euskaraespañol

UPV/EHUk, MUSIKENEk eta Eresbilek bat egiten dute Euskal Herriko musika ikeketaren emaitzak zabaltzeko

Pablo Sorozábal-i buruzko Mario Lerenaren liburuak eman dio hasiera lankidetzari

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/25

Irudia
Mario Lerena. Argazkia: Musikene

'El teatro musical de Pablo Sorozábal (1897-1988). Música, contexto y significado' liburua aurkeztu da Musikenen, Mario Lerena musikologo eta pianistak idatzia. Lan honek hasiera ematen dio Euskal Herriko musika-ikerlanen emaitzak zabaltzeko UPV/EHU, Musikene eta Eresbil-en arteko lankidetzari. Erakundeen arteko bat-egite honek gure lurraldean musikari euskaldunen inguruko monografikoetan dagoen hutsunea beteko du, haien inguruan egin diren azken ikerketak irakurleen eskura jarriz. Edizioa UPV/EHUren Argitalpen Zerbitzuaren Arte Textos bildumaren barruan egin da.

Pablo Sorozábal konpositore, zuzendari eta enpresa gizona bere belaunaldiko antzerki-musikari nabarmen eta karisma handieneko bezala mantendu da aditu eta zaleen oroimenean. Donostiako Belle Époque  eta gerra arteko Alemania asaldatuaren artean formatua, euskal musikan etorkizun oparoa zuenaren ibilbideak bira azkarra egin zuen Katiuska operetaren estreinaldiarekin (Bartzelona, 1931), eszena errepublikarraren erabateko ikonoa. Une horretatik aurrera egileak bere energia guztia tradizio lirikoa eguneratu eta duintzera zuzendu zuen, ikusle asko eta anitzen gustoko izan arren aisialdi modu berrien konpetentziaren meatxupean baitzegoen. Arlo honetan utzi zigun ondareak bere garaiko genero eta forma dramatiko guztiak hartzen zituen, sainetetik operara; eta praktikan, hispaniar zarzuelaren egitura artistiko eta komertzial aberatsaren azken katebegi kreatiboa da.

Errepertorio hau aztertzean, beraz, oraindik gertu den antzerki, musika eta sentimenduzko iraganaren historiaren atal batera hurbiltzen gara, XX. mende erdialdeko hamarkadetako transformazio bortitzetara ezinbestean moldatzen ari den musikari baten erretratu profesionala eginez. Ikerleari, gainera, entzuleen bihotzera eta arrazoira iristen diren esanahi zehatzak komunikatzeko musikak erabiltzen dituen adierazpen mekanismo konplexuak ulertzen lagunduko duten dokumentu sorta pribilegiatua eskaintzen dio. Liburu hau bi ardatz osagarritan egituratzen da, historikoa eta analitikoa, jatorrizko hogei titulutadun corpusaren diskurtso sonoroaren gako semiotiko eta estetikok argitzeko helburuz, testuinguru eszenikoa edo sortu ziren ingurune kulturala bistatik galdu gabe.

Hermetismo artistikoa haziz zioan garaian, Sorozábal-ek ez zuen zalantzarik izan “musika gizatiarra”-ren bere ideala modu eklektiko eta heterodoxoan garatzeko, bere burua “herriaren Musikari” gisa aldarrikatzeraino. Bere heriotzetik hiru hamarkada joan direnean proposamen hauen arrakasta iraunkorrak egiaztatzen du bere sormenaren talentua, jakituria eta inspirazioaren, eta musikologia objektu modura duen interesa berresten du.

Egilea

Goi Mailako Piano irakasle, Musikaren Historia eta Zientzietan Lizentziatua eta cum laude Doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. El teatro musical de Pablo Sorozábal gaiaren inguruko ikerlana 2018an argitaratu zen eta “Donostiako Orfeoia-UPV/EHU” saria jaso zuen 2016 urtean, bai eta Doktoretza sari berezia ere. Argitalpen akademiko eta dibulgatzaileetan parte hartu du Zarzuelako Teatroa, Operaren Lagunen Bilboko Elkartea, Donostiako Musika Hamabostaldia, Musikologia Espainiar Elkartea, Musika Zientzien Institutu Konplutensea, Eusko Ikaskuntza, Göttingen-go Unibertsitatea, Centro Studi Opera Ominia Luigi Boccherini Boccherini bezalako erakundeen eskutik.