euskaraespañol

EHUkulturaren 2019rako programazioa

UPV/EHUk hiru campusetarako kultur apustua aurkeztu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/07

Irudia
Nerea San Martín, Antonio Casado da Rocha, Raúl Montero eta Natxo Rodríguez. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak EHUkulturaren aurtengo programazioa aurkeztu du. Ekitaldian, Natxo Rodríguez Arkautek, UPV/EHUko Kultur Ekintzako zuzendariak, Raúl Montero Giletek, Arabako Campuseko Unibertsitate Proiekzioko zuzendariak, Nere San Martín Albizurik, Bizkaiko Campuseko Unibertsitate Proiekzioko zuzendariak eta Antonio Casado da Rochak, Gipuzkoako Campuseko Unibertsitate Proiekzioko zuzendariak hartu dute parte.

Duela zenbait urtetik, estatuko unibertsitate gehienak, besteak beste UPV/EHU, beren dimentsio kulturalaren gaineko hausnarketa prozesu sakon batean daude murgilduta. Izan ere, gero eta ikusgarriagoa da unibertsitateek garatu beharreko kultur politikak definitzeko, egin beharrekoak eta programa diagnostikatzeko, baliabideak eta eskuragarri dagoen ekipamendua identifikatzeko egiten duten lana.

Alde horretatik, Natxo Rodríguezek EHUkultura programaren aurkezpen orokor bat egin du, Euskal Herriko Unibertsitateak bere kultur ekintza diseinatzeko eta artikulatzeko duen ekimenarena. “Birpentsatu egin behar dugu unibertsitateak zer-nola eragiten duen kulturalki gizartean. Are gehiago, orain, beste agente batzuk, batez ere erakunde publikoak, prozesu horren beraren fase oso aurreratu batean kokatuta daudenean. UPV/EHU ez dago lan hori egitetik salbuetsita. Kontrakoa, alegia. Testuinguru sozial, politiko eta ekonomiko berriarekin bat datorren kultur proiektu berri bateranzko hausnarketak eta aldaketak lehentasunezko ardatza izan behar du gure unibertsitateko ekintza planetan”, esan du.

EHUkultura Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Campusetako Unibertsitate Proiekzioko Zuzendaritzen eta Kultur Ekintzako Zuzendaritzaren bidez antolatzen da, lurralde bakoitzeko hirigintza, kultur eta gizarte berezitasunetara egokituz.

Alde horretatik, eta antolatutako jarduera guztien barruan, nabarmentzekoak dira esZena eta antzeko proiektuak, UPV/EHUko kideek sustatutako jarduera eszenikoak dinamizatu eta proiektatzeko. Baita Indie+Festibal ere: musika alternatiboaren inguruko bi egun, askotan ohiko zirkuituetatik kanpo geratzen direnak; Musiversika, UPV/EHUko autore eta interprete gazteak deskubritzea eta sustatzea bultzatzeko, eta unibertsitateko hainbat estilotako musika jardueraren garrantzia akuilatzeko; Campus Poétique, Donostiako Poesiaren Astearen  programazioaren baitan Alliance Françaiserekin elkarlanean antolatutako jarduera; eta, Cortada, Vitoria-Gasteizko film laburren festibala.

Proiektuan, gainera, gordailu kultural bat sortzea ere aurreikusten da, UPV/EHUren sorkuntza garaikidea artxibatzeko, hari balioa emateko eta zabaltzeko. Lehen pausoa, bideo gordailua izango da (fikziozko film laburrak, animazioa, bideo artea, eta abar). BitaBE izena izango du, eta UPV/EHU beraren hiru deialdiak izango ditu iturri (Hormiga Fest, BitaBE eta Cortada); edonola ere, ez ditu baztertuko artxiboa elikatzeko beste bide batzuk, kalitatezko ekoizpen guztietara iristeko. Bigarren pausoa argitalpen batzuk sortzea izango da (paperean eta digitalean), unibertsitateko komunitateko kideen literatura lan laburrak biltzeko (poesia, kontakizun laburra, eta abar).

 

- Bloga: www.ehu.eus/ehusfera/ehukultura