Euskal Herriko Unibertsitateak eta Adeccok inklusiorako esparru hitzarmen bat sinatu dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/22

Txelo Ruiz eta Montserrat Izaguirre. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Txelo Ruiz Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak eta Montserrat Izaguirre Adecco Fundazioaren Iparraldeko eremuko arduradunak esparru hitzarmen bat sinatu dute, bi erakundeen arteko lankidetza ezartzeko, inklusioaren arloan  ikasleen prestakuntza, sentsibilizazio eta sostengurako ekimenak elkarrekin antolatzeari begira.

Hitzarmenaren bidez, honako ekimenak bideratuko dira, besteak beste: desgaitasuna duten unibertsitateko ikasleentzako laguntzak sortzea; unibertsitateko kideentzako prestakuntza eta sentsibilizazio jarduerak egitea inklusio sozialaren inguruan; UPV/EHUko ikasleek curriculumeko eta curriculumetik kanpoko praktikak egiteko lankidetza; bi erakundeek jardunaldiak, mintegiak eta abar antolatzea edo halakoetan parte hartzea elkarrekin… Ekintza horiek Adecco Fundazioaren #EmpleoParaTodos proiektuan kokatzen dira, zeinaren xedea den enpleguaren bidez gizarteko pertsonarik ahulenen inklusio osoa lortzea.

Txelo Ruiz Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordearen iritziz, hitzarmen hau «lagungarria da UPV/EHUren inklusio estrategiarako, aukera berriak ematen baitizkie desgaitasuna duten ikasleei, bai laguntzak eskaintzen dituelako eta bai bidea errazten duelako kanpoko praktikak egiteko, eta horretarako parada gehiago ematen».

Montserrat Izaguirre Adecco Fundazioaren Iparraldeko eremuko arduradunak uste du «unibertsitateko prestakuntza sustatzea eta erraztea beharrezkoa dela desgaitasuna daukaten pertsonek abiapuntutik daukaten desparekotasuna konpentsatzeko. Badago prestakuntzaren sabai bat, ikasle asko ez direlako unibertsitatera iristen, askotan sostenguak falta zaizkielako heldutasunera heltzean. Ikasleen eta hezitzaileen sentsibilizazioa sostengu horietako bat da, normalizatu egiten duelako desgaitasuna duten ikasleen presentzia, eta horrela oztopoak eta aurreiritziak desegiten dituelako».