euskaraespañol

Euskal Herriko Unibertsitateak eta San Millán de la Cogolla Fundazioak sendotuko dituzte euren arteko harremanak

Akordioaren lehenengo emaitza 2019ko uztailean egingo den biltzar iberoamerikarra da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/16

Irudia
Nekane Balluerka eta Leonor González Menorca, sinatu ostean. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerka Lasa andreak eta Errioxako Gobernuko Ekonomiaren Garapeneko eta Berrikuntzako kontseilari eta Cileguaren (San Millán de la Cogolla Fundazioak sortutako Gaztelaniaren Ikerketarako Nazioarteko Zentroa) presidente Leonor González Menorca andreak Oinarrizko Lankidetza Hitzarmena sinatu dute gaur prestakuntzaren, ikerketaren, transferentziaren, berrikuntzaren eta ezagutzaren hedapenaren arloetan bi erakundeen arteko harremana bideratzeko eta areagotzeko.

Bi erakundeek 2010ean sinatu zuten oinarrizko lankidetza hitzarmena 2017ko abendura arte egon da indarrean, eta bi ikerketa proiektu bateratu garatu dira horren babesean; lehenengoa, San Millán de la Cogollako Galicano kartularioari buruzkoa, eta bigarrena mundu iberoamerikarreko kontzeptuen historiari buruzkoa (Iberconceptos). Ezarritako lan-esparrua sustatzen jarraitzeko, bi erakundeek beste hitzarmen bat sinatu dute orain. Hitzarmen hau lau urtez egongo da indarrean, eta urtero onartuko du dagokion ikasturte akademikoaren Urteko Plana jarduera zehatzen ezarpena bideratzeko.

Alde horretatik, jada izenpetu da “Iberconceptos. Historia conceptual, constitucionalismo y modernidad en España, en Europa y en el mundo iberoamericano. Una aproximación multidisciplinar" (“Historia kontzeptuala, konstituzionalismoa eta modernitatea Espainian, Europan eta mundu iberoamerikarrean. Diziplina anitzeko hurbilketa”)  proiektuari jarraipena emateko hitzarmen espezifikoa. Proiektu hori berriki birformulatu eta eguneratu da I+G+b Plan Nazionalaren testuinguruan, “Aproximación interdisciplinar a los lenguajes jurídico-políticos de la modernidad euroamericana” (“Diziplinarteko hurbilketa modernitate euroamerikarreko hizkuntza juridiko-politikoetara”) tituluarekin eta UPV/EHUko Javier Fernández Sebastián irakaslearen zuzendaritzapean.

Hitzarmen espezifiko horren babesean, erabaki da 2019ko uztailean nazioarteko biltzar bat egitea “Modernidades euroamericanas: lenguajes, conceptos, metáforas” (“Modernitate euroamerikarrak: hizkuntzak, kontzeptuak, metaforak”) izenburupean. Biltzarrean 25 herrialdetako adituak elkartuko dira, eta saioak UPV/EHUn eta San Millán de la Cogollako monasterioan egingo dira. Aurreikusitako biltzar hori “Iberconceptos” Sarearen barruan dago, eta esan daiteke gure kultura-inguruneko Historiaren eta Gizarte Zientzien arloko ikertzaile sarerik handiena dela.

Nekane Balluerka Lasa UPV/EHUren errektorearen iritziz, “hitzarmen honen bidez sendotu egiten dira lehendik ezarrita zeuden eta jarraipena ez ezik lan esparru berrietara hedatzea ere eskatzen zuten harremanak. Euskadi eta Errioxa geografikoki elkarren ondoan dauden bi lurralde izateaz gainera, ikuspegi kulturaletik ere oso hurbil dauden bi lurralde dira, eta orain elkarlanean jarduteko aukera dugu nazioartean entzutea duten UPV/EHUko ikertaldeen parte-hartzearen bidez".

“Hitzarmen honekin eta barne hartzen dituen proiektuekin”, adierazi du Ekonomiaren Garapeneko eta Berrikuntzako kontseilari eta Cilenguaren presidente Leonor González Menorca andreak, “Errioxak, San Millán de la Cogolla Fundazioaren eta Gaztelaniaren  Ikerketarako Nazioarteko Zentroaren bidez,  behin berriro ere agerian jartzen du filologia-ikerketarekin hartuta duen konpromiso irmoa, bai eta helburu bateratuak partekatzen dituzten beste erakunde batzuekin elkarlanean jardutearen aldeko apustua ere”. Alde horretatik, gogoratu du, “San Millán de la Cogollako artxibo eta ondare funtsek Euskal Herriaren eta Errioxaren iragan komunaren lekuko baliotsuak gordetzen dituzte, eta, bereziki, euskararenak eta gaztelaniarenak, bi herrialdeotan erabili izan baitira historiaren epe luzeetan zehar”.

Oinarrizko lankidetza hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan dira: Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea; Leonor González, Errioxako Gobernuko Ekonomiaren Garapeneko eta Berrikuntzako kontseilaria eta Cilengua – Gaztelaniaren Ikerketarako Nazioarteko Zentroaren presidentea; Ivan Igartua, UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreordea; Almudena Martínez, San Millán de la Cogolla Fundazioaren koordinatzailea; eta, Javier Fernández, UPV/EHUko Pentsamendu Politikoaren Historiako katedraduna.