UPV/EHUk baimena emango die ikasleei salbuespenezko baldintzetan ikastegietara sartzeko

Baldintzak izango dira gestio atzeraezina, eskaera arrazoitua eta ikastegiaren zuzendaritzaren baimena

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/14

Alarma egoera ezarri zenetik, UPV/EHU etengabe aztertzen ari da osasun alertako egoera, ziurgabetasuna ezaugarri duen egoera aldakor batek eskatzen duen moduan. Apirilaren 27an, errektoreak erabaki bat eman zuen hainbat muga ezarriz ezohiko egoera honetan unibertsitate instalazio eta eraikinetara sartzeko, lehentasuntzat hartuta osasun eta segurtasun arloko baldintza guztiak bermatzea.  Erabaki hori osatzeko, beste erabaki bat hartu du gaur: aukera ematea ikasleei ikastegietara sartzeko, lehen aldiz konfinamendualdian.

Hala, gaurtik aurrera, eskaera arrazoitua eginda, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren ikasleek aukera izango dute UPV/EHUko ikastegietara sartzeko, atzeratu ezin diren eta online egin ezin diren gestio administratiboak egiteko. Kategoria honen barruan sartzen da ebaluazio probak egiteko behar den materiala jasotzea. 

Eskaerak aurkeztuko zaizkio dagokion ikastegiko Zuzendaritzari edo Dekanotzari, eta organo honek izango du erabakitzeko gaitasuna. Behin baimena lortuta, hitzordua eskatuko da, kontuan izanik osasun eta segurtasun arloko prebentzio neurriak. Ikastegietako Zuzendaritzek edo Dekanotzek egunero bidaliko diote Segurtasun arloko zuzendariari ikastegi bakoitzera sartuko diren ikasleen zerrenda. Arau hau aplikatuko da ere Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian eta UPV/EHUren unibertsitate egoitzetan.

Bestetik, erabaki honek baimena ematen die ere irakasle-ikertzaileei eta AZPko langileei laborategietara eta beste instalazio batzuetara sartzeko, dagozkien ikerketa lanak egiteko. Horretarako, Plan Espezifiko bat egin beharko da, bat etorriko dena UPV/EHUren aurrez aurreko jarduerara itzultzeko planarekin. Gainera, baimena ematen zaie ere ikastegietan desinfekzio eta egokitzapen lanak egiten behar dituzten langileei unibertsitateko instalazioetara sartzeko.