euskaraespañol

Euskararen sintaxiaren aldaketa historikoa aztertzeko behar adina testu zahar badago

UPV/EHUko hizkuntzalari Dorota Krajewskak azken bostehun urteetako euskararen sintaxi historikoaren bilakaera aztertu du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/05

Dorota Krajewska
Dorota Krajewska. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Dorota Krajewska UPV/EHUko hizkuntzalariak euskarazko testu zaharrak aztertu ditu, mendeko perpausek historian zer bilakaera izan duten ikusteko. XVI-XIX. mendeetako euskalki guztietako testuak izan ditu aztergai. Euskararen corpusa, edo testu-bilduma, txikia eta nahiko berankorra izan arren, ikertzaileak dio badagoela sintaxi historikoa aztertzeko dokumentazio nahikoa.

Azken urteotan, asko aurreratu da euskararen gramatika historikoaren inguruko ikerketan, hizkuntza nola aldatu den ikertzen duen hizkuntzalaritzaren adarrean. Arlo horretan, Dorota Krajewska poloniar hizkuntzalaria euskararen sintaxi historikoaren inguruko ezagutza areagotzeko lanean ari da, UPV/EHUko Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldean; “euskarazko hainbat egitura konplexuren historia aztertzen ari naiz”, dio ikertzaileak. Izan ere, orain arte, ez da asko ikertu sintaxiaren bilakabide historikoaz eta are gutxiago mendeko perpausen aldaketaz. Haren iritziz, halako ikerketek balio dute “ulertzeko zergatik den gaur egungo euskara den bezalakoa”.

Krajewskaren ikerketaren helburu nagusia izan da egitura konplexu horien erabilera aztertzea testu zaharretan. Horretarako, XVI-XIX. mendeetako euskalki guztietako testuen laginetan bi gai nagusi aztertu ditu: izenaren eta modifikatzaileen arteko hitz-ordena eta mendeko perpausak sortzeko estrategiak. Krajewskak argitu nahi izan du, batetik, “gaur egun izenaren ostean jartzen diren modifikatzaile horiek non, noiz eta zenbat erabili ziren; eta hitz-ordena zaharragoa zein den: modifikatzailea izenaren aurrean duena ala izenaren ostean duena”, eta, bestetik, “nola aldatu den euskararen historian hainbat perpaus erlatibo motaren erabilera”.

Corpus txikia, baina mamitsua

Ikerketa historikoak egiteko, “oso garrantzitsua da testu-lagin adierazgarri bat aukeratzea. Eremu geografiko eta euskalki guztiak kontuan hartzea, neurri batean —dio ikertzaileak—. Izan ere, datu gutxi izatea da arazo garrantzitsuenetako bat: gerta liteke euskalkiren bateko edo garai jakin bateko datuak falta izatea”. Ikertzaileak erantsi du halako corpusak ez daudela denak digitalizatuta eta zentralizatuta, alegia, ez dagoela “corpus digital bat behaketak erraz egiteko”. Testuak hainbat iturritatik eskuratu behar izan ditu, eta bilaketak gehienbat eskuz edo erdi-automatikoki egin. Hain zuzen ere, bi urte inguru eman ditu testuetan adibideak bilatzen.

Alboko hizkuntza indoeuroparrak ikertzen dituztenek baino datu gutxiago dauzkate ikertzaileek euskararen historia aztertzeko, “euskararen corpusa erlatiboki txikia eta nahiko berankorra baita —azaldu du Krajewskak—. Hala ere, nire ikerketak agerian utzi du sintaxi historikoa lantzeko nahiko material badugula. Hizkuntzaren sintaxiaren hainbat alderdi ez dira XVI. mendeaz geroztik aldatu, baina egitura askoren forma eta erabilera ez dira berberak gaur eta duela mende batzuk”. Ikertzaileak dioenez, “munduko beste hizkuntza txiki batzuekin alderatuta, euskara askoz ere gehiago ikertu da, baina badago oraindik zer ikertu. Corpusa txikia izan arren, ez dugu oraindik ongi ezagutzen, eta aukera ematen du ikerketa gehiago egiteko”.

Informazio osagarria

Dorota Krajewskak (1986, Poznan, Polonia) Hizkuntzalaritza ikasi du Adam Mickiewicz Unibertsitatean, Polonian, eta Hizkuntzalaritza masterra egin du UPV/EHUn. Euskararen sintaxi diakronikorantz: egitura konplexuak’ izeneko nazioarteko tesia egin du, euskaraz eta ingelesez, Joseba A. Lakarra UPV/EHUko katedradunaren eta Javier Ormazabal UPV/EHUko irakaslearen zuzendaritzapean. Tesia euskaraz egiteko UPV/EHUko Euskararen Errektoreordetzaren beka jaso zuen, 2012an.