euskaraespañol

UPV/EHUk bat egin du urriaren 8an 5.000 odol emateko erronkarekin

Unibertsitate Osasungarrien Espainiako Sarearen (UOES) egunean, odola eman ahal izango da hiru campusetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/04

Irudia
Medikuntzako ikasleak eta #erronka5mila-ren bolundresak, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan egin zen prestakuntza jardunaldian. Argazkia: Gabriel de Luis. UPV/EHU

Odola ezin da fabrikatu, eta, beraz, odola ematea ekintza altruista da eta ezinbestekoa osasun sistemarako. Asteartean, hilaren 8an, Unibertsitate Osasungarrien Espainiako Sareak bere eguna ospatzen du, eta egun horretarako erronka bat ezarri du honako lelopean: #erronka5mila: 5.000 emaile lortzea egun batean. UPV/EHU sareko kide da, eta erronkarekin bat egitea erabaki du. Hiru campusetan eman ahal izango da odola. Odola emate bakoitza, 3 bizitza gehiago!

Zer da “#erronka5mila”?

Estatu osoan Unibertsitate Osasungarrien Espainiako Sareak martxan jarri duen proiektua da, eta aurtengoa bigarren edizioa dugu. Iazkoan 25 unibertsitatek hartu zuten parte lurralde osoan, eta aurton, 31 izango dira. UPV/EHU iaz eta aurton ere izango da parte hartzaile. Iaz 3.000 lagun joan ziren odola ematera, eta horietako % 29 emaile berriak izan ziren.

Ekimena saritua izan zen: Odol Transfusio eta Zelula Terapiako Estatuko Elkarteak Estatuko ekimenik onenaren saria eman zion Medikuntza Transfuntzionalaren XXX. Biltzarrean (2018).

Txelo Ruiz andreak, Ikasleen arloko errektoreordeak, adierazi du aurtengoan erronkari aurre egitea espero dutela eta, beraz, 5.000 emaile lortzea. Iaz hiru lekutan eman zitekeen odola: Arabako Campusean, Gipuzkoako Campusean eta Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuan; aurton, baina, hilaren 8an, Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarrikon) ere eman ahal izango da.

Zer egin behar da odola emateko?

18 urte beteta izatea eta 65 urte baino gutxiago, 50 kg baino gehiago, osasuntsu egotea eta azkenekoz odola eman zenuenetik gutxien dela 2 hilabete joan izana.  Ez duzu baraurik joan behar; are gehiago: hobe da ondo gosalduta joatea. Hepatitisa izan baduzu umetan (12 urte bete gabe zenituela), kolesterola altu baduzu edo ohi hartzen den botikaren bat hartzen baduzu, berdin dio: odola eman dezakezu.

Hala ere, garrantzitsuena da odola emateko gogoz egotea, eta zintzoa izatea galdetegia betetzean, garrantzitsua da-eta jakiteko odola eman dezakezun edo ez. Edozelan ere, lagin guztiak aztertzen dira laborategian, eta zalantzarik badago odol hori ez da erabiltzen.

Gizonezkoek urtean lau aldiz eman dezakete odola, eta emakumezkoek, hiru aldiz, baina, edozelan ere, bi hilabete gorde behar dira batetik bestera.

Zergatik behar dira boluntarioak?

Odol emaileak lortzeko gunerik onenak ikasguneak dira: unibertsitateak eta bigarren hezkuntzako ikastetxeak (azken urteko ikasleak), ikasleek emaile izateko ibilbide luzea daukate eta.  Iñigo Salavarri Esturo jaunak, Bizkaiko Odol Emaileen Elkartekoak, esan digunez, egun, odol emailearen batez besteko adina 46 urte da; nagusiegiak dio, kontuan izanda 18-65 dela emaile izateko adin tartea. Beraz, haren esanetan, garrantzitsua da boluntario gazteak izatea, UPV/EHUko medikuntza eta erizaintzako ikasleak, adibidez.

Guillermo Tirado UPV/EHUko medikuntzako 3. mailako ikaslea da eta #reto5000 erronkan partaide, eta adierazi du bere ustez ekintza garrantzitsua dela, odol bankuetan odol gutxi dagoelako, eta medikuntzako ikasleak izan beharko liratekeela lehenak ekintzan parte hartzen. Bera eta beste boluntario batzuk datorren asteazkenean Galdakaoko Ospitalera joango dira Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa gidari batekin ikustera.

Lorea Basterrechea, bestalde, UPV/EHUko medikuntzako 2. mailako ikaslea eta #reto5000 ekimenean boluntarioa da eta dio orain odol emaile izateko aukera daukala, baina gerta daitekeela bere bizitzako uneren batean odol transfusioaren premia izatea, eta horregatik komeni dela gaixoaren azalean jartzea laguntza ematea zein garrantzitsua den ulertzeko.

Zer egiten dute emaileen zentroetan?

Odola hiru multzotan banatzen da laborategian: plaketak ‑5-7 eguneko batez besteko bizitza dute‑; hematiak ‑42 eguneko batez besteko bizitza‑; plasma freskoa  ‑3 hilabetean gorde daiteke bere horretan, baina izoztuz gero, urtebetean‑.

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak azaldu digu plaketak onkologiako pazienteentzat direla, hematiak, ebakuntzetarako, eta plasma, farmaziako produktuak egiteko.

Zergatik eman behar dugu odola?

Lehenengo arrazoia da ekintza altruista dela eta beharrezkoa bizitzak salbatzeko.  Salaverrik adierazi du ekintza hau beste batzuei laguntzeko bide dela, eta gerta daitekeela beste inoiz norberak izatea laguntza horren premia. EAEn egunean 450 lagun joaten dira odola ematera eta posible egiten dute osasun sistemak ondo funtzionatzea. Gainera, dio, odol emaile gazteak behar direla, odolaren kalitatea hobea izaten delako eta egungo emaileak gero eta nagusiagoak izanik laster utzi behar izango diotelako emaile izateari.

#erronka5mila UPV/EHUn

UPV/EHUn ondorengo lekuetan hartu ahal izango duzu parte #reto5000 ekimenean:

  • Arabako Campusea: 16:15etik 20:00etara

René Cassin kalea, Farmazia Fakultatearen atzeko aldean

  • Bizkaiko Campusa: 9:00etatik 14:00etara

Bilboko Ingeniaritza Eskola,  I. eraikinaren aurreko aldean

Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (Sarriko), Batzar Gela

Leioa-Erandio eremua, Mikel Laboa plaza

  • Gipuzkoako Campusa: 9:30etik 13:00etara

Ignacio Mª Barriola Zentroa