euskaraespañol

UPV/EHUk Etxebizitza Publikoaren erronka berriei erantzungo dieten profesionalak prestatuko ditu

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatuta, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntza du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/10

Irudia
Aurkezpenean parte hartu duten agintarien taldeko irudia. Argazkia:Tere Ormazabal. UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Etxebizitza Publikoaren Kudeaketa eta Diseinua Masterra aurkeztu dute. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatuta, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntza du. Master horren xedea da Babes Publikoko Etxebizitzen erronka berriei erantzungo dieten teknikari kualifikatuak prestatzea: behar sozialak, politikak eta araudia ezagutzetik irtenbide arkitektoniko berriak diseinatzera eta gauzatzera edo lehendik daudenetan esku hartzera. Aurkezpenean honako hauek hartu dute parte: Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak; Patxi Juaristi, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak; Juan José Arrizabalaga, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendariak; eta, Matxalen Acasuso, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren dekanoak.

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, master horren garrantzia azpimarratu du ekitaldian; “ izan ere, etxebizitza publikora berariaz bideratutako lehena da, hau da, behar handiena duten gizarte sektoreetara bideratutakoa". Arriolak adierazi du bizitzeko oinarrizko baldintza dela etxebizitza duina eta egokia izatea, edozein egoeratan. Halaber, gogorarazi du zenbait unetan are garrantzitsuagoa dela. “Oso modu dramatikoan antzeman genuen 2008ko atzeraldi handiarekin, eta berriro egiaztatu ahal izan dugu haren garrantzia Covid-19aren krisialdian. Esperientzia horiek eta etor daitezkeen beste batzuei aurrea hartzeak eraikitzen ari garen etxebizitza eredua berrikustera garamatzate”.

Halaber, Patxi Juaristi, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak master berriaren garrantzia azpimarratu du. "Gure Unibertsitatearentzat garrantzitsua da master horren zati handi bat Bilbon eskaintzea, UPV/EHUren helburua baita, halaber, Bilboren irudia indartzea eta zabaltzea unibertsitate-hiri gisa, eta, bestalde, Bilbo Handiko hiri-eremua esperimentazio-laborategi handia da etxebizitza publikoaren eta hiri-berroneratzearen esparruan".

Juan José Arrizabalagak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendariak, nabarmendu du beharrezkoak dela etxebizitza publikoaren kudeaketan eta diseinuan adituak prestatzea, “aniztasun eta eskaera sozialaren agertoki berriei erantzun jasangarria emango diotenak”. Horrez gain, aipatu du egokia dela irakaskuntza programa hori ematea “bizitzen ari garen ezohiko egoerak eraman gaituen hausnarketarekin bat etorriz”. Era berean, azpimarratu du UPV/EHUko ikertzaileak, administrazioko teknikariak eta etxebizitza publikoaren kudeaketan eta diseinuan adituak diren profesionalak izango direla irakasleak.

Bestalde, Matxalen Acasusok, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekanoak, aipatu du “etxebizitzaren (gertaera arkitektoniko eta aktibo sozial gisa) hausnarketa integrala egiteko beharra agerian uzten duen mugarria dela”. Txalotu egiten du Eusko Jaurlaritzak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eman duten aurrerapausoa, azpimarratu egiten baitu beharrezkoa dela etxebizitzaren erronka errealaren aurrean ezagutza eta sentsibilizazioa izatea, hau da, pertsonen bizimodua hobetzea. “Euskadiko babes publikoko etxebizitzen erabiltzaileek merezi dute administrazio publikoak, akademiak eta profesionalek elkarren ondoan lan egitea, gure lurraldeko egoitza parkea hobetzeko. Lehendik dauden etxebizitzak eguneratu egin behar dira lehenbailehen eta garapen berriek aldendu egin behar dute hedatze estrategietatik. Asko dago ikasteko eta asko ikertzeko. Ezinbestekoa da etxebizitza publikoaren diseinua eta kudeaketa bikainak izatea ahalbidetuko duten inguruneak sortzea. Acasusok espero du master horrek lagundu egingo duela Euskadiko etxebizitzen kalitatearen babesa eta sustapena sendotzen, horixe baita etxebizitza batean benetan zer den garrantzitsua dakiten erabiltzaileek behar dutena.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Etxebizitza Publikoaren Kudeaketa eta Diseinua berezko Masterra Etxebizitza Publikoaren kudeaketaren eta diseinuaren arloan esperientzia duten edo titulua (Zuzenbidea, Ekonomia Zientziak, Zientzia Politikoak, Arkitektura Teknikoa, Ingeniaritza…) atera berri duten profesionalei dago zuzenduta. Graduondoko hori bi aditu ikastarok osatzen dute eta modu independentean egin daitezke: Etxebizitza Publikoaren Politika eta Kudeaketan Aditua ikastaroa eta Etxebizitza Publikoaren Diseinu Aurreratuan Aditua ikastaroa. Adituaren bi tituluak lortutakoan (400 irakaskuntza ordu), masterrarena eskura daiteke, Master Amaierako Lana egin ostean. Lan horri 200 ordu eskaini behar zaizkio. Era berean, praktikak egin ahal izango dira, enpresen eskaintzen arabera. Graduondoko horrek barne hartzen ditu saio telematikoak (% 25) eta aurrez aurreko saioak Bilbon (% 65), Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren egoitzan eta UPV/EHUren Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan (% 10).