euskaraespañol

María Puy Portillo Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziako Zientzia Batzordeko kide izendatu dute

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/30

María Puy Portillo Baquedano
María Puy Portillo Baquedano. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

María Puy Portillo Baquedano irakaslea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko katedraduna, Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziako (AESAN) Zientzia Batzordeko kide izendatu dute.

María Puy Portillo UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko Nutrizioa eta Obesitatea ikertaldeko ikertzaile nagusia da, eta CIBEReko Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizioa arloko kidea (CIBER Carlos III.a Osasun Institutuaren mendeko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa da). Puyk UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Nutrizioa eta Bromatologia arloan eta Arabako Campuseko Lucio Lascaray Ikergunean lan egiten du.

Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziaren helburua da elikagaien segurtasunaren mailarik altuena bermatzea, osasun publikoaren oinarrizko alderdi gisa, baita herritarren osasuna sustatzea ere, kontsumitzen dituzten elikagaietan konfiantza osoa izanik eta hautatze gaitasuna izateko informazio egokia jasoz. Horrez gain, osasuna sustatzeko eginkizuna ere badute, nutrizioaren arloan, eta bereziki, obesitatearen prebentzioan. Agentziak Zientzia Batzorde bat dauka, eta hura arduratzen da txosten zientifikoak egiteaz, beren funtzioetarako beharrezko ikerlanen esparrua definitzeaz eta Agentziaren jarduketen esparruan arriskuen ebaluazio jarduerak gauzatzen dituzten aditu taldeen lanak koordinatzeaz.

Zientzia Batzordea 20 kidek osatzen dute, elikagaien segurtasunari lotutako askotariko arloetan gaitasun zientifiko aintzatetsia dutenek. Izan ere, kideak bikaintasunaren eta eskatzen diren eginkizunekiko egokitasunaren arabera hautatzen dira.