euskaraespañol

Position II proiektuan parte hartuko du UPV/EHUk

Nanobiocel taldea arduratuko da zelulak hidrogeletan formulatzeaz bihotzeko ehuna birsortzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/02

Proiektuan erabiliko diren alginato kapsulen formulazioak, ama zelula mesenkimalak dauzkatenak.
Proiektuan erabiliko diren alginato kapsulen formulazioak, ama zelula mesenkimalak dauzkatenak. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko NanoBioCel taldeak –CIBER BBNko kide– Position II proiektuan parte hartuko du José Luis Pedrazen zuzendaritzapean. Europako H2020 proiektu bat da, industriaren lidergoari lotua. 52 milioi euroko aurrekontu orokorra du eta horietatik 300.000 NanoBioCel taldearentzat izango dira.

Position II proiektuak 48 bazkide ditu eta Philips Electronics Netherland da koordinatzailea. Proiektuaren helburu nagusia da osasunaren eremuko produkzio prozesuak berritzea azken belaunaldiko kateterrak lortzeko. Tratamendu berritzaileak ere hartuko ditu barnean, terapia zelularra, besteak beste. Tratamendu horiek kapsula txikiak gidatzen dituzte –barruan dituzten zelulek efektu birsortzailea dute– kaltetutako bihotzeko guneen errekuperazioa estimulatzeko.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Nanobiocel taldea arduratuko da zelulak hidrogeletan formulatzeaz, maila kardiakoan kateterraren bitartez zelula horiek administratzeko, eta horrela bihotzeko ehuna birsortzeko. Nanbiosis ICTSeko medikamentuen Formulazioko 10. Unitateak parte hartuko du proiektuaren garapenean.

UPV/EHUko Farmazia Fakultatean kokatuta dagoen Unitatea da eta gaituta dago dosifikazio modu klasikoak eta medikamentu bioteknologikoen modu berriak, DNA, RNA eta txertoak diseinatu eta ebaluatzeko, mikro eta nanomedikuntzan oinarritutako metodologia desberdinak baliatuz. Unitatearen berezitasun handienetakoa da metodologia berri hori baliatzen duela, zelulen, peptidoen, proteinen eta, orokorrean, produktu bioteknologikoen mikroenkapsulazioan oinarritzen dena, eta baita gene-terapiarako bektore ez biralen garapenean eta diseinuan ere. Mikro eta nanoenkapsulaziorako ekipo aurreratuenaz hornituta dago.

Hiru urtetan oraingo kateter produkzio zaharkitua berritzea da proiektuaren helburua, kontuan izanik azkeneko hamarkadan ez dela berrikuntzarik izan arlo horretan. Horrek justifikatzen du, ikuspegi enpresarialetik, I+G lerro berrietan inbertitzea. Gainera, plataforma teknologiko irekiak txertatuko ditu miniaturizazioa, elektronikaren integrazioa, hari gabeko komunikazioak eta haien enkapsulazioa areagotzeko. Plataforma teknologiko horiek kateterretan oinarritutako interbentzioak berrituko dituzte, eta aukera emango dute prestazioak hobetzeko eta oraingo produkzio kostuak murrizteko. Gainera, AEBtako enpresek kateter adimendunen garapenean eta produkzioan duten monopolioari azkena ematea du helburu.