euskaraespañol

Julián Estévez Sanz

COVID-19aren pandemiak robotizazioaren inguruko beldurra berpiztu du

Ingeniaritza Mekanikoko Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/13

Irudia
Julián Estévez Sanz. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

COVID-19aren pandemiak enpleguaren robotizazioa bizkortuko du. Beti defendatu dut zentzugabekeria dela teknologian eta ekonomian epe luzerako iragarpenak planteatzea. Ez dakigu zein gertakari txikik edo handik leherraraziko dituen gure ideiak. Aldi berean, iraganeko joerei erreparatzea komeni da: aldi ekonomiko luzeak kontuan hartzen baditugu, zer eragin izaten ari da robotizazioa?

Aurten, alor horretako aditu handienetako batek, Daron Acemogluk, gaiari buruzko lan bat argitaratu du. Bere azterlanean, ikertzaileek 19 industriatako datuak erabili zituzten eta Ameriketako Estatu Batuetako lan estatistikekin gurutzatu zituzten.

Acemogluren hitzetan, robotizazioak enpleguan «eragin kaltegarriak» izan zituela ikusi zuten.

Hona hemen errealitatea erakusten duten zenbait zenbaki:

1947. eta 1987. urteen artean, robotek gizakien enpleguen % 17 suntsitu zituzten, baina enplegu mota berrien % 19 sortu zituzten. Hala ere, 1987. eta 2016. urteen artean, lanen % 16 suntsitu zituen robotizazioak, baina % 10 soilik sortu.

Orain zenbaki apur bat beldurgarriagoak datoz. Ikertzaileen arabera, robot bat sartzen den lantegi batean, 6,6 langilek egiten dituzten zereginak suntsitzen dira. Hala ere, enpresa horren inguruko lantegietan beste lanpostu batzuk sortzeko joera du robot horrek. Konpentsazio hori kontuan hartzen badugu, ondorioa da Ameriketako Estatu Batuetan 3,3 lanpostu suntsitzen direla robot bakoitzeko.

Ez dago orekarik suntsitutako lanaren eta sortutako aukeren artean. 1960tik 1980ra sortutako enpleguak kualifikazio ertain eta baxuko lanpostuei egin zien mesede; egun, ordea, lanpostu mota horiek suntsitzen ditu, batez ere lehenak. Prestakuntza handiko profesionalentzat eta makina horiek erabiltzen espezializatutako langileentzat sortzen dira aukera berriak.

Oraingoz, roboten % 70 AEBetako ekonomiaren sektore produktiboan daude: automobilgintza, elektronika, plastikoak, industria kimikoa eta metalurgia. Nolanahi ere, beste sektore batzuetan oraindik ibilbide luzea dago, hala nola elikagaigintzan eta ehungintzan. Aipatutako txostenak erakusten duenez, 1993tik 2007ra, Ameriketako Estatu Batuek 1.000 langileko robot bat sartu zuten beren ekonomian; Europak, berriz, 1,6.

Eta zer gertatzen da Europan?

Ikus dezagun Europako epe luzerako robotizazio prozesuari buruz, zehazki Frantziakoari buruz, berriki egin den beste txosten bat, 1994-2015 aldia jasotzen duena.

Ondorioak AEBetako azterlanekoen antzekoak dira: enpresa robotizatuak produktibitatea handitzen ari dira eta irabazi ekonomikoak areagotzen. Hala ere, azterlanetik oso gauza garrantzitsu bat ondorioztatzen da: lantegi bakoitzaren nazioarteko esposizioa funtsezkoa da.

Negozioa nazioartera begira eta kanpoan ikusgai dagoenean, korrelazio positiboa dago honako faktore hauei dagokienez: irabaziak handitzea, kualifikazio handiko enpleguak sortzea (eta kualifikazio txikikoak suntsitzea), kontsumitzaileentzako prezioak murriztea eta produktibitate handiagoa izatea.

Horrenbestez, bi txosten horien arabera ondoriozta daiteke robotizazioa geldiezina dela eta iristen ari dela. Robotizatzea ez da erraza, eta ez da modu linealean gertatzen. Aitzitik, nekez aurreikus daitezkeen bulkada eta leherketa ekonomikoen arabera funtzionatzen du.

Berriz ere robotizazioaren inguruko beldurra sortu da. Pandemiaren garaian lana galdu duten milaka herritarrek ez dute berreskuratuko. Diotenez, ekonomia ziklikoa da, eta krisialdietan enpleguak suntsitzea azken hamarkadetan gertatzen ari den fenomenoa da.

Zenbakietara jotzen badugu, krisi ekonomiko baten ondorengo 12 hilabeteetan suntsitzen dira ohiko zereginetako lanpostuen % 88. Azken 30 urteetan gertatu da hori, eta, ondorioz, merkatua gero eta gehiago polarizatzen ari da: lan merkatuaren U ospetsua sortzen da, non, mutur batean kualifikazio handiko profesionalak baitaude, eta, beste muturrean, kualifikazio baxukoak.

Bi mutur horien artean dauden profesionalak desagertzen doaz.

Zenbait herrialde industrializatutan, arrisku hori duten herritarrak birziklatzeko eta prestatzeko estrategiak abiatu dituzte. Horien artean Suedia, Singapur, Danimarka eta Erresuma Batua nabarmentzen dira, kolektibo horri zuzendutako plan nazionalak ezarri baitituzte.

Panorama ez da etsigarria, baina industria ereduari buruzko hausnarketa eskatzen du, bai eta haren gainean esku hartzea ere. Agian, hamar urte barru, lan munduak ez du egungoaren batere antzik izango. Robotizatzea ez da erraza, baina baliteke epe luzean okerragoa izatea prozesu hori ez gauzatzea.

The Conversation