euskaraespañol

‘HozFontan As Built’ erakusketa UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/30

Irudia

Donostiako UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak ‘HozFontan As Built’ erakusketa hartuko du gaurtik aurrera, aipatu unibertsitate zentroak antolatu duena Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako ordezkaritzarekin elkarlanean MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren baitan. Erakusketa 2021eko urtarrilaren 21era arte izango da zabalik herritarrentzat.

Maketa, plano, testu eta argazkiz osatutako erakusketak Donostiako HozFontan arkitektura estudioaren ibilbidearen errepasoa egiten du, 30 urtetik gorako jardunbidean eraiki dituen 15 proiekturen eskutik. «Eraiki diren proiektuak izanik, proiektuokin zer egitea posible izan zen erakusten du erakusketak, baita, nolabait, unean uneko kezkak ere», azaldu du Pablo de la Hozek.
Erakusketa Angel de la Hoz arkitektoren ibilbideak artikulatzen du, hau da, Cristina Fontánekin batera HozFontan estudioa fundatu zuen gizonaren obrak. Gaur egun, HozFontan estudioa azken urteotako Donostiako arkitekturaren erakusle adierazgarrienetakoa da, eta Angel de la Hoz berak eta Pablo de la Hozek gidatzen dute. Estudioaren arkitektura lan egiteko modu gogoetatsu eta patxadatsu baten isla da, eraikinen sorkuntza prozesuaren fase ezberdinetan ere agerikoa dena. Estudioak etengabe lan eta bizitzeko modu berrietara egokitzeko beharrean jartzen du indarra, euren ingurunean sakonki integratutako eraikinak sortuz, betiere, gainera, ingurumenarekin era arduratsuan jokatuz.

Orain arteko ibilbide oparoan, HozFontan estudioak Donostiako eraikin zinez enblematikoetan utzi du bere aztarna, besteak beste honakoak: UPV/EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskola (egun Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea), Aquariuma, Justizia Epaitegia, Koldo Mitxelena Kulturunea eta Arima Hotela. Azken hori, passivhaus eraikinen premisak jarraituz eraikitako munduko hotelik handiena bilakatu berri da. Eraikinok, klimatizazio artifizial beharrak murriztea bilatzen dute kanpoko energia beharrak txikitzeko; horrek, noski, energia gastua bera ere murrizten du.

Erakusketaren aurkezpen ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Juan José Arrizabalaga, UPV/EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskolako zuzendaria; Juana Otxoa-Errarte, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako ordezkaritzako lehendakaria; Pedro Astigarraga, MUGAK bienaleko komisarioa; eta Cristina Fontán, Angel de la Hoz eta Pablo de la Hoz, HozFontan estudioko kideak.

UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak urtero antolatzen du Euskal Herrian errotuta dagoen eta euskal herritarrengan eragin zuzena duen estudio bati eskainitako erakusketa monografikoa, eta honakoa da sail horren baitan antolatutako hirugarrena. 2017an, Mugak bienalaren lehen edizioarekin bat eginez, Iñiguez eta Ustarroz arkitektoen estudioari eskainitako erakusketa egin zen. 2018an, berriz, Joaquin Montero arkitektoaren estudioaren lanei eskainitako erakusketak hartu zuen lekukoa.