriotza eragin diezaioke landareari.

Gaur egun, munduko landareen fisiologiako laborategi onenetako batzuek berpizte landareak dituzte aztergai. Izan ere, bizitzara itzultzeko duten gaitasun ikusgarritik gauza baliagarri asko ikas ditzakegu, nekazaritza jasangarriagoa eta seguruagoa lortzeko eta landare ia suntsiezinak garatzeko.

Harritzekoa bada ere, Salvador Dalík horrelako zerbait pentsatu zuen. 1982an, hilzorian egon zen, deshidratatzen saiatu baitzen. Uste zuen horrela hilezkortasuna lortuko zuela, ikusi baitzuen mikroorganismo lehorrak berriz bizi zitezkeela ur tanta txiki batekin.

Batek daki. Beharbada, Orfeoren odol tantak betiko bizitzaren sekretuak argitzeko baliagarriak izango zaizkigu.

The Conversation