euskaraespañol

UPV/EHU Europako Moore4medical proiektuan parte hartzen ari da

NanoBiocel taldearen ardatza produktu biofarmazeutikoen liofilizazio prozesua eta horiek gailu mikrofluidikoetan erabiltzea izango da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/19

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko NanoBiocel ikerketa taldea –CIBER BBN eta Nanbiosis AZTBren parte da, U10 Drug Formulation-en bidez eta Farmazia Fakultateko irakasle Jose Luis Pedraz du buru– Europako Moore4medical proiektuan parte hartzen ari da. Horren helburua indartzen ari diren hainbat espezialitate medikotarako gailu elektronikoetan eta mikrofabrikatuetan berrikuntza azkartzea da. Zehazki, NanoBiocel taldearen lanaren ardatza gailu mikrofluidikoetan produktu biofarmazeutikoen liofilizazio prozesua optimizatzea izango da.

Moore4Medical proiektuak, hiru urtekoak, ECSEL (Electronic Components and Systems for European Leadership) elkarte publiko-pribatuaren finantzazioa dauka. Elkarte horrek osagai eta sistema elektronikoen sektorea indartzeko ikerketa eta berrikuntza programa bat kudeatzen du, Europar Batasunak garapen teknologikoaren abangoardian jarraitu dezan. Proiektuaren finantzazio osoa 68 M€-koa da eta horietatik milioi erdia baino gehiago NanoBiocel lanari eman zaio.

Moore4Medical proiektuan 13 herrialdetako 68 kidek parte hartzen dute (enpresa pribatuak, unibertsitateak eta ikerketa erakundeak) eta Herbehereetako Philips multinazionala da burua, elektronikaren eta sistema medikoen eta zerbitzuen berrikuntzaren ataletan.

Gailu mikrofluidikoa

UPV/EHUk, Arrasateko microLIQUID enpresarekin batera, botika liofilizatuak gailu mikrofluidiko batean integratzeko eta berhidratatzeko eta, hala, ondo administratzeko, teknologia garatzen lan egingo du. Botika liofilizatua gailu mikrofluidikoaren barruan sartuko da, teknika zehatz batzuk erabiliz fluidoaren eta botikaren artean interakzio egokia bermatzeko, eta ponparen bidez emango da. Azken helburua honako hau da: botikak bide parenteraletik emateko sistema bat diseinatzea, pazienteentzat askoz ere erosoagoa izatera eta tratamenduen betetze terapeutikoa hobetzera zuzendua.

microLIQUID enpresa bioteknologikoa teknologia mikrofluidikoen sektorean erreferentea da eta modulu mikrofluidikoak diseinatu eta garatzeaz arduratuko da.

‘Botiken atxikidura’ deituriko lan horretan –proiektu osoaren barruan dago–, NanoBioCel taldearekin batera honako kide hauek arituko dira lanean: Irlandako Tyndall institutu nazionala, AbbVie multinazional farmazeutikoa, Alemaniako Fraunhofer Institute, Philipseko zerbitzuen berrikuntzako atala, Alemaniako Gaudlitz GmbH enpresa, polimeroetan espezializatua, Alemaniako Karlsruhe Teknologia Institutua eta Madrilgo HI Iberia enpresa.