euskaraespañol

UPV/EHUk EAEko LH ereduaren azkenaldiko bilakaera biltzen duen lana argitaratu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/06

Irudia
Hilario Murua, Jokin Bildarratz, Agustin Erkizia eta Iñaki Mujika. Argazkia: UPV/EHU

Gaur goizean aurkeztu dute hedabideen aurrean El modelo vasco de Formación Profesional: claves de su reciente evolución liburua (Euskal Herriko Unibertsitatea Argitalpen Zerbitzua, 2020).  Carlos Santamaría zentroan aurkeztu dute, eta honako hauek hartu dute parte aurkezpenean: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzek, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustín Erkiziak, lanaren koordinatzaile Hilario Muruak eta LHko sailburu ohi eta Tnikako zuzendari ohi Iñaki Mujikak.

Aurkeztutako lana Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Lanbide Heziketari buruzko Garaian ikerketa talde finkatuaren proiektu baten parte da, eta 2016an hasi zen Creanovak proposatuta (Ezagutzaren eta Sormenezko Praktikaren Europako Sarea). Hauek izan dira liburuaren egileak: Hilario Murua Cartón (koord.), Jon Altuna Urdin, Paulí Dávila Balsera, Ana Eizagirre Sagradia eta Iñaki Zabaleta Imaz, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko doktoreak guztiak.

“2015eko La Formación Profesional en Euskal Herria: evolución y agentes promotores durante el franquismo lanaren ondorioz sortu zen ideia. Creanovako arduradunek atseginez hartu zuten lan hori eta gure herriko Lanbide Heziketaren historiarekin jarraitzea proposatu zuten, hezkuntza-eredu horretan 1975. urtetik ia gure garaira arte zer gertatu den kontatu ahal izan dezagun”, aipatu du Hilario Muruak.

Lanak sarrera kapitulu bat, 6 kapitulu gehiago eta ondorioak biltzen dituen atal bat ditu, eta horrez gain, lehen eta bigarren mailako iturri ugari ere baditu; 23 pertsonak ere parte hartu dute, zeinek, “eskuzabaltasunez, elkarrizketa egin geniezaien onartu zuten. Elkarrizketatuen profila oso zabala da: sailburu ohiak edo Lanbide Heziketako oraingo sailburuordea, ikastetxeen zuzendariak edo zuzendari ohiak, Hezkuntza Saileko ikuskari ohi bat, patronalaren ordezkariak eta sindikatu gehiengodunen ordezkarienak, besteak beste”.

Liburuaren lehen kapituluan (“La Formación Profesional: antecedentes y rasgos definitorios. De las Escuelas de Artes y Oficios a la LOMCE”) ibilbide historiko laburra egiten da, zeina XIX. mendean Arte eta Lanbide Eskolak sortu zituztenean hasi eta gure garaian amaitzen den. Gainera, ia 200 urte hauetan indarrean jarri diren legegintza-xedapenak ere aztertzen dira bertan.

Bigarren kapituluak (“Dimensión estratégica de la Formación Profesional vasca”) Lanbide Heziketako EAEko Planen sorrera, garapena eta abiaraztea aztertzen ditu.

Hurrengo kapitulua (“La innovación como eje de identidad de la Formación Profesional vasca”) EAEko Lanbide Heziketari eusten dioten lau zutabeetan oinarrituta dago, “eta horiei, metaforikoki, “berrikuntzaren lauburua” esan zaie, hau da, kalitatea, sormena, ekintzailetza eta nazioartekotzea”, azaldu du liburuaren koordinatzaileak.

“Enpresaren eta Lanbide Heziketaren arteko harremanari buruzko kapituluak, izenak berak adierazten duen bezala, EAEko Lanbide Heziketaren eta erkidegoko enpresa sare zabalaren artean historian zehar egon den harreman ona aztertzen du, harreman horri esker baterako lankidetza egon baita Lanbide Heziketako ikastetxeen (publikoak, itunpekoak eta pribatuak) eta EAEko enpresa-ehunaren artean”, gaineratu du.

Bosgarren kapitulua (“Historia y evolución de los Centros Integrados de Formación Profesional de la Comunidad Autónoma del País Vasco: del olvido a la calidad”) Lanbide Heziketako ikastetxe integratuen sorreraren eta prestakuntzaren laburpen txiki bat da. “Erkidegoan une honetan lanean ari diren eredu horretako 174 ikastetxeen historia jasotzeko, beste lan bat beharko litzateke, eta horregatik oinarritu gara ikastetxe integratuetan, horiek eskaintzen dituzten ezaugarriak direla eta”.

Lanaren seigarren eta azken kapituluak (“La Formación Profesional de la Comunidad Autónoma del País Vasco en datos: de los años 70 hasta nuestros días”) zenbakizko datuak biltzen ditu, eta Lanbide Heziketak Euskadin zer-nola funtzionatzen duen islatzen da. EAEko Lanbide Heziketa garatzeko erabilitako hizkuntza-ereduak aztertzen dira bertan, baita lanbide-arloak, emakumeen parte hartzea, eta abar.

Liburua amaitzeko, ondorioak jaso dira atal batean, eta horri esker esan daiteke, Hilario Murua irakaslearen hitzetan, “EAEko Lanbide Heziketak gaur egun aitortza duela estatuan eta nazioartean, eta hori egiazta daiteke lan hau irakurriz”.

Liburu honek badu, gainera, Evolución del modelo vasco de Formación Profesional izenburuko bertsio laburtu bat, eta haren euskarazko itzulpena (Lanbide Heziketako euskal ereduaren bilakaera), baita beste bertsio bat ere ingelesez: Innovation in the basque vocational training model.