euskaraespañol

UPV/EHUk Urrezko Domina eman dio Eusko Ikaskuntzari

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/25

Irudia
Errektoreak Eusko Ikaskuntzako lehendakariari Urrezko Domina eman dio. Argazkia: UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak UPV/EHUren Urrezko Domina eman dio Sociedad de Estudios Vascos-Eusko Ikaskuntzari, 1918an Oñatiko Biltzarren sortu zenetik euskal unibertsitatearen alde egindako lan eskergagatik.

Nekane Balluerkak adierazi duenez, “fundatu zenetik, Eusko Ikaskuntzak lehentasunezkotzat jo zuen euskal unibertsitatea sortzea. Orain, domina emanik, UPV/EHUk aitortu egiten ditu Eusko Ikaskuntzak mende batez egindako lan eta ahaleginak, eta aitortzarekin ez dago iraganean gelditzeko inolako asmorik, aurrera jotzeko gonbidapena egin nahi baita”. Era berean, bi erakundeen arteko harreman estua ere nabarmendu du errektoreak; izan ere, asko dira Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean diharduten Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak.

Urrezko Domina jaso ondoren, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok eskerrak eman ditu sariagatik, eta honako hau azpimarratu du zuzentzen duen erakundearen inguruan: “euskal gizartearen inguruko azterketa egiteko, ikerketa sustatzeko eta ezagutza mobilizatzeko erakundea da Eusko Ikaskuntza, eta sortu den gizartearen oinarrizko premien, egungo problematiken eta etorkizuneko erronken inguruan pentsatzeko eta jarduteko lurraldez gaindiko gune bat eskaintzen du. Horretarako, indar handiak ditu: sozietate-masa zabala eta askotarikoa, lurralde-aniztasuna, administrazio guztien errekonozimendua, toki-mailako sustraitzea, sareko dokumentazio plataformarik handienetako bat eta abar. Administrazio-zatiketak gaindituko dituzten eta gure indar eta ahuleziei ikuspegi global batean oinarrituta erantzungo dieten egitura-faktoreak eta zeharkako elementuak behar dituen herrialde honetan, erakundeak bete beharreko oinarrizko funtzioetako bat Baskoniako erakundeen eta gizarte eragileen artean zubiak eskaintzea eta sinergiak sortzea da oraindik ere”.

Juanjo Alvarez jaunak, UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradun eta Eusko Ikaskuntzaren 2015eko saridunak, egin du laudatioa, eta Eusko Ikaskuntzak 100 urte hauetan egindako ibilbidea goraipatu du. “Beti aritu da lanean apaltasun intelektualak zuzendurik, euskal gizartearentzat proiektu baliagarriak prestatzen, eta orain egitasmo horiek errealitate autonomoak bihurtu eta haien rol sortzailea garatzen dute hainbat arlotan, Zuzenbidean, kulturan, zientzietan eta euskaran, esaterako".

Urrezko Domina, UPV/EHUk 1983an ezarria, da erakunde honek pertsona fisiko edo juridiko, pribatu eta publikoei egindako aitorpenaren adierazpide, akademi jarduera edo emandako zerbitzuengatik hura jasotzeko merezimenduak dituztelarik. Eusko Ikaskuntza zientziaren eta kulturaren arloko erakundea da, eta horrela, harreman estua dauka Euskal Herriko Unibertsitatearekin, eta UPV/EHUko irakasle asko Eusko Ikaskuntzako bazkide dira eta erakundearen gobernu eta kudeaketa organoetako kide, ezagutzaren sareak zabaltzeko lana bultzatuz.

Bada mende bat Eusko Ikaskuntza sortu zenetik, eta bere sorreratik bertatik (1918ko Oñatiko Biltzarra) euskal unibertsitatea aldarrikatu zuen, ikastegiak herrialde guztietan izango zituena zuzendaritza bakarraren gidaritzapean, eta ikerketa eta nazioartera zabaltzea oinarri izango zuena. UPV/EHU hainbat ekimen eta proiekturen fruitu da, baina gure unibertsitate honetan agerikoak dira Eusko Ikaskuntzak sortutako unibertsitate ereduan eta euskal unibertsitatearen alde egindako lan eskergan islatzen diren ezaugarriak. Eusko Ikaskuntzak eta UPV/EHUk, gaur egun, oraindik ere, harreman estua daukate erakundean ari diren irakasleen bidez, bai eta bi erakundeon graduondoko eta ikastaroetarako sinatuta dituzten hitzarmenen bidez ere.

UPV/EHUren Urrezko Domina emateko ekitaldia Donostiako Carlos Santamaría Zentroan izan da, eta erakundeetako eta gizarteko hainbat ordezkari izan dira bertan. Besteak beste, honakoak izan dira partaide: Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria andrea, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza andrea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte andrea, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo andrea, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Andoni Iturbe jauna.

Orotara, orain arte UPV/EHUk 19 erakundei zein pertsona ospetsuei eman die Urrezko Domina: Eduardo Chillida, Ignacio Mª Barriola, Manuel Agud Querol, Pedro Miguel Echenique, Benito Lertxundi, Mikel Laboa y Jexus Maria Artze, hurrenez hurren.