euskaraespañol

UPV/EHUk Etorkizuna Eraikiz foru programarekin jarraitzeko hitzarmena berritu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/12

Irudia

“Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez, eta gizartearekin elkarlanean, etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzea jarri dugu helburu. Prozesu honetan, ezinbestekoa da gure lurraldeko jakintza guneen ekarpena”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, hitz hauek erabili ditu Aldundiak lurraldeko lau unibertsitaterekin duen hitzarmena berritzeak duen garrantzia azpimarratzeko. Akordio honi esker, UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Tecnunek lanean jarraituko dute Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan, ikerketa, azterketa eta dibulgazio jardueretan.

Unibertsitateek gaur goizean foru Jauregian egin den ekitaldi batetan berritu dute hitzarmena. Bileran egon dira, Foru Aldundia ordezkatzen, Markel Olano diputatu nagusia; Imanol Lasa, foru bozeramailea eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua; Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatua; eta Sebas Zurutuza, Kudeaketa Estrategiako zuzendaria. Unibertsitateen aldetik, Nekane Balluerka errektoreak eta Agustin Erkizia Gipuzkoako errektoreordeak ordezkatu dute UPV/EHU; Deustu Unibertsitatetik, Jose Mª Guibert errektorea eta José Antonio Rodríguez Ranz errektoreordeak hartu dute parte; Mondragon Unibertsitatetik, Vicente Atxa errektorea eta Jon Altuna errektoreordea bertaratu dira; eta, azkenik, Tecnuneko Raul Anton zuzendaria eta José María Sarriegi zuzendariordea ere bileran izan dira.

Akordioak bi urteko iraupena izango du, eta Foru Aldundiak 1,2 milioi euro bideratuko ditu bertara. “Elkarlaneko gobernantza Etorkizuna Eraikiz ekimenaren ezaugarri nagusietakoa da; hau da, egiten duguna, denon artean egiten dugu”, gogoratu du diputatu nagusiak. Horrela, nabarmendu du akordio honi esker, Aldundia eta unibertsitateen bideek bat egiten dutela lurraldearen aldeko lanean, orain arteko egindako lana goraipatuz. Azaldu duenez, jakintza guneen ekarpena funtsezkoa izan da hainbat esperientzia piloturen garapenean, eta elkarlanak honek etorkizunean ere fruituak ematen jarraituko duela azpimarratu du.

UPV/EHUren kasuan, euren lana elektromugikortasuna edota zibersegurtasuna bezalako alorretan gauzatuko da. Horrela, besteak beste, elektromugikortasun eta energia eraginkortasuneko esperimentazio poloan hartuko du parte; zibersegurtasunari buruzko gela bat jarriko du abian bere Informatika Fakultatean; enpresa proiektuak sortu eta bultzatzeko unitatea eratuko du; lurraldearentzako gizarte eredu baten diseinuan eta garapenean lagungarri izan daitezkeen proiektuetan parte hartuko du; eta heziketa dualaren aldeko apostu irmoa egingo du.

Nekane Balluerka errektoreak eskertu egin du Foru Aldundiaren konfiantza. Azaldu duenez, “era aktiboan ari gara parte hartzen Etorkizuna Eraikiz ekimenean, eta akordio berri onek gure konpromisoa indartzen du. 2018rako bederatzi lan lerro finkatzen ditu, osasuna, zibersegutasuna, energia, gizarte inklusioa, herri ekimenak, zahartze osasungarria, enpresen sorkuntza… bezalako esparruetan. Unibertsitate publikoa gara eta, izaera horri jarraiki, euskal gizartearekin kualifikazio handiko konpromisoa dugu, ekimen ezberdinetan gauzatzen dena. Hauen artean dago Gipuzkoaren garapenerako lankidetza estrategikoa”.