euskaraespañol

UPV/EHUk diziplina espedientea ireki dio maskara barik eskola ematen zuen irakasleari

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/15

Joan den urriaren 1ean Euskal Herriko Unibertsitateak isilpeko informazio espediente bat ireki zuen argitzeko Farmazia Fakultateko Dekanotzak emandako informazio bat, zeinaren arabera irakasle batek maskara barik ematen zuen eskola ikasturtearen hasieratik. Orain, errektorearen erabaki baten bidez, unibertsitateak amaiera eman dio informazio espediente horri.

Bai estatuko eta bai autonomia erkidegoko legeetan, eta haiekin batera, baita UPV/EHUko barne arauetan ere (zehazki, «Irakasle-ikertzaileentzako Prebentzio Dekalogoa» eta «2020-2021 ikasturterako UPV/EHUko zentroen funtzionamendurako neurriak» dokumentuetan), argi eta garbi zehazten zen:  «Maskara erabili behar duzu beti eta modu egokian (…)  unibertsitateko gune guztietan (…), nahiz eta pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko aukera izan» (IRIEn Prebentzio Dekalogoa).

Egindako ikerketek erakutsi dutenez, arau hauste bat egon da, ustez.  Hori dela eta, errektoreak erabaki baten bidez agindua eman du irakasle inplikatuari diziplina espedientea irekitzeko, eta instruktore bat izendatzea espedientea bideratzeko. Prozedura horretan deklarazioa hartuko zaio espedientatutako pertsonari, behar diren frogak egingo dira eta alegazioak egiteko aukera egongo da. Azkenik, errektoreak bere erabakia emango du, eta kasuan kasuko zigorra ezarriko du, hala badagokio.