euskaraespañol

UPV/EHU ikusgai dago Europeana-n

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/19

Irudia
Liburutegiko zein LDGP-ko ordezkariak. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

UPV/EHUko bibliotekaren (ADDI gordailu instituzionalaren) eta Ondarearen Dokumentazio Geometrikoko Laborategiaren (ondare eraikiaren ikerketarako GPAC ikertaldean dago integratuta) lankidetzak zenbait agiri sortaren edukiak egokitzea lortu du, Europeanaren bidez denen eskura egon daitezen.

Europeana da garapen teknologikoaren eta ondasunak digitalizatzeko borondatearen (lehenbizi, teknikoa; ondoren, politikoa) baturaren ondorioa, eta xede du ondasun horiek kultur baliabide eta baliabide ekonomiko bihurtzea Europako gizartearentzat, oro har.

Aldez haurretik nazioko hainbat bibliotekatan sustatutako ekimenak oinarri hartuta, 2005ean Frantzia, Alemania, Italia, Espainia, Polonia eta Hungariako gobernuburuek, Europako 19 herrialdetako biblioteka nazionalen babesarekin, Europako Biblioteka Birtuala sortzeko eskatu zioten Europar Batasunari. Urte hartako irailean bertan, Europako Batzordeak ‘2010: biblioteka digitalak’ estrategiari ekin zion. Hain zuzen, ekimen horrek hiru ekintza esparru deskribatu zituen: bilduma analogikoak digitalizatzea, lineako sarbidea, eta gordetzea eta biltegiratzea.

Ildo horri jarraikiz, 2008ko azaroan Europeanaren prototipoa kaleratu zen: 4,5 milioi objektu digital bildu zituen, hala biblioteketakoak museoetakoak, ikus-entzunezko artxiboetakoak eta galerietakoak. Horrenbestez, Europako ondasun digitalerako sarbide komuna lortu zen.

2010eko udan, zerbitzu operatibo bihurtu zen Europeana, eta horren babesgarri, 2012ko irailean Europeanaren metadatuak argitaratu ziren Creative Commons CC0 1.0 Universal Public Domain Dedication-i jarraikiz. Gauzak horrela, metadatu horietarako sarbide librea geratu zen, edozein erabileratarako, berrikuntza digitala eta sormena sustatuz.

58 milioi objektu digital baino gehiago Europeanan eskuragarri

Jada 2015eko maiatzean, Europako Batzordeak iragarri zuen Europeana Zerbitzu Digitalen Azpiegitura (DSI) bihurtu zutela. Bada, Europako enpresek eta pertsonek DSI horren onurak lortzen zituztela bermatzeko, helburu ezarri zuten agregazio azpiegitura berritzea, banaketa azpiegitura bultzatzea eta epe luzerako egonkortasun finantzariorantz lan egitea.

Joan den 2017an bilduma guztiak sarbide bakarrean bildu ziren: Europeana Collections izena du, eta 58 milioi objektu digital baino gehiago kontsultatzeko aukera ematen du. Objektuok bost bilduma tematikotan, hogeita hamar erakusketatan eta hamarka galeria hautatutan antolatu dira.

 

Ondarearen Dokumentazio Geometrikoko Laborategia

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Ondarearen Dokumentazio Geometrikoko Laborategiak (LDGP) 25 urtetik gorako ibilbidea egin du, eta denbora-tarte horretan zehaztasunez erregistratu dira era guztietako ezaugarriak dituzten ehunka ondasun, hala nola aztarnategi arkeologikoak eta paleontologikoak, arkitektura elementuak (elizak, gazteluak, jauregiak, monasterioak, zubiak eta abar) eta ondasun higigarriak (besteak beste, eskulturak, erretaulak eta pinturak aipa ditzakegu). Hasiera batetik egin zen ahalegina lortutako emaitzak komunitate zientifikoaren eta gizartearen eskueran jartzeko. Hasiera batean argitalpenak erabili ziren; ondoren, Internet sortu zenean, webguneak eta datu baseak; azken aldian, gordailuak erabili da.

LDGPren jarduera (jatorrian dokumentazio geometrikoa zuen langai) egokitu egin da teknika eta metodologiek urteotan izandako bilakabide biziaren arabera, topografia klasikotik hasita sateliteen bidezko kokatze sistemetaraino; fotogrametria estereoskopikotik konbergentera (dronak bezalako elementu lagungarriak erabilita), gune ezagunetako hodeien neurtze masiborako tresnetaraino, hau da laser eskanerretaraino. Bilakabide teknologikoa bilakabide, helburua beti izan da ondasuna osatzen duten elementuen forma, dimentsioak, ehundura eta banaketa erregistratzea, gerora plano, ortoirudi edo errealitate birtualeko zein areagotuko modelo bihurtzeko.

Azken hamar urteotan, erregistratutako ondasunei buruz dagoen informazio digitala galtzeak dakarren arriskuaz jabetuta, laborategiko lanak lehenetsi egin ditu eginiko lanak gordetzeko eta hedatzeko garapen metodologikoa eta estandarrak ezartzea; areago, aintzat hartuta elementu horiek desagertu edo erabat aldatu direla; beraz, dagokien sasoian jasotako erregistroek erregistratutako elementuek zituzten ondare ezaugarriak hartu dituzte.

ADDI gordailu instituzionalak aukera ematen du informazio zientifikoa gordetzeko

Garatutako teknika horrek guztiz bat egiten du Europeanaren filosofiarekin eta irizpideekin, eta UPV/EHUko bibliotekan funtsezko euskarria aurkitu du; izan ere, ADDI gordailu instituzionalaren bidez, aukera du gure unibertsitateko kideek sortutako informazio zientifikoa gordetzea.

Nolanahi ere den, ADDIn gordetako informazioa Europeanara irits dadin, zenbait betekizun bete behar ditu, hala nola formatu jakin bat duten fitxategiak egituratzea (oro har, irekiak); gainera, informazioaz beraz gain, honako hauen deskripzioari buruzko metainformazioa izan behar dute: edukiak, auditoretzak, erabiltzeko eta erreproduzitzeko eskubideak, kokagunea, etab. Metadatuen lehenengo osotasun maila batek aukera ematen du, informazioa baliabidera gehitzen denean, Hispana agregatzaile nazionalak estekatzeko. Gaur-gaurkoz, gure unibertsitateak 10.000 bat erregistro ditu Hispanan. Bada, nazioarteko betekizun eta estandarrak betetzen diren heinean, Hispana agregatzaile nazionaletik sarbidea lortzen da Europeanara. Gaur egun, Hispanak hiru milioi objektu baino gehiago hornitzen dizkio Europeanari (datuen bolumenari dagokionez, Europeanaren bosgarren agregatzailea da), eta horietatik 383 ADDIkoak dira. Orain, UPV/EHUk ikusgai ditu ADDIn gordetako bi bilduma: unibertsitatearen beraren argitalpenei dagokiena eta 'LDGP-Ondasunen Dokumentazio Proiektuak' izenekoa, hainbat dokumenturen artean esku hartu den proiektuetako memoriak, argazkiak, eredu hirudimentsionalak eta errealitate areagotukoak biltzen dituena. Adierazi behar da bilduma hori aberaste bidean dagoela proiektu berriekin eta existitzen diren proiektuen inguruko datu gehiagorekin. Halaber, metadatu zehatzagoak gehitzen ari dira, bilaketak eta baliabideen kudeaketa kudeatzeko.

Ondarearen Dokumentazio Geometrikoko Laborategiko kideek unibertsitateko kide guztiak animatzen dituzte beren ekoizpen zientifikoko datu garrantzitsuenak (zehazki, etorkizunean berrerabili daitezkeen datuak) Europako gizartearekin parteka ditzaten; halaber, Europako kultura ondarearekin lotutako ikerketa lanen emaitzen informazio digitalaren galera saihesteko bidea eskaini nahi da. Horretarako guztirako, ezinbestekoa izan da bibliotekaren laguntza. Orobat, aipatzekoa da, ikusgarritasunari dagokionez, bueltan jasotakoek luzaz konpentsatuko dutela informazioa estandarretara makurtzeko ahalegina, epe luzeko iraupena eta berrerabilera bermatuko denez gero.