euskaraespañol

UPV/EHUk bat egin du Giza Eskubideen Adierazpenaren 70. urteurreneko ospakizunekin

Carlos Santamaria Zentroko Andrestegi aretoak diseinu grafikoaren erakusketa bat hartuko du, 30 eskubideetako bakoitzari bana kartel eskainiz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/16

Irudia

Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiarekin batera, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak bat egiten du 1948an, Parisen, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aldarrikatutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren hirurogeita hamargarren urteurrenaren oroitzapenarekin. Adierazpen hori erreferente etiko bihurtu da, eta horren bitartez, pertsonek, erakunde pribatuek eta erakunde publikoek bat egin beharko lukete askatasuna, berdintasuna, justizia, asiloa, jabetza, lana, atsedena eta hezkuntza bezalako funtsezko alderdien inguruan.

UPV/EHUk hainbat ekimen plazaratu du, urte osoan zehar garatuko direnak. Horien artean, Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria Zentroko Andrestegi aretoan egingo den kartel erakusketa hau, ‘Giza Eskubideei Begira’ izena duena. Erakusketa aurkeztu dute: Agustin Erkizia, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Monika Hernando, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiko Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; Juan Ramon Viles, Donostiako Udalaren Lehendakaritza, Gardentasuna, Giza Baliabideak eta Berrikuntzako zinegotzi delegatua; Jon Mirena Landa, UPV/EHUren Giza Eskubideen eta Botere Publikoen katedrako zuzendaria; Benicio Aguerrea, EIDE-Euskadiko Diseinatzaileen Elkarteko koordinatzailea; Leire Fernández, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea eta erakusketaren komisaria; eta, Eduardo Herrera, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea eta erakusketaren komisaria

‘Giza Eskubideei Begira’ izeneko erakusketa Leire Fernández Iñurritegui eta Eduardo Herrera irakasleek komisariatu dute, EIDE Euskadiko diseinatzaileen elkartearen laguntzaz. Hogeita hamar diseinatzaile profesional bildu dituzte giza eskubideei “begiratzeko” proiektu kolektiboa osatzeko. Hogeita hamar begirada, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak ezartzen dituen hogeita hamar giza eskubideetako bakoitza interpretatu eta karteletan adierazi dituztenak.

Oroitzapenezko lehenengo ekimen honen bitartez, UPV/EHUk konpromiso eta erantzukizun soziala hartzen du bere gain sormeneko ekintza bat diseinu grafikotik zehaztuz, diseinu grafikoa bai eta Arte Ederren Fakultatearen barruan gaur egun irakasten den jakintzaren adarretako bat. “Erakusketa hau gure ingurune hurbilenean dauden diseinatzaileei zuzendutako deontologia profesionalerako dei bat da, haiei giza garapenaren alde duten betekizun sozial aktibista saihestezina adierazteko aukera ematen baitzaie", adierazi dute erakusketaren komisarioek.

Erakusketa apirilaren 16tik maiatzaren 18ra bitartean bisitatu ahal izango da, Carlos Santamaria Zentroko Andrestegi aretoan, Donostian. Irekiera ordutegia 09.00etan hasi eta 20.30etan amaitzen da, etenik gabe, astelehenetik ostirala bitartean eta larunbatetan, 09.00etatik 14.00etara.

Sarrera librea da.